Atzealdea Euskal 'influencer' batzuk bat egin dute #Geure ekimenarekin, Gipuzkoako gazteak berdintasunaren alde mobilizatzeko

Euskal 'influencer' batzuk bat egin dute #Geure ekimenarekin, Gipuzkoako gazteak berdintasunaren alde mobilizatzeko

Zortzi pertsonaia ezagunek berdintasunarekin lotutako galderak luzatuko dituzte beren Instagram kontuetatik, Gipuzkoako 14 eta 18 urte bitarteko gazteak gaiaz mintzatzea bultzatzeko helburuarekin.

Euskal

“Kuadrillako neskak beldur dira etxera itzultzean, zeren…”, “Ikusi badut lagun bat pasatu egin dela neska batekin, nik…”, eta “Mutilek zartadaka konpontzen dute dena; guk, aldiz,...”... gisa honetako galderak luzatuko dituzte zortzi euskal influencer ezagunek beren sare sozialetan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo, Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuak gaur abiatutako #Geure izeneko ekimenaren baitan kokatzen da kanpaina hau, berdintasunari buruzko elkarrizketa sustatzeko Gipuzkoan bizi diren 14 eta 18 urte bitarteko gazteen artean.

Realeko Asier Illarramendi futbolaria, Izaro kantaria, Twin Meldody ahizpak, Aritz Aranburu surflaria, Nerea Alias aurkezlea, Miren Arrieta aktorea, eta Oihan Vega DJa izango dira pertsonaia ezagunak. Influencer horiek, ondorengo bi aste hauetan, galderak botako dituzte Instagrameko beren kontu pertsonaletatik, beren jarraitzaileei berdintasunarekin zerikusia duten kontuak planteatzeko asmoz.

Instagrameko beren kontuetatik, eta, #Geure etiketa erabiliz –datuen monitorizazioa ahalbidetzeko–, gaurtik aurrera, eta otsailaren 22ra arte, influencer bakoitzak, bideoen bitartez, bere jarraitzaileei eskatuko die galdera jakin batzuei erantzuteko edo esaldiak bukatzeko, hausnarketarako hautatu diren gaiei buruz.

Kultura eta Gazteriako diputatu Denis Itxasoren hitzetan, bi helburu ditu ekimenak: “Alde batetik, jakin nahi dugu zer iritzi duten Gipuzkoako gazteek interesatzen zaizkigun eta ikaragarri kezkatzen gaituzten gaiei buruz, hala nola tratu ona, errespetua eta estereotipoak; beste alde batetik, aintzakotzat hartu nahi dugu badagoela erreferenterik genero berdintasun eta aniztasun balioak dituenik, Gipuzkoako gazteei eredugarritzat eskaintzeko merezi duenik.”

Zozketa parte hartzaileen artean

Egindako galderei erantzunez parte hartzen dutenak ekitaldi baterako 200 sarrera bikoitzen zozketan sartuko dira: martxoaren 9an izango da ekitaldia, 18:00etatik 19:30era, Kursaalen, Donostian. Ekitaldi horrek, zeinean parte hartuko baitute kanpainari atxiki zaizkion aurpegi gehienek, aukera emango du gazteekin partekatzeko entzute prozesutik ateratako gakoak, eta baliagarria izango da, baita ere, mezu hau indartzeko: berdintasuna da belaunaldi gazteenek aurre egin behar dieten erronkarik handienetako bat.

Interesgarrientzat edo iradokitzaileentzat jotako zortzi komentarioek backstage-ko esperientzia batez gozatuko dute, #Geure ekimeneko protagonisten konpainian.