Egile erakusketa zikloan, Ainize Sarasola protagonista

Egile erakusketa zikloan, Ainize Sarasola protagonista

Ainize Sarasola artistaren Ultraviolence / Ultraindarkeriak erakusketa ikusgai dago uztailaren 8ra arte, Koldo Mitxelena Kulturunean

Egile erakusketa zikloan, Ainize Sarasola protagonista

Ganbara aretoan loratu da Egile erakusketa zikloaren azken alea, Ainize Sarasola (Orio, 1984) artistaren Ultraviolence/Ultraindarkeriak. Erotismo erromantikoaren eta kaos finaren arteko lerro gorri mehea eta sotila uzten du agerian erakusketak.

Ainizeren piezak sekulako indarra daukaten narrazioak dira. Lehen begiratuan, sentsualak eta erromantikoak dira, baina, egiazki, asaldatzaileak ere badira, interpelatzen baikaituzte nolabaiteko indarkeria estatus batekin; batzuetan, marrazkiak planteatzen duen eszenagatik, beste batzuetan, gure begien aurrean lehertzen diren koloreengatik, eta azkenik, kaosagatik eta tintaren saturazioagatik.

Katixa Agirre idazleak lagundu du obra bat sortzen, 5 literatura-pieza sortu berri ekarrita. «Maitasun erromantikoaren» kontzeptu hedatua dakarte: egoera eta paisaia gogoangarrietara eramaten gaituzte, gaur egungo kontzeptuei lotutako eszenak islatzen dituzte, hala nola indarkeria matxista, bakardadea, polimaitasuna, teknologiak eta zaintza ideiei. Guztiek erromantizismoaren paradigma estandar eta ezarri bat hausten dute. Agirreren testuak ehunezko piezatan interpretatu ditu Sarasolak irudien bitartez.

Orioko artistak arte plastikoen arloan garatu du bere ibilbidea, batez ere hiru hizkuntza erabilita: pintura, collagea eta marrazkia. Azken hori ikus-entzunezko hizkuntza moderno batera eramateko gaitasuna erakusten du sortzaileak, bere bideoklipetan esaterako, non batzen diren gidoi eta pertsonaia kirrinkariak eta elkarrizketa nahiz solasaldi asaldatzaileak.

Ultraviolence/Ultraindarkeriak erakusketaren aurretik, Irati Cano Alkain eta Gari Arambarriren artisten lanek hartu dute Ganbara: China Girls eta Tentsioak eta beste paisaia emozional batzuk, hurrenez hurren.

Ainize Sarasola, Irati Cano Alkain eta Gari Arambarri sortzaileek Egile sari bana jaso zuten 2021ean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren deialdiaren lehen edizioan. Egile sariek sorkuntza sustatzen dute hainbat arte eremutan eta aurtengo edizioaren esparruan 23 sari banatuko dira.