Atzealdea Ekain kobaren aurkikuntzaren 50. urteurrena ospatzeko, programazio zabala aurten

Ekain kobaren aurkikuntzaren 50. urteurrena ospatzeko, programazio zabala aurten

1969ko ekainaren 8an bi gaztek aurkitu zuten, labar-margo ikusgarriz beteta. Ekain Fundazioak, Aranzadik eta Ekainberrik hainbat ekitaldi antolatu dituzte urteurrena ospatzeko.

Ekain kobaren aurkikuntzaren 50. urteurrena ospatzeko, programazio zabala aurten

Ekainberri, bere barnean Ekain kobazuloaren eta bere margoen erreplika zehatza duen azpiegitura kultural bat da. Gipuzkoako Zestoako herrian dagoen Sastarrain bailaran dago, kobazulo originaletik oso gertu. Sastarrain orain dela 14.500-10.000 urteko Ekaingo artista paleolitikoen ingurune naturala zen.

1969ko ekainaren 8an Azpeitiko Andoni Albizuri eta Rafael Rezabalek Ekain kobazuloa eta bere Madelein aroko labar-margo ikaragarriak aurkitu zituzten. Kobazuloan, gutxi gorabehera, 70 animalia-irudi daude; 64 margotuak eta 6 grabatuak. Zaldia da gehien ageri den irudia. Zaldi-multzoa arte franko-kantabriarraren irudirik eder eta aberatsenetakoa da. Hartzak, oreinak, kapridoak... ere ikus daitezke Ekainen.

2008ko uztailaren 7an UNESCOk ospatutako konferentzian, Ekain kobazuloko margoak Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zituzten, Erlaitz Kantabriarreko labar-artearen beste 14 santutegirekin batera; Altxerri eta Santimamiñe, besteak beste. Euskal Herrian dugun bakarrenetakoa, gizarteratu da. Munduan lau erreplika besterik ez daude eta Ekain horietako bat da. Horri esker, koba originala oso ondo kontserbatuta dago. 

50. urteurreneko ekitaldiak 

Ekain aurkitu zela 50 urte beteko dira ekainean, eta ospakizunak urte osoan zehar luzatuko dira. 2018an ospatu zen Ekainberriren 10. urteurrenean egin bezala, 2019an ere logotipoari 50. urteurrenaren adierazle den gehigarri bat erantsiko zaio. Jarraian zehazten dira Ekain Fundazioak 2019an antolatzea aurrikusi dituen ekitaldiak:

  • Zestoako herrigunean ikusgai egongo diren banderolak jartzea. Errepidetik, espaloitik… ikusi ahal izango dira kobazuloaren sakonean dauden margoak. Honekin, Zestoa ospakizunetara batuko da.
  • Otsailaren 10an, Ekainberrik, Kobaz Koba Trail mendi lasterketako antolakuntzan parte hartu zuen.
  • Euskal kostaldeko Museoen hilabetea. Martxoan ospatzen den ekitaldi honetan, Euskal kostaldeko museo eta zentro desberdinak batzen dira. Ekainberrik antolatuta, Danbolinzulo koba bisitatzeko aukera eskainiko da. Koba hau ere publikoari itxita dago bertako margoak kontserbatu daitezen eta horregatik aukera aparta eta bisita berezia izango da honakoa.
  • Martxoaren 24an, Lurpea Euskal Herriko Kobazuloen elkartearekin, X. Koben Eguna ospatuko da Ekainberrin.
  • Ekainberri Ice Age Europe historiaurreko museo sarearen kide da eta martxoaren 14tik 16ra Altamiran (Cantabria), eta urriaren 6tik 9ra Belgikako Préhistomuseumen bilduko da gainontzeko kideekin.
  • Nazioarteko Museoen Eguna ospatuko da maiatzean eta Ekainberrik programazio berezia aurkeztuko du egun honetarako.
  • Ekainean, uda garaiaren hasierarekin batera, Ekainberriko pareko zelaian bere historiaurreko kanpalekua inauguratuko du. Orain arte oreinak eta zaldiak izan dituen zelaia berpiztu eta historiaurreko garaietara bidaiatuko du.
  • Ekainaren 7a ospakizun egun handia izango da, ekitaldi nagusia. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera Donostiako Victoria Eugenia antzokian tipologia anitzeko ekitaldi bat dago aurreikusita: dokumentala, musika, dantza, hitzaldi pilulak eta omenaldia egongo dira. Bertan bilduko dira Ekain eta Ekainberri orain ezagutzen ditugun bezala ezagutzeko lan egin duten pertsonaia nagusiak. Urteurreneko ekitaldi nagusien barruan liburu baten aurkezpena eta publikazioa programatu dira. Lau hizkuntzatara itzuliko da eta salgai egongo da. Urteurreneko ekitaldi nagusiekin jarraituz, arte erakusketa ibiltari bat egongo da.
  • Ekainaren 8an, Ekain koba deskubritu zen egun berean, Ekainberrin jarduerak. Aukeren artean, UNESCOren plaka bat ezartzea aipatzen da. Ekainean, Ekainberrik Nazioarteko Koben Egunarekin bat egingo du aurtengoan ere.
  • Ekainean (data zehazteke) X. Ekainfest jaialdia. Sua nola egiten zuten, ehiza egiteko teknikak, orduko janzkera eta artea bertatik bertara ikusteko parada izango da, eta, nola ez, urtero ospatzen diren Historiaurreko Olinpiadak ere izango dira.
  • Uztailean, Ekainberrin Ekain Gizateriaren Ondare izendatua izan zeneko hamaikagarren urteurrena ere ospatuko da. 
  • Irailaren 11a Ekainberriko urtebetetze eguna izango da. Egun honetarako programazio berezi bat aurkeztuko da eta sorpresaz beteriko eguna izango da.
  • Urrian, eta urtero egin den moduan, Ekainberrik Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat egingo du.
  • Azaroan, Gizateriaren Ondarearen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du, kategoria honetan sartu zela 11 urte egiten dira.