Atzealdea K bulegoaren laugarren saio irekiaren kronika

K bulegoaren laugarren saio irekiaren kronika

"Publikoak ardatz" hausnarketarako saioak publikoak erdigunean, protagonista aktibo gisa, jartzearen garrantzian egin zuen azpimarra.

K bulegoaren laugarren saio irekiaren kronika

2021eko uztailaren 2an K bulegoak saio irekia antolatu zuen, online ezinbestean, kultura alorrean publikoen gainean hausnartzeko xedez. Irene Intxaustik —Teklak Komunikazio eta Audientzien Estudioko sortzailekidea— gidatu zuen Publikoak ardatz izeneko saioan 20 lagunek bat egin zuten, Gipuzkoako kultur alorreko hainbat elkarte eta erakundetan lanean dihardutenak.

Hausnarketarako saioak publikoak erdigunean, protagonista aktibo gisa, jartzearen garrantzian egin zuen azpimarra. Publikoak erdigunean jartzeak esan nahi du jardueraren ardatza direla, hau da, gure proiektu, programa eta ekintzen norabidea zehazten duen iparrorratza. Hautu horrek bultzatzen gaitu gure estrategia eta baliabideak gure eragin-eremuko eragileekin harremanak izatera eta haiekin lan egitera; horrela lortuko baitugu elkar ezinbesteko aliatutzat hartzea.

Saioan publikoei buruzko esparru teorikora hurbiltzeaz gain, elkarrekin hausnartu genuen zer arazo eta aukera ditugun publikoak erdigunean jartzeko.

Izarra da erakundea, publikoaren inguruan biraka
Saioa lekutan hasi genuen: izarrei so eta haien hotsei entzunez, zehazki pulsar edo neutroi-izarren seinaleen frekuentzien soinu-bandak liluratuta, RadioAstron proiektuarena, hain zuzen.

Pulsar izarren metaforari helduta, erakundea izartzat hartzen du Teklak-ek eta publikoak ardaztzat, horien inguruan bira egiten baitute. Izarren eremu magnetikoa erakundearen eragin eremua izango litzateke. Publikoak berak gure erakundea/proiektua hunkitzen eta ukitzen du, horretan du eragina eta isla, izarrek gurean bezala. Eskuarki, polemikoa, sentikorra, kritikoa… izaten da, jarduera bera zein erabakiak balditzatzen dituelako.

Publikoak erdigunean jartzea, hau da, gure jarduera publikoaren inguruan ardaztea eta eraikitzea, publikoetan oinarritzea, hautu kritikoa da.

Publikoak: zer, zeintzuk eta nola
Zentzu zabalean ulertu behar ditugula publikoak narbarmendu zen, profil askotariko publikoak ditugulako, norbanakoak zein interes-taldeak. Teklak-ek hiru multzotan sailkatzea proposatzen du: espezifikoak, testuingurukoak eta orokorra. 

Iturria: Teklak


Ondoren hiru adibide mahaigaineratu ziren: arte eszenikoetako gune eta proiektu bat, jolasari lotutako jaialdi bat eta kultur sektoreko elkarte bat. Hauen helburu estrategikoetara hurbildu ondoren, horien bidez lehentasunezko publikoak identifikatzen nola has daitezkeen aztertu zen.


Bestalde, publikoak erdigunean jartzeak hiru helburu orokor dakar:

Saioaren kronika osoa irakurtzeko jaitsi fitxategia.