Esnatu Naiz kabaretaren emanaldia (bertsio laburra: 40 minutu). Eta, jarraian, ikuskizun honetan lantzen ditugun gaiei buruzko solasaldi/tailerra ikasleekin (30 minutu inguru). Ahal bada, herriko antzokian. Bestela, eskolan bertan egiteko aukera ere badago (erabilera anitzeko gela, gimnasioa…). Kasu horretan, ekipo teknikoa (argiak eta soinua), konpainiak eramango luke.
- Kabaretaren helburua:
Trans bat lasai bizi daiteke Albizturren? Bi lesbiana gaztek euren arteko maitasuna modu irekian adieraz dezakete Elduaienen? Eta bi gizon helduk bikote harreman arrunta izan dezakete Zerainen? Nola bizi dute pertsona horiek euren nortasuna eta sexu-joera beraien herrian? Zer motako erantzunak eta erreakzioak jasotzen dituzte euren lagun, familiako kide eta herritarrengandik diren modukoak izateagatik?
Azken urteetan LGBTI+ kolektiboaren eskubideen aldeko lanean urrats garrantzitsuak eman diren arren, benetako berdintasuna lortu arte bide luzea dugu oraindik egiteko. Horregatik ezinbestekoa dugu arlo ezberdinetan lanean jarraitzea.
Sentsibilizazioa da esparru horietako bat. Gure gizarte anitzeko errealitate ezberdinak ezagutaraztearekin batera, ikasleei hausnarketarako bidea zabaldu nahi diegu. Antzerkia tresna ezin egokiagoa da gogoeta hori egiteko eta asmo horretan oinarrituta sortu dugu Esnatu Naiz kabareta.
- Protagonista:
Ikuskizun honetako protagonista Elur da, trans kolektiboko artista. Londresen bizi da. The Pink Flamingo klubean egiten du lan. Jende ugari joaten da bere showa ikustera. Pozik eta harro dago bere ibilbidearekin. Baina oraindik sendatu gabeko zauriak ditu Elurrek eta kabaret honetan artistaren atzean ezkutatzen den pertsona ezagutzea lortuko dugu: Peio. Euskalduna, baserritarra, 10 urte lehenago Euskal Herritik alde egitea erabaki zuen, bertan ezinezkoa zitzaiolako bere nortasunarekin bat egin eta lasai bizitzea.
- Kabaretaren ibilbidea:
2020an estreinatu genuen kabareta, orduz geroztik 70 emanaldi baino gehiago eskaini ditugu Euskal Herri osoan zehar. 2022an, berriz, DBHko ikasleei zuzendutako emanaldiak antolatzen hasi ginen Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteekin batera, eta etorkizunean bidea egiten jarraitzeko asmoa dugu.
LOTURAK:
Elur Etxea
- Elur Etxea facebooken
- Elur Etxea instagramen
- Esnatu Naiz kabaretaren argazkiak.
- Esnatu Naiz. Bertsio luzearen bideoa youtuben
- Bertsio luzearen estreinaldiaren harira Berrian argitaratutako erreportajea.
- ETB1eko EITB Kultura saioan eskainitako erreportajea.