Eskularrugileak (Laxorako)

Pilota unibertsaltzat jo daitekeen kirola da, antzina-antzinatik oso era ezberdinetan jolastu izan baita kirol horretan. Etimologikoki, izen hori latinezko pila hitzetik datorrela uste da, eta Europara Erromanizazioarekin batera iritsi zela. Euskal Herrian, historikoki pilotak garrantzia handia izan du, eta esan daiteke gure kultura-ondarearen barne dagoela.

Beste edozein ekintza bezalaxe, pilota denboran zehar garatzen joan da. Modalitate zaharrenetan, zuzenak ere esaten zitzaienetan, jokalariak bata bestearen aurrean aritzen ziren, bakoitzari lur eremu bat esleitzen zitzaiolarik (tenisean bezala). Horien artean aipagarriak dira bote luzea (duela hamarkada asko jolasten ez dena) eta laxoa edo laxua. Lehen modalitatean ez da inolako tresnarik erabiltzen, eskuarekin bakarrik jolasten zen eta ez zen ez aurrealderik ezta alboko hormarik behar. Hala ere, batzuetan, jokoa zailtzeko, hormak erabiltzen ziren. Bigarren modalitatean, errebotea edo atzealdeko horma ezinbestekoa zen. Bote luzearen antza handia du, baina kasu honetan beste pilota mota bat erabiltzen zen, baita larruzko eskularru bat ere. Horrez gain, zelaia handiagoa izaten zen, eskularruari esker pilotak abiada handiagoa hartzen baitzuen.

Laxoan jolasteko behar ziren eskularruak gehienetan aldi berean zapatagile izaten ziren artisau espezializatuek egiten zituzten, eta gaur egun iraganean erabiltzen zituzten prozedurak mantentzen dituzte. Labaiengo Florentino Ibarra (1925) eta Doneztebeko Eusebio Arregi (1928) nafarrak laxorako eskularrugile adituak dira.