Betiko ogia

Ogia funtsezko jakia izan da gizakiarentzat ia historia osoan. Hori diote garai askotako dokumentuek, ogia oso garrantzitsua izan baita bai erlijioetan, literaturan edo pinturan, baita esaeretan edo erotismoan ere.

Ogiaren jatorriari eta historiari buruz era guztietako kondairak daude, baina lehen ogi labealdiak Egiptoarrek egin zituztela uste da, uzta basatiak (garia, garagarra, artatxikia eta bestelakoak) aprobetxatuz.

Mendeetan zehar, ogia egiteko erabiltzen ziren teknologiak garatzen joan ziren, baina ogiak funtsezko sostengu-elikagai izaten jarraitu zuen, eta garai batzuetan herrien zibilizazio-maila neurtzeko ere erabiltzen zen.

amasandoAzpilan ogi-orea egiten (oratzen) Isidro Saez de Uruturik utzitako argazkia)

Okinen lanbideari errespetu handia zitzaion gizartean, eta boteretsuek ere ondo babesten zuten lanbidea, ogi eskasiak edo ogia garestitzeak era guztietako istiluak sortarazten baitzituen. Hala ere, iruzurrak oso ohikoak omen ziren (esaterako irinari karea edo igeltsua nahastea), arau-hausleei zigor gogorrak (askotan gorputzeko kalteak eta guzti) zehazten zizkien arau ugari baitzeuden indarrean.

Erdi Aroan Erromako Okin Korporazioa jarri zen martxan; eta XV. mendean, Espainiako okinen Ermandadea lanbide-korporazio bihurtu zen, eta korporazio hark1835ean desegin zen arte iraun zuen. Korporazio horren arabera, ikastunek, langile mailara heltzeko, hiru urte egin behar zituzten lanean, eta beste bi maisu baten esanetara. Baldintza horiek bete ondoren, aitorpen profesionala jaso eta kuota ordaintzean, maisu okin izatera iritsi zitezkeen. Horrez gain, ikastunek, momentu horretan ebanjelioaren gainean zin egiten zuten, eta korporazioaren ohitura, printzipio eta pribilegio guztiak errespetatzeko konpromisoa hartzen zuten.