Atzealdea Musika urbanoaren ordezkari nagusiak bilduko dira IX. Donostia Festibalean

Musika urbanoaren ordezkari nagusiak bilduko dira IX. Donostia Festibalean

32 artista bilduko dira guztira Donostia Hipodromoko 4 agertokietan, eta bisitarien marka gainditzea aurreikusi du antolakuntzak.

Musika urbanoaren ordezkari nagusiak bilduko dira IX. Donostia Festibalean

Donostia Festibalak gaur egungo musika urbanoaren ordezkari nagusiak bilduko ditu irailaren 13an eta 14an Donostia Hipodromoan. Aurtengoa jaialdiaren bederatzigarren edizioa izango da, eta berriz ere bisitarien errekorra gaindituko dela uste da, 18.000 pertsonatik gora espero direlako, eta, horrenbestez, Donostia Festibala udako jaialdien egutegiko ezinbesteko hitzorduetako bat dela berrets daiteke.

Jendearen harrera ona eta bertaratu daitekeen pertsona kopuruaren aurreikuspena direla eta, antolatzaileek esparruaren azalera handitu dute; hala, Donostia Hipodromoko 24.000 m2 erabiliko dira aurten jaialdirako. Jaialdia 18:00etan hasiko da bi egunetan, eta bertako 4 agertokietan 32 artista bilduko dira guztira, bertaratuei soinu urbano onenez gozatzeko aukera emateko.

Keler agertokian artista hauek izango ditugu, besteak beste: Natos y Waor, haien historia guztiz pertsonalekin eta lirika kaletarrarekin gozatzeko aukera emango digutenak (joaten diren lekura joaten direla ere, sarrerak agortzen dira haien kontzertuetan); Beret, azken boladan gero eta arrakasta handiagoa lortzen ari den eta milaka zale erakartzen dituen artista; La Pegatina, aldarrikapenaren eta festaren erakusle nagusi den eta jendetza erakarri ohi duen taldea; Mala Rodríguez, hip hop nazionaleko emakume errespetatuena; edo Gatibu, euskal rockaren talde enblematikoa.

Donostia agertokian, berriz, honako hauek bilduko dira beste batzuen artean: Carlos Sadness, poesia, gitarrak, indie, folk eta salmenta ikaragarriak izan dituen haren diskoa lagun dituela; Ms Nina lotsagabea, ahalduntzea eta festa aldarrikatzen dituena erritmo latinoekin; Carolina Durante, letra ironikoak eta punk jarrera ezaugarri dituen taldea, ‘Cayetano’ abesti arrakastatsuaren sortzailea; Ayax y Prok bikiak, hip hop munduko ezustekoetako bat, gaur gaurko gai sozialak hizpide dituzten abestiekin; Tote King sevillarra, azken diskoagatik Grammy sarietarako izendapen bat lortu zuena eta raparen maisutzat jotzen dena; Bad Gyal, dancehall estiloaren ikurretako bat; edo Maikel Delacalle, norbere burua gainditzearen adibide on bat, arrakastarako bide gisa R&B, trap-a eta beste genero urbano batzuk erabiltzen dituena.

Bigarren urtez jarraian, Donostian erreferentzia diren Bukowski eta Dabadaba aretoak jaialdiko parte izango dira eta agertoki propioa izango dute; bertan, Bukowskik aukeratutako egitaraua izango dugu ostiralean, eta Dabadabak proposaturikoa larunbatean. Fnac agertokian, berriz, etorkizun handiko bi banda arituko dira, donostiarrak biak ere, Gipuzkoako Aldundiaren Katapulta Tour programaren eskutik: Ro eta Espagueti.

Jaialdiaren bi egunetan Estatu osoko musikazaleak bilduko dira Donostia Hipodromoan, baina bereziki Madril, Bilbo, Bartzelona, Valentzia, Iruñea, Zaragoza eta, noski, Donostiakoak espero dira. Adinari dagokionez, 18 urtetik 44ra bitarteko zaleak espero dira (batez ere zale gazteak). Jaialdia familientzat ere erakargarria izan daitekeenez eta kontzertuetako asko egunez izango direnez (18:00etatik aurrera), antolatzaileek doan utziko diete sartzen 11 urtetik beherakoei, heldu batek lagunduta; gainera, sarbide berezi bat egongo da familientzat.

Berritasun gisa, Mercadabadilloren laguntza izango dugu aurten Donostia Festibala Marketen. Hala, bertako sortzaileen eta merkatarien eskaintza zaindu eta zabal bat izango dugu, gaur egungo nahiz vintage estiloko arroparekin eta osagarriekin. Eskaintza gastronomiko zabala ere bermatuta dago, zazpi foodtruck egongo baitira; barazkijaleentzako aukerak ere egongo dira. Azpimarratzekoa da ere jaialdiko artistetako batzuk ezagutzeko aukera egongo dela; horretarako, sare sozialetan jada martxan dauden lehiaketetan parte hartu behar da.

Eraso matxisten kontrako sentsibilizazio kanpaina


Eraso eta jarrera sexistek ez dute lekurik Donostia Festibalean. Donostiako Udalak eta jaialdiak eraso sexisten kontrako sentsibilizazio kanpaina bat jarriko dute martxan; hala, informazio gune bat egongo da, ostiralean eta larunbatean 18:00etatik 03:00etara, eta, bertan, emakumezko hezitzaileen talde batek baliabideen eta egon daitezkeen egoeren berri emango du eta neska zein mutilentzako kitak, eraso sexista bat jasan edo ikusiz gero gomendatzen den jarduketa protokoloa, eta ‘Sí no hay sí ¡es no! Baietzik gabe ezetza da!’ leloa daramaten eskumuturrekoak eta txapak banatuko ditu. Mezu horiek jaialdiko hainbat gunetan ere ikusiko dira, eta bertako langileek jarduketa protokoloari buruzko informazioa jasoko dute. Gainera, antolatzaileek txapak banatuko dituzte artisten kamerinoetan eta haiek jartzeko gonbita egingo diete, jarrera sexisten kontra daudela adierazteko.

Garraio publikoa erabiltzeko deia

Jaialdiaren antolatzaileek garraio publikoa erabiltzea gomendatzen dute, eta gogorarazten dute Lurraldebuseko autobus linea erregularrak eta Euskotreneko zerbitzuak (gauerdira arte ostiralean eta gau osoan larunbatean) ere erabil daitezkeela. Gainera, doako aparkalekua egongo da, 350 ibilgailutarako, hipodromo sarrerako zelaigunean.

Lineako autobusak T1 / T2 / T3 / T5 eta T6 lineek Donostia / Lasarte, Aginaga / Lasarte, Andoain / Lasarte, Tolosa / Lasarte eta Hernani / Lasarte korridoreak lotuko dituzte, hurrenez hurren, 15 eta 60 minututik behin (maiztasuna linea bakoitzaren araberakoa izango da). Informazio gehiago

Ostiralean, hilak 13, itzultzeko autobusak egongo dira orduro 00:13an hasita Andoain aldera eta 00:30ean hasita Donostiaraino.
Larunbatean, hilak 14, itzultzeko autobusak egongo dira orduro 00:13an hasita Andoain/Billabona eta Tolosa aldera eta 00:30ean hasita Donostiara.

Euskotren: Festibalera joateko, Euskotrenek Irun/Hendaiatik eta Zumaiatik Lasartera 15 edo 30 minututik behin trenak jarriko ditu, maiztasuna ordu-tartearen eta geltokiaren araberakoa izango da.

Egitaraua

Ostirala, irailak 13

Keler
19:15 LÁGRIMAS DE SANGRE
20:55 NATOS Y WAOR
23:05 LA PEGATINA
01:15 MALA RODRÍGUEZ

Donostia
18:30 IRA
20:05 TREMENDA JAURÍA
22:00 CARLOS SADNESS
00:10 CAROLINA DURANTE
02:20 MS NINA

Bukowski
18:25 RUKULA
20:00 KASKEZUR
21:55 JOSEBA IRAZOKI
00:00 P3Z
02:00 BUDIN
04:00 MAKALA

FNAC
20:55 RO

Larunbata, irailak 14 

Keler
19:05 NERABE
20:55 BERET
23:05 ISEO & DODOSOUND WITH THE MOUSEHUNTERS
01:00 GATIBU

Donostia
18:30 EL NEGRO
19:50 AYAX Y PROK
22:00 TOTE KING
00:10 BAD GYAL
02:15 MAIKEL DELACALLE

Dabadaba
18:25 MELENAS
20:00 ANTIFAN
21:55 LA PLATA
00:00 DABADABA Djs B2B ATRACO NEGRATA
02:00 BRAVA
04:00 ATODAMADRE

FNAC
20:55 ESPAGUETI

Bonua: 59€
Egun bateko sarrera: 32€
Salmenta: donostiafestibala.com
Lehenengo 1.175 bonuek 8€-ko Kutxabank deskontua izango dute (gehienez ere bonu batean egingo da deskontua txartel bakoitzeko). Deskontua erosteko unean indarrean dagoen prezioari aplikatuko zaio, eta Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan eta kutxabank.es helbidean lor daiteke.
Sarrera doan 11 urtetik beherakoentzat