Atzealdea Gipuzkoako hamar proiektu berrik osatuko dute lehen mundu biraren V. mendeurrena oroitzeko programa ofiziala

Gipuzkoako hamar proiektu berrik osatuko dute lehen mundu biraren V. mendeurrena oroitzeko programa ofiziala

V. mendeurrenaren Espainiako Gobernuko Batzorde Betearazlea Aldundian bildu da, aurten egingo den jarduera sorta onesteko

Gipuzkoako hamar proiektu berrik osatuko dute lehen mundu biraren V. mendeurrena oroitzeko programa ofiziala

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuaren gonbitari erantzunez etorri da Gipuzkoara lehen mundu biraren V. mendeurrenaren Espainiako Gobernuko Batzorde Betearazlea, bosgarren bilera egitera. Bilkuran, Mundubira 500: Elkano Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako hamar proiektu onetsi dira, Batzordeak antolatzen dituen jarduera ofizialen programaren barruan. Programa hori ere bilera berean onetsi da, ekimen eta proiektu partekatuak egiteko eta Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman izana batera oroitzeko xedez.

Topaketan onetsi dute Elkanoren balentria eta irudia mundu osoan sustatzeko nazioarteko estrategia ere. Bilera eta gero, Batzordeko kideek bisita egingo dute Albaolara, San Juan itsasontziaren erreplikaren eraikuntza lanak ezagutzera; arratsaldean, berriz, Euskal Itsas Museoan izango dira.

Elkano Getariako itsasgizon bat izan zen, munduari bira lehen aldiz egin ziona. Itsas espedizioa 1519ko abuztuaren 10ean abiatu zen Sevillako portutik Sanlúcar de Barramedako portura, Fernando Magallaes portugaldarra buru zuela. Han eskuadra hornitzen amaitu eta gero, irailaren 20an abiatu zen espedizioa Ekialdeko Indietara iristeko itsas igarobidea aurkitzeko asmoz. Betiere Gaztelaren itsasoak zeharkatuz, Espezia Uharteetaraino bidea aurkitu nahi zuten, mendebalderako ibilbidea deitzen zioten hori, hain zuzen. Magallaes hil ondoren, espedizioa Elkanoren esku geratu zen, eta hark erabaki zuen itzulera itsaso portugaldarrak zeharkatuz egitea, Afrika inguratuz. Hala, Indiako Ozeanoa zeharkatu, eta Afrika inguratu eta gero, lehen aldiz inguratu zen Lurra: 1522ko irailaren 6an burutu zuen espedizioa, Victoria ontzian abiapuntuko portura, Sanlúcar de Barramedara, iritsi zenean bizirik atera ziren beste 17 itsasgizonekin batera.

Hona hemen Gipuzkoak sustatu dituen eta onetsi diren proiektuak:

'Elkano eta lehenengo mundubira: 500 urte geroago' Udako Ikastaroa

2019ko uztailaren 4an eta 5ean, Donostiako Miramar Jauregian

Lehen mundu birari eskainitako udako ikastaro honen xedea honako hau da: balentria bera ezagutaraztea eta gertakari historikoaren testuingurura hurbiltzea, zehazki, itsas espedizioan parte hartu zuten euskaldunek bizi izan zutenera.

J.S. Elkano Kongresua: Proiektuak, nabigazioak eta finantziazioa, Magallanes-Elkano Espedizioaren testuinguru sozioekonomiko eta politikoa

2020ko urria, Donostia eta Getaria

Espedizioa ahalbidetu zuten Euskal Herriko eta Gaztelako talde finantzarioen azterketan espezializatutako nazioarteko kongresua. Lan saio honetan aztergai izango dira espedizioa ahalbidetu zuen testuinguru politiko eta ekonomikoa, eta Casa de la Especieríak huts egitea ondorio izan zuten helburuak.

Elkanok sorleku izan zuen XVI. Mendeko Gipuzkoako kostaldeko testuinguru historikoari buruzko dokumentazio Curpus digitala

Gipuzkoako Foru Aldundia. Ondare Historiko-Artistikoaren, Artxiboen eta Museoen Zerbitzua.
2019-2020 Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa

Gipuzkoako Deba, Hondarribia, Orio, Mutriku eta Zumaia udalerriekin –eta, hedaduraz, Aia, Zestoa eta Elgoibarrekin– zerikusia duten «Pleitos de la audiencia del Corregimiento en el S. XVI en el ámbito costero de Guipúzcoa» agirien hustuketa (12.350 eskritura inguru). Proiektua osatzeko, notario eskritura horiek digitalizatuko dira.

Juan Sebastián Elkano - Euskal Barrokensemble musika ikuskizun handia

2019ko maiatzetik aurrera

Musikologiako ikerketa xehe bati esker, disko-liburu bat sortu, grabatu eta editatu da: «Lehen mundu bira. JUAN SEBASTIAN ELKANO. Euskal nabigazioaren urrezko aroko kantak eta dantzak», Enrike Solinísek eta Euskal Barrokensemblek haurren eta gazteen Donostiako Orfeoiarekin batera egina. Orain, zuzeneko ikuskizunaren formatuan aurkezten da ikusizko ikuskizun gisa, artista musikarien parte-hartzearekin, kantu koralaz eta dantzaz lagunduta. Lehen mundu biraren historiari eta geografiari lotutako berrogeita hamar piezako errepertorio bat eskainiko dute.

Lehen mundu bira Elkanorekin banda

 Lehen mundu biraren itsas ibilbidea osatu zuten herrien ondare ez materialaren (musika eta dantza) balioa nabarmentzen duen musika sorkuntza. Narrazioz, musika koralez, antzerkiz eta ikus-entzunezko proiekzioz osatutako pieza, ikus-entzule mota guztiei zuzendua, soinu bidaia bat egin dezaten espazioan eta denboran, Errenteriako Musika Bandaren eta Donostiako Orfeoiaren eskutik. (Lehen zatia: Elkanoren eta lehen mundu biraren garaitik gaur egun artekoa. Bigarren zatia: Munduko herrien musika eta folklorea).

Lehen mundu biraren Lur Globoen Instalazioa

2019ko abuztua-iraila / 2022ko iraila 

Lehen mundu bira irudikatuko duten lur globoak sortuko dira, kanpoko espazioetara egokitutako materialekin (portuetan, plazetan, pasealekuetan jartzeko). 


Elkanoren garaipena, euskal ekarpena lehen mundu birari

2019ko iraila - 2020ko ekaina Euskal Itsas Museoan

Erakusketa hau Donostiako Euskal Itsas Museoan egingo da, portuan bertan. Euskal Herriak garai hartako itsas ekonomian izan zuen papera erakutsiko da bertan, Elkano protagonista izan zuen gertakari historikoa ahalbidetu zuen heinean. Nazioartean batetik bestera ibiltzeko bokazioa duen erakusketa da.

Podcast seriea

Maiatza-abendua

Podcast formatua erabiliko da nazioarteko dimentsioa emateko eta historia zabaltzeko tresna gisa.

Getaria - Sevilla, hausnarketarako itsas bidaia

2019ko irailaren 14an, Getaria - Sevilla

Itsasoak eta nabigazioak hausnarketarako abagune aproposa eskaintzen dute, eta, premisa hori abiapuntutzat hartuta, itsas ibilbide bat prestatu da Getariatik Sevillara, itsasoarekin lotutako lau gairen inguruan hausnartzeko. Astebeteko lau etapatan egingo da bidaia, eta horietako bakoitzean tripulazioa aldatuko da; taldean hausnartzeko eta ikertzeko zeregina izango du eskifaiak. Itsas bidaia horren emaitza izango dira etapa bakoitzari lotutako lau mikrodokumental, bidaia osoaren dokumental bat eta tripulatzaileen hausnarketak eta ekarpenak jasoko dituen emaitza bat.

National Geographic, kolaborazioa

2019ko urria - 2020ko lehenengo seihilekoa

Euskal Herria Proiektu honen xedea da historia jendarteratzea, objektibotasun eta zehaztasun historikoa bermatuz. Horretarako, hiru argitalpen aurkeztu dira, funtsean logika berberari jarraikiz: - 20 orrialdeko artikulu bat argitaratzea, urrian. / - 29 orrialdeko artikulu bat argitaratzea, azaroan. / - Monografiko bat National Geographic Historia aldizkarian, mundu biraz eta Elkanoz.