Atzealdea Dozena bat kontzertu, Kursaal Eszenaren 20. urteurreneko programaziorako

Dozena bat kontzertu, Kursaal Eszenaren 20. urteurreneko programaziorako

Azaroaren 28an, Kursaalek bere 20. urteurreneko gala ospatuko du, besteak beste Euskadiko Orkestra, Lucía Lacarra dantzaria eta Izaro, Mikel Erentxun eta Eñaut Elorrieta abeslarien parte-hartzearekin.

Dozena bat kontzertu, Kursaal Eszenaren 20. urteurreneko programaziorako

Kursaal Eszenak hamabi hitzordu dakartza Kursaalaren 20.urteurrenarekin bat egiten duen denboraldi berrirako. Aipatu urtemuga azaroaren 28an ospatuko da, hain zuzen, Kursaal 20 urte Gala ekitaldiarekin. Emankizun berezi honetan eraikineko urteko jarduera bildu eta ordezkatzen duten hainbat artista arituko dira, besteak beste, Euskadiko Orkestra Juan José Ocón zuzendariaren gidaritzapean eta Orfeoi Gazte-rekin batera; Lucía Lacarra dantzaria; Elena Sancho Pereg sopranoa, eta Izaro, Mikel Erentxun eta Eñaut Elorrieta abeslariak.

Denboraldiko lehen hitzordua urriaren 19an izango da, haurrentzako apropos atondutako Musika Familian programazioko ikuskizun batekin. Bukatu berriz, 2020ko urtarrilean bukatuko da, Javier Camarena abeslari liriko entzutetsuaren errezitaldiarekin (urtarrilak 23), eta Madrilgo Los Secretos talde mitikoaren kontzertuarekin (urtarrilak 31).

Musika Klasikoa

Musika klasikoko esparruak urriaren 27an urratuko du bidea, proposamen berezi batekin: Geneva Camerata, David Greilsammer-en zuzendaritzapean, Juan Kruz Díaz de Garaio koreografo eta dantzariarekin batera ariko da, guztiz berritzailea eta hipnotikoa den kontzertu/ikuskizuna gorpuzteko: taula gainean 30 musikari inguru euren instrumentuak jotzen eta batera zein bestera mugitzen.

Hamburgoko NDR Philharmonie orkestrak eskainiko du hurrengo kontzertua, azaroaren 12an. Duela bi urte Musika Hamabostaldian arrakasta itzela lortu zuen formazioa Leonidas Kavakos Greziako biolinista karismatikoarekin ariko da, oraingo honetan, Bartoken biolinerako 2. kontzertua interpretatzeko. Bruckner-en sinfonia ezagunenetako batek osatuko du programa, 7. sinfoniak.

Martha Argerich pianoaren dama handia izango da Kursaalera heltzen hurrengoa (azaroak 23), herrialde baltikoetako musikari gazteek osatzen duten Kremerata Baltica ganbera orkestrarekin batera. Concerto Köln ganbera taldeak, ostera, Mayumi Hirasaki kontzertino japoniar ezagunaren gidaritzapean, barroko garaiko konpositore garrantzisuenen obrak interpretatuko ditu: Vivaldi, Telemann eta Corelli-ren sormen lanak, besteak beste (abenduak 14).

Nazioartean ezaguna eta txalotua den Javier Camarena abeslari lirikoaren errezitaldiarekin bukatuko da Kursaal Eszenaren denboraldi berriko musika klasikoko egitaraua (2020ko urtarrilak 23). 2016an, Kursaal Auditoriora egindako lehen bisitaldian, publikoaren onespena jaso zuen tenor mexikar ezagunak, Ángel Rodriguez pianoan lagun duela esakiniko du oraingoan errezitaldia.

Bestelako musika emankizunak

Bestelako musiken atalari dagokionez, Kubako musikaren ezinbesteko izenetako bat etorriko da denboraldi honetan Kursaalera, Omara Portuondo. “Omara es Cuba – El Último Beso” bere azken bira handiarekin dator. Eszenatokian, eta beste hainbat musikariren artean, Roberto Fonseca pianista birtuosoa izango du lagun (urriak 30).

Kubako izarrari Vetusta Morla taldeak hartuko dio lekukoa. Azaroaren 2an itzuliko da Kursaalera, estudioan grabatutako “Mismo sitio, distinto lugar” bosgarren diskoarekin.

Era berean, Kursaal Eszenaren denboraldi berrian izango da Ludovico Einaudi pianista (azaroak 4). Kontzertu honetarako sarrera gehienak maiatzean agortu ziren, salmenta abian jarritakoan. Zinemarako egin dituen konposizioengatik ere ezagun den Einaudik bere azken proiektua aurkeztuko du: “Seven Days Walking”.

Atal honi bukaera emango dion taldea Los Secretos izango da, urtarrilaren 31n. Espainiako pop-rock musikaren historiako talde garrantzitsuenetako bat da, baita klasiko bihurtu diren hainbat kanturen egile ere: “Déjame”, “Sobre un vidrio mojado”, “Quiero beber hasta perder el control” eta “Pero a tu lado” abestienak besteak beste. Hamalaugarren lana aurkeztuko du boskoteak: “Mi Paraíso”.

Musika Familian

Haurrentzako apropos atondutako programazioak, bi ikuskizun ezberdin hartuko ditu: “Aske!” Musikala, non Aske Fundazioak sexu aniztasunaren gaia eszenaratzen duen endredozko komedia musikal batekin (urriak 19).

Azaroaren 30ean, berriz, etxeko txikienek “Route 6.6” ikuskizunarekin gozatzeko aukera izango dute. Istorio honetako protagonistek osaba zenaren gitarra elektrikoa jaso dute oinordetzan, zeinak alde batetik bestera bidaiatu baitzuen instrumentu harekin. Gitarraren harietako bakoitzak gordetzen duen esperientzia biziberrituko dute istorioko lagunek, hala leku berrietara bidaiatuz, musika ona entzun eta ipuin ederrak ezagutuz: 6 hari, 6 ipuin.

Egitarau berri honek uztailean bukatu zen denboraldia osatzen du. 2019ko lehen zazpi hilabeteetan hamabi kontzertu eskaini zituen programazio hark, eta 20.828 pertsona hartu zituzten ikuskizunek orotara.

Hurrengo denboraldiko kontzertuen aurrerapena

Aipatu hamabi kontzertuez gain, Kursaal Eszenaren 2020ko denboraldiko hitzorduetako biren sarreren salmenta ere abian jarriko da.

Opera izango da horietako bat: Opus Lirica konpainiak Mozarten “Don Giovanni” ezaguna eszenaratuko du, otsailaren 21ean eta 22an. Gaurtik eskuragarri dira halaber Amaral taldeak martxoaren 12an emango duen kontzerturako sarrerak; “Salto al color” disko berria aurkeztuko dute.

Kursaal Eskura, Gipuzkoako herriak Kursaalera gerturatzeko

Kursaal Eszenak, denboraldi honetan ere, aurrera egingo du Kursaal Eskura proposamenarekin; Donostiatik urrutien dauden gipuzkoar udalerrietatik datozen zaleei Kursaalera etortzea errazteko asmoz.

Antzuola, Arrasate, Bergara, Elgoibar, Getaria, Ezkio, Itsaso, Legazpi, Urretxu, Oñati, Tolosa, Zarautz, Zumaia, Zumarraga eta Irungo entzuleek izan dute jadanik ekimenaz gozatzeko aukera, Kursaal Eszenak antolatutako kontzertuetan, eta laster beste udalerri batzuek ere proiektu honetan parte hartzea espero da.

Kursaal Eskura 2014. urtean sortu zen, Kursaal Eszenaren eta Gipuzkoako zenbait udalen elkarlanaren bidez. Doako autobus-zerbitzu bat jartzen du zaleen esku, udalerri horietatik abiatzen dena, eta, Kursaaleko kontzertua/ikuskaria amaitzen denean, jatorrizko abiapuntuetara itzultzen dena.

Abonuak eta sarrerak

Abonuen eta sarreren salmenta gaur hasiko da, irailak 9, 12:00etan, Kursaleko leihatilan (astelehenetik ostiralera 11:30etik 13:30era; ostegun eta ostiraletan baita 17:00etatik 20:00etara; larunbatetan 17:00etatik 20:00etara) edota Kursaaleko webgunean (www.kursaal.eus). Helbide hau dela sarrerak online erosteko baimenduta dagoen kanal bakarra.

Musika klasikoko abonua erosteko azken epea urriaren 27a izango da. 5 kontzertutarako abonua da (Geneva Camerata, NDR Elbphilharmonie Orchestra, Kremerata Baltica & Martha Argerich, Concerto Köln, Javier Camarena). Sarrera arrunten aldean, abonua erosteak prezioaren %20a aurreztea dakar, baita bestelako abantailak ere.

Aurten, Kursaalaren 20. urteurrena baliatuta, Hastapen abonua ere jarri du abian Kursaal Eszenak, musika klasikoko 3 kontzertuk osatua (NDR Elbphilharmonie, Concerto Köln, Javier Camarena). Abonu hau orkestra sinfoniko baten handitasuna, musika barrokoaren gailurra eta egungo panorama lirikoko kantari nabarmenenetako bat zuzen-zuzenean ezagutu nahi dutenentzat bereziki prestatuta dago. Sarrera arrunten aldean, Hastapen abonua erosteak prezioaren %15a aurreztea dakar. Kursaal Eszenako abonatu berriek eskuratu ahal izango dute soilik abonu berezi hau, azaroaren 12ra arte.