"Saio ireki bat kresal usainetan" saio irekiaren kronika
"Saio ireki bat kresal usainetan: kultura proiektuak garatzeko aukerak eta zailtasunak" jarduera antolatu genuen Zarauzko Artezaleak elkartearen gunean. Saio irekian kultura proiektuak garatzeko aukerez eta zailtasunez aritu ginen 10 bat eragile.
- 1708
Irailaren 27ko saio irekian, elkarrizketa biziki interesgarria piztu zen, une gazi-gozoez lurrunduta. Borobilean jesarrita, K bulegoan egiten ari garen lanketen berri emanez ekin genion saioari eta ondoren banan-banan bakoitzaren jarduerak eta kezkak partekatu genituen. Taldean aniztasun handia zegoen, eta horri esker oso hausnarketa aberasgarriak entzuteko bidea izan genuen. Hamaika kolore eta izaera aniztasunaren lekuko: artista, artista eta irakaslea, artista eta kultur bitartekaria, kultura kudeatzaile, bitartekaria eta kudeatzailea…. Bertaratu ziren gehienek beren jarduera artistikoaz gain, kudeaketa eta bitartekari lanetan dihardute gaur egun. Beraz, beraien lan esperientziak eta hausnarketak hainbat arlotatik ekarri zituzten.
Gero eta ohikoagoa da berez lantaldean eramangarriagoak izango ziren jarduerak bakar-bakarrik egin behar izatea. Denbora gehiena hartzen digunez zeregin bakarti horrek, ondorioz, ez dugu izaten nahi adina tarterik bestelako lanketa inspiratzaile eta aberasgarrietan murgiltzeko, adibidez, noizetik noizera Artezaleak bezalako gune bat bisitatu eta elkarlanerako aukerak aztertzeko.
Bertaratutakoen zenbaitzuek azpimarratu zuten sorkuntzarako espazio egokien beharra, behin eta berriz errepikatzen den aldarriak: Bat, “Oso ondo legoke, herri bakoitzean Artezaleak gunearen pareko bat egotea, behar-beharrezkoa baita”. Bi, “Hain dira premiazkoak zikindu daitezkeen espazioak sorkuntzan erabat eta aske murgiltzeko aukera izan dezagun”. Hiru, “Dimentsio handietako espazioak izateak ahalbideratzen ditu tamaina handiko sorkuntzak, bata bestearekin dator”. Eta lau, “Saretzearen mesedetan topaleku ere diren espazioen beharrean gaude, han eta hemen”.
Bestelako kontu batzuk ere aipatu ziren, hala nola:
-Zeinen zaila egiten zaien eragileei zer arlotan kokatu beren jarduera! Ikusizkoa? Plastikoa? Bitartekaritzakoa?
-Artezaleakekoek hizpidera ekarri zuten nola pandemiaostean izen-emateek gora egin duten, ondorioz, lepo bete dira ikastaro gehienak.
-Isolamenduaz ere aritu ginen, nola bakoitza gurean buru-belarri eta zain eta muin murgiltzen garen eta askotan ez dugun inguruan dagoena ere ezagutzen… eta sarritan hori oso lagungarri gerta dakiguke gure proiektuen garapen iraunkor eta bizigarria lortze aldera.
-Norberaren lana ere bada informazioa bilatzea, ingurua ezagutzea eta ikertzea, etengabeko zeregina, eta, horrez gain, beharrak antzeman eta baliabideak eskatu era argian, aurrerapausoak eman, proposamenak egin eta ekintzak gauzatu ditzagun. Adibidez, espazio bila gabiltzanean agian ondoko lantegian lekua egon liteke eta akordio batera iritsi gintezke elkarlanerako.
-Maiz zenbait udalerritan baliabide publikoak lortzea zaila eta nekagarria dela deitoratu zuen batek. Horma iraganezin batekin talka egitea bezala. Nahiz eta herriarentzat zein bertako herritarrentzat oso egitasmo erakargarria izan esku artean zein nekeza den aurrera egitea, zer babes gutxi sentitzen den askotan azalean… Ezjakintasunagatik izango da? Zubi ezagatik?
Halaber, finantzaketaz ere aritu ginen, nola ez; oso garrantzitsua baita diru iturri anitz eskura izatea, eta, are gehiago, dena publikoa ez izatea. Iraunkortasunari begira autofinantzaketaren garrantzia aipatu zen, baita beste eragile batzuekin saretuta egotearen garrantzia ere. “Zeinen zailak diren saretze lanak” atsekabe hartu zuen beste batek. Nahiz eta kultura eta sormen alorreko eragileek saretze ekimenetan behin eta birritan parte hartu, topaketak ez dira beti eraginkorrak izaten, zaila delako bat-batean sortzen diren harremanak sakontzea.
Azkenik, Eskola Kirolaren modura, Kultura Eskola programa goraipatu zen, haren garrantzia azpimarratuta. Ekimen interesgarritzat jotzen da, izan ere, kulturak behar duen zilegitasuna lortzeari begira lagungarria baita. Kultura Eskolari esker haurrek, gurasoek eta hezitzaileek sormenera eta kultura jardueretara sarbidea dutelako. Gizarteak baina ez du kultura lehentasunezkotzat jotzen, alderatu du batek, honela sailkatzen baitituzte hezkuntzarako garrantzizkoagoak direnak: hizkuntzak, kirola eta, ondoren, denbora izanez gero, artea eta kultura praktikak.