TRANSports, zortzi kirolen sorrera azaltzen duen erakusketa
Erakusketa ibiltariak Elgoibarren egingo du geldialdia, eta maiatzera bitartean Gipuzkoako beste zenbait txokotan ikusi ahal izango da.
- 790
XIX. mendetik XX. mendera igarotzean, zenbait garraiobide kirol bilakatu ziren: hipika, eskia, mendizaletasuna, automobilismoa, abiazioa, txirrindularitza, atletismoa edo ur kirolak. Hain zuzen, bilakaera horren narrazioa da TRANSports erakusketa ibiltaria.
Bihar, hilak 29, egingo du lehen geldialdia Gipuzkoan: Elgoibarren, aurten Kirolaren Europako Udalerri izendatu dutela aprobetxatuz. Ezohiko erakustokia izango du: Olaizaga Kiroldegia, espazio tradizionaletatik aldenduz.
Zortzi kirolen sorrera azaltzen du erakusketak. Hain zuzen, fenomeno hori gertatu zen giza trakzioa esfortzu fisiko gisa baloratzeari ekin zitzaionean, kirol erronkarako bide eman zezakeela ikusi zenean; ordura arte nekazaritzarako soilik erabili zen animalia trakzioa hipodromoetan txalotua izatera igaro zenean; eta trakzio mekanikoa ere garraiorako aurrerapen teknologiko izatetik abiadura, abilezia eta dotoretasuna jokoan jartzen dituen ikuskizun izatera pasa zenean. Metamorfosi horiek guztiek kontatzen dute, baita ere, zer bilakaera izan zuen gizarteak berak, XIX. mendetik XX. mendearen lehenengo erdialdera.
Orain arte ikusi gabeko lankidetza
Erakusketa Gipuzkoa, Huesca, Nafarroa eta Pirinio Atlantikoetako artxiboen ia 18 hilabeteko elkarlanaren emaitza da, eta denen artean kontserbatutako iturri dokumentalen balioa nabarmentzea da xedea.
Gipuzkoako Artxibo Orokorrak, Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoak, Huescako Diputazio Probintzialeko Artxiboak, Huescako Diputazio Probintzialeko Fototekak, Huescako Artxibo Historiko Probintzialak, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak eta Pirinio Atlantikoetako departamentuetako artxiboak parte hartu dute.