Misterioa klasean, euskara erratzean (Nor ote erruduna?)

Egitasmoaren izena : Misterioa klasean, euskara erratzean (Nor ote erruduna?)

Eragilea : Gaumin SL

Telefonoa
676 34 17 51
Kontaktua
Fernando Morillo Grande

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Literatura

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Euskara
Gorputz hezkuntza
Etika
Plastika
Zein balio sustatzen ditu
Talde kooperazioa, talde kohesioa, inklusioa, berdintasuna, genero berdintasuna, komunikazioa, harremanak, emozioekin konektatzea, errespetua, arreta lantzea, iritzi kritikoa.
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
Guztiak
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
Gela bat (20-25 lagun, gutxi gorabehera)
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:

320 euro, BEZa salbuetsita

Jardueraren deskribapena:

(OHARRA: Liburu jakinen bateko pertsonaiak eta giroa izango badira ere testuinguru, ez dago hura irakurri beharrik, istorioa independentea delako. Hala ere, esperientziagatik, ikasleek ondoren oinarri hartu den liburua irakurri nahi izaten dute: albo-fruitu pozgarria, EUSKARA eta IRAKURZALETASUNA ere sustatzeko.)

LABURREAN: misterio bat aurkeztuko zaie ikasleei, ahoz, antzeztuz eta irudiz, euskara “ERRATZEAN” (erraza ez ezik, erratza etxeko konfiantza eta errespetua da… eta sorginaren tresna mitikoa: beraz, konfiantza, errespetua, erraztasuna eta misterioa uztartuko ditugu). 

Ikasleek hainbat proba egin beharko dituzte taldeka misterioa argitzeko.

Azkenik hipotesi bat azaldu beharko dute misterioa azaltzeko.

Ikasleak taldeka antolatuta egongo dira (4-5eko taldeak osatuz). 

AURRETIKO LANA: 

Zenbait kontu adostuko dira irakaslearekin, ikasleen adinaren edo beharren arabera. 

Hasteko, jorratzeko gai nagusi bat aukeratuko da, arazoaren (“misterioaren”) testuingurua planteatzeko. Hemen aukera batzuk (bestelako gai batzuk erantsi litezke, beharra ikusiz gero): 
Euskal zientzia, historia eta kultura (Abbadiaren sekretua).
Antzinako euskal sinesmenak eta mitologia (Garaziko hilketak).
 

Ondoren, girotze-lan apur bat (posible denean, ez baita beharrezkoa): Misterio-giroa areagotzeko, interesgarria litzateke ingurua “eraldatzea”: beharbada argia 
gutxituz, klasea ez den leku ezohikoxeago bat hautatuz (liburutegia, laborategia, biltegiren bat…), 
edo irakasleak egoki ikusiz gero, kandela batzuk piztu daitezke, adibidez. 

JARDUERA BERA: 

Ikasleei arazo-egoera bat planteatuko zaie ahoz, “misterio” gisa eta oso modu narratibo-ludikoan.

Misterio horretan, arazo edo biktima bat izango da (edo batzuk): hildakoa, lapurreta mehatxagarria, norbait desagertua… 

Zenbait susmagarri edo hipotesi aurkeztuko dira berehala, detektibe-jolasa abiatzeko. 

Zenbait zantzu edo pista joango gara ezagutzen (batzuetan entzuten, modu “desberdinetan” irakurtzen, pasarteak antzezten, irudiak arakatzen…), zer gertatu argitzen joateko. 

Erantzuteko zalantzak: nola gertatu da? Nor izan da? 

Arrazoitzeko tresnak eta baliabideak emango zaizkie ikasleei, arrazoitzen (ikertzen) laguntzeko. Adibidez, susmagarrien siluetak erakutsiko dira hasieran, ikasleek izaerez eta usteez hipotesiak osatzeko eta ikusteko zer arriskutsua izan daitekeen bizkorregi epaitzea pertsonak (emozioa bidaide eta pizgarri, pentsamendu bisuala landuko dugu, eta ideiak proposatuko eta konpartituko… euskaraz, noski). Zantzu gehiago ezagutu ahala, aukera desberdinak sortuko dira.

Bozeramale bat izango da talde bakoitzean, taldean adostutako ondorioak gainerako guztioi azalduz joateko (AHOZKOTASUNA eta ADIERAZPENA oso presente izango dira ariketa osoan). 

Zenbait dinamika egingo dira, burua, bihotza eta gorputza desberdin erabiltzen ikasten joateko (INKLUSIOA edo ERRESPETUA lantzeko bide batez). Eta taldeka egingo dene lan, horrek TALDE-KOOPERAZIOA eta KOHESIOA sustatzen laguntzen du. 

Amaieran, talde bakoitzak bere azken hipotesia eskainiko du (aukeren arabera: hitzez, antzeztuz, marraztuz…). Ez da irabazlerik egongo, helburua guztiok elkarrengandik ikastea baita, ondo pasatu bitartean.
 

Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:

Beharrezko baliabideak aski errazak dira: 

  • Proiektorea edo kanoia, irudi edo bideo labur batzuk ikusteko. 
  • Partaide-kopuruari dagokionez, ikasle-gela bat izango da (20-25 ikasle, gutxi gorabehera). 
  • 4-5 ikasleko taldeak osatuko dira, talde bakoitza mahai baten inguruan eseriak. 
  • Ikasle bakoitzak idazteko zerbait eta folio sortatxo bat. 
  • Misterio giroa areagotzeko, eta posible denean, interesgarria litzateke ohikotik kanpoko gelaren batean egitea: liburutegia, laborategia, biltegiren bat… Irakasleak egoki ikusiz gero, kandela batzuk piztu daitezke, adibidez. 
  • Iraupena: 90 minutu inguru.

Gainerako materialaz eragilea arduratuko da. 

Jarduerari buruzko txostena:

 Jardueraren alderdi artistiko-kulturalari buruzko txostena.

Fernando Morillo idazle eta dinamizatzailearen esperientzia luzean oinarritua (20 urtetik gora eskolaz eskola tailerrak eta formazioak eskaintzen), tailerrak hainbat arte-iturri ditu bere baitan: ipuina, kontagintza, sormena, antzerkia, poesia, hitza, literatura, dantza, gorputz adierazpena, irakurketa aktibo eta dinamizatua, marrazkia… 

Eta horiek ardatz eta amu, beste hainbat “zehar”-gai sustatuko ditugu halaber: euskara, mitologia, historia, zientzia, soziologia, psikologia…

Horren osagarri, Fernando Morillo idazle eta dinamizatzaileak zenbait urtez egin du lan Irakurketa Erraza bultzatzen (euskal mundura etorri zen lehen egunetik, bera izan baitzen aitzindaria), eta horrek ederki irakatsi dio nola motibatu eta piztu daitezkeen hainbat zailtasun dituzten gazteak (adibidez, euskara erabiltzeko dituzten lotsei aurre egiteko orduan). 

Jardueraren arlo pedagogikoari buruzko txostena.

Euskararen erabilera bultzatzeko, jolasa eta misterioa baliatuko ditugu amu gisa. Misterio-jolas baten mozorroaren laguntzaz, hainbat gai eta arlo pedagogiko landuko ditu jarduerak, diziplinarteko joskera eginez. 

Euskara eta jolasa errazago lotzea… baina esan gabe, ekinez baizik (ikasle askoren artean euskararekiko dagoen irizpide negatiboegiari buelta ematen laguntzeko).

Helburu pedagogikoak

  • Euskarazko testuak eta ahozko istorio bat egoki ulertzea. 
    • Entzundakoa egoki ulertzea eta haren oinarrizko informazioa interpretatzea eta laburtzea.
  • Ikasleak blokeatzen dituzten desinhibizioak ahultzea. Euskararekin duten arazo handietako bat hartaz hitz egiteko ohiturarik eza da. Desinhibizioa funtsezkoa da koska hori murrizteko. 
    • Eszenak komunikatzen eta antzezten asmatzea. 
    • Zenbait modutan jasotako informazioa interpretatzea eta kideekin alderatzea eta guztien artean talde-mezu bat adostea. Ondoren, mezua osatzea eta adieraztea (kasuan-kasuan ahoz, marraztuz, antzeztuz…).
    • Gorputz adierazpena lantzea. 
  • Pertsonaien karakterizazioa jorratzea. Ezinbestekoa, besteak bizkorregi ez epaitzeko eta haiek errespetatzeko eta desberdina dena baloratzeko. 
  • Arrazoitzeko eta ondorioztatzeko zenbait modu jorratzea (matematika, logika, dedukzioa, intuizioa…). 
  • Informazioa konpartitzea eta taldean lan egitea: kooperatzea. 
    • Jasotako zantzuen arabera, argudioak eta hipotesiak eraikitzea. 
    • Narrazioegituraren lanketa egitea (hasiera, korapiloa, amaiera…).

Landuko diren zehar-konpetentziak: 

  • Hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia. 
  • Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia. 
  • Ekimenerako eta ekiteko espiriturako konpetentzia. 
  • Elkarbizitzarako konpetentzia. 
  • Izaten ikasteko konpetentzia.
Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

Fernando Morillo Grande idazleak 50 liburutik gora argitaratu ditu. Gazte literaturan dihardu bereziki, eta bere lanean esanguratsua da 20 urtez hainbat ikastetxetan garatu duen ibilbidea, gazteen sormena, euskarazaletasuna eta jakin-gosea pizten eta elikatzen ahalegintzen. Eskola-eboluzio horrek erabat markatu du bere obren ekoizpena eta nondik norakoak.

Sariak. Dozenaka sari bereganatu ditu, literaturaren eta zientziaren dibulgazioaren arloetan. 

Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Euskadi Saria Haur eta Gazte Literaturan (2003an irabazle, 2009an finalista eta 2016an hautagai), Eusko Jaurlaritzako literatur-sorkuntzarako bekak (2018 eta 2020), Juul Sarietan batzuk-batzuk (2010/11/12/14/16/17. urteetan), 2011n Gaumin argitaletxea sortu zuen, bestelako liburu eta material batzuk eskaini ahal izateko euskaraz. 

2014an Irakurketa Errazaren munduan sartu, eta hura euskarara ekartzeko apustua egin zuen (edonolako irakurketa-zailtasun dituzten irakurleentzako formatu bikaina da Irakurketa Erraza, eta euskararen esparruan bereziki interesagarria eta garrantzitsua). Lehen egilea izan zen euskaraz formatu horretan idazten eta argitaratzen. 

2017an Sorginetxe istorioak proiektua abiarazi zuen, Interneten istorioak sortzeko bideo formatuan eta euskaraz. 

2018an zehar, Hezkuntzaren sua pizten proiektua abiatu zuen, aurretik jasotako esperientzia eta jarduera guztiak bildu eta osatzeko asmoz, euskal irakurle azteak motibatzen jarraitzeko. 

2019an, Sorginetxe istorioak proiektuari bestelako atal funtsezko bat ere gehitu zion: hezkuntzaren inguruko negatibitateari aurre egiteko asmoz, protagonistei eman nahi die ahotsa, eta haien “izpi positiboak” aldarrikatu. 

2020an ahalegin berezia egin zuen formaziogintzan: bai hainbat ikastaro jasotzen, bai hainbat irakasleri formazioa eskaintzen, 20 urtez hezkuntzan jasotako esperientziaz, ikastetxearen, irakasleen eta ikasleen egoera eta aukerak nola hobetu daitezkeen aztertzeko. 

Hezkuntzaren zidorrak eta aplikazioak izan ditu interesgune nagusia azken urteotan. Besteak beste, 2018an mundu osoko irakasle onena izendatu zenarekin egoteko aukera izan zuen: Andria Zafirakou-rekin (alboan, argazkian). 

Makina bat irakaslek eskainitako irakaspen horien guztien ondorioz, hainbat formazio eskaini ditu azken urteotan, hezkuntza edota irakurketa jorratzen laguntzen ahalegintzeko, sormenaren, emozioaren, erlajazioaren, kontzentrazioaren, ludikotasunaren eta motibazioaren bitartez (ikasle zein irakasleentzat). 

Askotariko metodologiak hartzen ditu bidaide, zahar nahiz berri: idazketa- eta antzezpen-dinamikak, meditazio-jarduerak, adimen anizkoitzak (zentzumenei arreta handiagoa, izadia, gorputza, musika…), Flipped Classroom, ikasketa kooperatiboa, gamifikazioa, entzumen aktiboa, dantza, arte martzialak, denetariko proiektuak…