Atzealdea

Jaizkibel V cromlecharen egitura berezia aurkitu dute

Jaizkibel V cromlecharen egitura berezia aurkitu dute

Jaizkibel V izeneko cromlecha Brontze Aroan hilobi gisa erabiltzen zuten (duela 2000 – 3000 urte).

-ren irudia Jaizkibel V cromlecharen egitura berezia aurkitu dute

Aranzadiko arkeologoek urteak daramatzate gure lurraldean monumentu megalitikoak bilatzen eta finkatzen.

Oraingoan, Jaizkibel V ikertuta, hasiera batean aurrez ikusitakoa baino egitura konplexuagoa topatu ahal izan da; izan ere, arkeologoek arkitektonikoki berezia den monumentua azaleratu dute. Manu Ceberiok, indusketaren zuzendariak, honela deskribatu du: “harrien zirkulu perfektua da, handixeagoak diren bi harri bereizten dira, forma bereziak dituzte eta aurrez aurre jarrita daude, IE-HM orientazioarekin”.

Cromlechak edo harrizko zirkuluak historiaurreko hilobiak dira, pertsona baten errausketatik ateratako hondakinak jasotzeko. Harrizko zirkulu hau eraiki zuten pertsonek Brontze Aroan egin zuten (duela 2000 – 3000 urte). Monumentu megalitiko honen erdigunean kamera txiki bat eraiki zuten eta bertan jartzen zituzten erraustutako pertsonaren errautsak. Normalean pertsona bakoitzarentzat monumentu bat egiten zuten eta Jaizkibel Ven inguruan horrelako egitura gehiago daude, oraindik induskatu gabe.

Egitura honen lan arkeologikoa pieza finkatuta amaituko litzateke. “Gaur egun monumentu hauek horizontalean ikusten dira, harriak erori egin baitira denboraren poderioz, baina lauzen jatorrizko posizioa bertikalean izango litzateke. Cromlech hauen helburua, hilobi gisa erabiltzeaz gain, bizi ziren lurraldea markatzea ere bazen”, azaldu du arkeologoak.

Brontze Aroko populazioak sedentarioak ziren. Normalean abeltzaintzatik eta nekazaritzatik bizi ziren eta egitura sozial oso definituak zituzten haien populazioetan.