Atzealdea Musika Hamabostaldiak 80. ekitaldia ospatuko du aurten, jaialdiko historiari hainbat keinu eginez

Musika Hamabostaldiak 80. ekitaldia ospatuko du aurten, jaialdiko historiari hainbat keinu eginez

Donostiako Musika Hamabostaldiaren 80. edizioa abuztuaren 1ean hasi eta hilaren 31n bukatuko da. Jaialdiak 90 proposamenetik gora eskainiko ditu.

Hamar ziklo izango dira, eta Donostian nahiz Gipuzkoako beste lekuetan, Araban, Nafarroan eta Iparraldean izango dira emanaldiak. Esanguratsuak, batzuk.

Ainhoa Artetak, Lucía Lacarrak edota Juanjo Menak Hamabostaldien eman zituzten lehen urratsak, eta Donostiara itzuliko dira, “Madamme Butterfly” operarekin, Víctor Ullate Ballet konpainiaren “Antígona” ikuskizun berriarekin eta London Philharmonic Orchestrarekin.

Nabarmentzekoak, era berean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eskainiko duen “El castillo de Barba Azul”, Bartoken opera bertsio formatuan; eta Tom Johnsonek idatzitako “Lau noten opera”, Tabakalerako Patioan gozatu ahal izango dena.

Orchestre de Paris, Khatia Buniatishvili pianista, Ballet Flamenco de Andalucía, Bremengo Deutsche Kammerphilarmonie edota Mahler Chamber Orchestra Donostian izango dira. Eta Donostiako Orfeoiak, Hamabostaldiko klasikoetako batek ere ez du hutsik egingo.

80. Musika Hamabostaldiak sarreren salmenta orokorrari ekingo dio. Hamabostaldiko Lagunentzako aurrez erreserbatutako tartean leihatilako helburuaren %40ko diru-bilketa egin da. Salmenta orokorra bihar, asteartea, ekainak 4, hasiko da, goizeko 11:30etik aurrera, www.quincenamusical.eus webgunean. Era berean, Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan erosi ahal izango dira sarrerak.

KURSAAL AUDITORIOA

Mahler Chamber Orchestrak emango die hasiera Kursaal Auditorioko kontzertu sinfonikoei (abuztuak 1), Jacob Hrusa zuzendari txekiarraren batutapean. Bambergeko Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra izendatu dute berriki. Inaugurazio kontzertuan, Seong-Jin Cho pianista gaztea arituko da, 2015eko Chopin Piano Lehiaketako irabazlea. Claudio Abbadok sortu zuen ganbera orkestrak Donostiako Orfeoia izango du lagun bere bigarren emanaldian (abuztuak 2), Dvoraken “Te Deum”, Kodalyren “Psalmus Hungaricus” eta Schumannen “2. sinfonia” barne hartzen dituen programarekin. Lehenbiziko biak, gainera, aurreneko aldiz entzun ahal izango dira Musika Hamabostaldian eta lehen aldia izango da, era berean, Orfeoiak Kodályren lana abesten duela.

2012ko Hamabostaldian parte hartu ondoren, Orchestre de Paris programa bikoitzarekin itzuliko da, Daniel Harding zuzendari titularraren gidaritzapean. Emanaldietatik lehena (abuztuak 20) izaera programatikoko kontzertua izango da. Berliozen “Harold Italian” joko dute, konpositorearen 150. heriotza urteurrenean, Lord Byronen poema batean inspiratutako obra. Beethovenen “Pastorala” ere interpretatuko dute, naturaren inguruko programa osatuz. Bigarren saioan dimentsio handiko kontzertua eskainiko dute (abuztuak 21): hiru bakarlari, Donostiako Orfeoia eta Orfeoi Txikia, orkestra osoa eta ganbera orkestra bat arituko dira elkarrekin. Brittenen “Gerrako Requiema” interpretatuko dute, XX. mendeko obra gorenetariko bat. Autoreak gerran zehar suntsitutako Coventryko katedrala berriz kontsakratzeko konposatu zuen requiema. Haren estreinaldirako Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuten hiru herrialdetako bakarlariak elkartzen saiatu zen: Alemania, Britainia Handia eta Sobietar Batasuna, azkenean helburu hori erdietsi ez bazuen ere.

Bartoken “Bizar Urdinen gaztelua” opera kontzertu bertsioan izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Rovert Treviño titularraren batutapean, abuztuaren 24an eskainiko duen kontzertuko pieza nagusia. Opera honek gizakiaren alderik makurrena arakatzen du, baina, era berean, XX. mendeko opera bikainenetarikoa da. Programa Sorozabalen gaztaroko obra batek eta Ravelen pieza batek osatuko dute.

Deutsche Kammerphilharmonie Bremen orkestrak (abuztuak 27) molde erromantikoa duten orkestretan azken urteotan ezohiko bihurtu den errepertorioa ekarriko du. Ganbera taldeak Bachen biolinerako kontzertuak interpretatuko ditu, konpositore honen obrak hainbat alditan grabatu dituen Hilary Hahn birtuosoarekin.

Abuztuaren 30 eta 31n, London Philharmonic Orchestrak piano ziklo nabarmenena interpretatuko du, Beethovenen kontzertuak hain zuzen, Juanjo Menaren zuzendaritzapean eta Javier Perianes pianistarekin. Zuzendariak eta bakarlariak Europako hainbat hiritan eskaini dituzte kontzertuok, eta urteak dira biek harreman artistiko emankorra dutela.

Antzeztutako opera hitzorduarekin leial, 80. Musika Hamabostaldiak Pucciniren “Madame Butterfly” programatu du abuztuaren 13 eta 15erako, obra liriko eszenaratuenetariko bat. Palau de les Arts de Valenciaren ekoizpenean, 40. hamarkadan girotuta dago istorioa, Bigarren Mundu Gerraren erdian. Ainhoa Arteta sopranoak protagonistari ahotsa emango dio (Cio-Cio San); Bartzelonako Liceu antzokian interpretatu berri du aipatutako rola. Ondoko izenek interpretatuko dituzte gainerako pertsonaiak: Marcelo Puente (Pinkerton), Gabriel Bermúdez (Sharpless), Cristina Faus (Suzuki), Paco Vas (Goro) eta Easo Ahots Mistoen Abesbatza ere ariko da, besteak beste. Giuseppe Finzik Euskadiko Orkestra Sinfonikoa gidatuko du era berean.

Azkenik, Víctor Ullate Ballet Kursaal Auditorioko dantza hitzordu tradizionalaz arduratuko da. “Antígona” (abuztuak 17 eta 18) da haien produkzio berria eta Lucía Lacarrak interpretatuko du paper nagusia, Víctor Ullatek berak sortutako koreografia batekin. Donostiara heldu baino aste batzuk lehenago estreinatuko dute ikuskizuna.

VICTORIA EUGENIA ANTZOKIA

Khatia Buniatishvili izango da Victoria Eugeniako lehen kontzertuko protagonista (abuztuak 5). Schubert, Liszt eta Stravinskyren obrak, zehazki Petrushka Balletaren transkripzioa, interpretatuko ditu. “Georgiako gazte asaldatzailea” deiturikoa inor epel uzten ez duen pianista nahasezina da. Birtuosoa, interpretazioan heldutasun handikoa, izaera sendokoa… Horiek dira kritikak bere talentua deskribatzeko erabili dituen kalifikatzaileak.

Ballet Flamenco de Andalucía konpainiak “Naturalmente Flamenco” ikuskizuna eskainiko du abuztuaren 26an. Hainbat flamenko estilotan zehar gidatuko ditu ikusleak, ilusioak, sentsibilitateak, ezagutzak eta teknikak bat egiten duten emanaldian: hain zuzen, Jerezko Jaialdian estreinatu berri dute, berebiziko arrakastarekin gainera. Berriki Espainiako Ballet Nazionaleko zuzendari izendatu duten Rubén Olmorena da koreografia.

INAUGURAZIO-EGUNA

Abuztuaren 1ean hasiko da Musika Hamabostaldiaren aurtengo edizioa, ohikoa denez, hiriko hainbat tokitara helduko diren kontzertu eta ikuskari-sorta zabalarekin. Egun horretan, guztira, 10 proposamen eskainiko dira, publiko guztientzat, haien barne direla musika instrumentala, ahozkoa, dantza… Egunari amaiera emateko, Deabru Beltzak taldearen “Symfeuny” ikuskizuna izango da Kursaaleko terrazetan. Era berean, inaugurazio-egunean eskainiko dira Hamabostaldi Solidarioa izenekoaren baitan programatutako kontzertuak.

ORGANO ZIKLOA

Organo Zikloak, berriz ere, guztiz egitarau zabala eskainiko du, eta Gipuzkoako hainbat herritan kokaturiko elizak bisitatuko ditu, hala nola Ataun, Usurbil, Deba, Tolosa, Azpeitia, Azkoitia eta Villabonakoa. Ziklo honetako 13 kontzertuetan, nazioarteko izena duten organisten presentzia azpimarratu behar da, nola diren Christoph Kuhlmann (abuztuak 4), Gail Archer (abuztuak 6 eta 8) edota Daniel Roth (abuztuak 6). Era berean, Hamabostaldiaren enkarguz egindako Iván Valdésen lan baten estreinaldia izango da, Daniel Oyarzabal eta Joan Castellóren eskutik, Artzai Onaren Katedralean, abuztuaren 7an. Nabarmentzekoa da ere, toki berean izango den C.T. Dreyer-en “La Passion de Jeanne d'Arc” film klasikoaren proiekzioa, Karol Mossakowski organista gazte poloniarrak inprobisaturiko musikaz gozatzeko aukera izango delarik. Abuztuaren 5ean izango da aipatutako hitzordu hori.

ANTZINAKO MUSIKA ZIKLOA

Santa Teresa Komentuan eta Zorroagan egingo da Antzinako Musikaren Zikloa, eta sei emanaldi eskainiko dira guztira. Lehenbiziko kontzertua Cantoría taldeak eskainiko du (abuztuak 5), Guerrero, Cárceres edota Flecharen lanak interpretatuko dituztelarik. Hurrengo egunean, abuztuaren 6an, Al Ayre Español taldearen txanda izango da Corelli, Muffat, Caldara edota Couperin protagonista dituen programa aurkeztuz. Ars Atlánticak (abuztuak 7), berriz, Barbara Strozziri eskainitako programa monografikoa ekarriko digu, italiar seicento-ko kantari eta konpositorearen jaiotzaren 400. urteurrenean. Abuztuaren 8ko kontzertuan, Gli Incogniti talde barrokoko kideek Bach konpositoreak transkribatutako (edo ustez hari lotutako) obrak interpretatuko dituzte, sortze-askatasuna nagusi zen garai bat gogoratu eta omendu nahian. Ensemble Diderot taldeak abuztuaren 9an eskainiko du emanaldia; “Purcell eta haren inspirazioak: italiar portaera Londresen” titulupean, Keller, Colista, Diesineer edota Purcell beraren lanak interpretatuko ditu. Eta, azkenik, Madrileko Collegium Musicum taldeak musika eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko du abuztuaren 10ean. Hain zuzen ere, egun horretan 500 urte beteko dira lurraren lehen zirkumnabigazioa hasi zenetik eta gertaera historiko hori ekarriko dute gogora.

OSTEGUN MUSIKALAK SAN TELMON

Hirugarren urtez segidan, eta “Ostegun Musikalak San Telmon” izenpean, hainbat proposamenen agertokia izango dira museoko klaustroko hormak. Iñaki Alberdi soinujoleak eta Ensemble 442 taldeak irekiko dute zikloa abuztuaren 8an, “Piazzolla osoa” izenburu duen programa batekin; hurrengo hitzorduan, abuztuaren 22an, Cuarteto Gerhard taldeak Mozart, Schubert eta Barber-en lanak ekarriko dizkigu; eta, zikloarekin amaitzeko, Ona Cardonak eta Josep Colomek Brahms eta Robert eta Clara Schumann-en lanak interpretatuko dituzte abuztuaren 29an.

MUSIKA GARAIKIDEKO ZIKLOA

Aspalditik da Musika Garaikideko Zikloa gaur egungo panorama musikaleko sorkuntza berrienei zabaldutako atea. Bost kontzertuk osatuko dute abuztuaren 18an hasiko den zikloa: Taller Atlántico Contemporáneo taldeak George Crump konpositore iparramerikarraren programa monografikoa ekarriko digu, haren hiru lan esanguratsuenekin. Abuztuaren 22an Silboberri Txistu Elkartearen txanda izango da: txistu errepertorioa eguneratzea eta aberastea helburu du taldeak eta hain zuzen Voro Garcíaren lan baten estreinaldia jaso dute programarako. Synergein Project taldeak (abuztuak 23), bere aldetik, espresio eta interpretazio bide berriak jorratzen ditu eta hiru estreinaldi ekarriko dizkigu. Eta abuztuaren 25ean, Tabakalerako Patioan, Tom Johnsonen “Lau noten opera” ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da; erdi antzeztutako opera da eta Tabakalera eta Musika Hamabostaldiaren arteko produkzio honetan laneko bost pertsonaiek opera koral dibertigarri bateko bost ahotsak parodiatzen dituzte. Azkenik, Trío Arbós taldeak itxiko du zikloa abuztuaren 28an eta eskainiko dituen piezen artean Hamabostaldiak Teresa Catalán konpositore nafarrari enkargatutako lana dago. Horrez gain, aipatutako operarekin lotutako beste bi ekitaldi izango dira: batetik, “Knock on Woods” soinu instalazioa egongo da ikusgai Tabakaleran abuztuaren 16tik 25era; eta, bestalde, Stéphane Garinek eta Ensamble Dedalusek kontzertua eskainiko dute abuztuaren 23an, Johnsonek konposatutako zenbait pieza interpretatuz. 

INTERPRETATZAILE GAZTEEN ZIKLOA

Hamabostaldiak balio berriei eskaintzen dien atal hau aukera ezin hobea da zuzenean ezagutu ahal izateko Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak egiten duen lana. Ziklo hau osatzen duten bost kontzertuen protagonistek oso lotura estua dute prestakuntza-zentro horrekin. Honako hauek dira autengo hitzorduak: Trío Esaldi (abuztuak 19); Alberto Abengózar pianista (abuztuak 20); Four Beats (abuztuak 21); Luz Sedeño klarinetista (abuztuak 22); eta Trío Garaiz (abuztuak 23).

HAURREN HAMABOSTALDIA

Musika Hamabostaldiak, bere 80. edizioan, joan den urtean abian jarri zituen ekimen guztiak babestuko ditu, txikiei zuzendutako eskaintza aberasten jarraitzeko helburuarekin.

Emanaldi erakargarrienetako bat abuztuaren 19an izango da: “Acróbata y Arlequín: el circo imaginario de Picasso y la música” ikuskizunean XX. mendeko hainbat pertsona ospetsu elkartzen dituzte, guztiak ere zirkoak eta Artearen Komediak erakarrita. Maquiné eta Erakunde Kulturalen Andaluziar Agentziaren produkzioa da, Erik Satie eta Francis Puolenc konpositoreen musikarekin.

Bestalde, abuztuaren 20an, San Telmo Museoan. “Peer Gynt-ekin ametsetan” kontzertuaz gozatzeko aukera izango da, Eduard Grieg konpositore handiaren lana ezagutzera emanez eta, bide batez, Tom Johnsonen musikaren alderdi dibertigarri eta zentzugabeenak agerian utziz.

“Kantu Kontari” ikuskaria formatu txikikoa da, ipuin-kontalari bat eta haren musika-laguntzailea protagonista dituena; Kursaaleko saioak egiten jarraituko da (abuztuak 3, 10, 17, 24 eta 31) eta, horrez gain, Gipuzkoako hainbat herritara ere joango da “Kantu Kontari”, esaterako, Zumaiara (abuztuak 11), Getariara (abuztuak 23), Irunera (abuztuak 23) eta Mutrikura (abuztuak 28).

Haurrentzako eskaintza berezian, gainera, bi lantegi izango dira, biak ere Mauhausek sortuak: “Hitzak”, San Telmo Museoan (abuztuak 1) eta Irunen eta Zumaian (abuztuak 9 eta 11, hurrenez hurren) egingo dena; eta “Circus”, Victoria Eugenia antzokian abuztuaren 19an eskainiko dena.

MUSIKA AITZAKI

Hamabostaldiaren ziklo bidaiarienak, Donostiako mugak gaindituko ditu, aurten, berriz ere, eta Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko hainbat lekutara joango da. Musika Aitzakik, guztira, 14 kontzertu eskainiko ditu aurten, urteroko ohiko txangoak egiteaz gainera. 80. edizio honetan, Estibalizera (abuztuak 12) eta Arantzazura (abuztuak 16) irteerak izango dira, aipatutako tokietan egingo diren kontzertuekin batera, hain zuzen.

Gipuzkoar lurretan hainbat saio eskainiko dira, jadanik Musika Aitzakiren ohiko egoitza bihurtu diren tokietan, nola diren Zumaia, Getaria, Orio eta Mutriku kostaldeko herriak, hitzordu interesgarriak jasoko dituztenak, Ensemble 442 (abuztuak 7), Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (abuztuak 14), Vandalia (abuztuak 23) eta KUP taldea (abuztuak 28), hurrenez hurren. Leyreko Monasterioa da (Nafarroa) ziklo honetan ohikoa gertatzen hasi den beste leku bat, eta, hala, aurten, abuztuaren 17an, Ana Belén García eta Ander Telleríaren eskutik organo eta akordeoi emanaldia izango da bertan.

Arantzazuko Santutegia (Oñati) da, inondik ere, Musikaren Aitzaki saileko egoitza nagusia. Oraingo honetan Donostiako Orfeoiaren kontzertua hartuko du bere baitan abuztuaren 16an; Fauré-ren “Requiem”-a, Orfeoiaren lan ikurretako bat, eta John Rutter konpositore britaniarraren “Gloria” lanekin gozatzeko aukera izango dugu Orfeoiaren eskutik.

Iparraldean, berriro ere, Lapurdira, Senperera iritsiko da Hamabostaldia, abuztuaren 10ean Ensemble Diderot taldeak eskainiko duen kontzertuarekin. Johannes Pramsohler biolinistaren zuzendaritzapean, musika barrokoan prestigio handia duen talde frantziar honek Telemannen “musika mahaia” deiturikoa eta frantziar barrokoko hainbat pieza interpretatuko ditu. Bigarren hitzordua abuztuaren 25ean iritsiko da: Andoni Sierraren zuzendaritzarekin, Andra Mari Musika Kaperak Haydn konpositorearen “Missa Brevis” delakoa eramango du Senpereko Saint Pierre elizara.

Musika Aitzaki osatzeko, aipatu behar da jaialdiak arabar lurretan egiten dituen kontzertuen zikloa, Hamabostaldia Araban izenekoa. Bost hitzordu izango dira aurtengo programazioan: Ensemble Zima (Guardia, abuztuak 3); Cantoría (Artziniega, abuztuak 4); Ensemble 442 (Araia, abuztuak 9); Capilla Santa María (Estibaliz, abuztuak 12) eta, azkenik, Ensemble Diatessaron (Kanpezu, abuztuak 25).

MUSIKA HAMABOSTALDIA, 80 URTE

Uztailaren 6tik aurrera, Musika Hamabostaldiaren 80. urteurrena ospatzeko, jaialdiaren ibilbidea jasotzen duen erakusketa ikusi ahal izango da San Telmo Museoan. Erakusketak, modu atsegin eta dibulgatzailean, Donostiako hiriaren ispilu gisa jaialdiak izandako bilakaera erakutsiko du, 1939. urtean Gerra Zibila amaitu berri lehen aldiz Hamabostaldia ospatu zenetik, gaur egun arte. Erakusketa interesgarria, zalantzarik gabe, musika zaleentzat zein zaleak ez direnentzat ere. Aurtengo edizioaren amaierarekin bat eginez, erakusketa irailaren 1era arte izango da ikusgai.

HASIBERRIENTZAKO GIDA

Publikoak egin duen harrera bikaina dela-eta, jaialdiak berriz ere errepikatuko ditu 2015ean abian jarri ziren ekimenak, musika klasikoaren alorrera publiko berriak erakartzeko xedez.

#ConversanDO: pertsona-talde bat aurrenekoz joango da musika klasikoko kontzertu batera, Kursaal Auditoriora, eta ondoren beren esperientzia kontatuko digute.

Musikeler: garagardoa eta musika zuzenean dastatzera gonbidatzen zaitu Hamabostaldiak, Convent Gardeneko terrazan, oraingo honetan Musikeneko bi talderen eskutik: Dúo Ezust (abuztuak 22) eta Dúo Arai (abuztuak 23).