PILOTAGILEA, pilotak egiten dituen eskulangilea

Pilota funtsezko eta beharrezko elementua da entretenigarri eta kirol asko eta askotarako, eta Euskal Pilotaren kasuan, protagonista nagusia gainera. Pilotagintzaren artea, lanbidea eta industria azaldu aurretik, baina, Euskal Pilotaren kirol espezialitaterako sarrera laburtxo bat egin nahi dugu.

Gizateriaren sorreratik beretik, gizakiak esfera-formako objektuak erabili ditu bere jokoetarako. Denbora igaro ahala, forma eta espezialitate pila bat sortu da horietatik. Egungo kiroletako askok esfera-formako objektu bat daukate jokatzeko tresna, bai pilota, baloia, bola... deitu; esanaren adibide ditugu, besteak beste, futbola, saskibaloia, eskubaloia, tenisa, golfa, billarra, beisbola, hockeya, boleibola, waterpoloa, mahai-tenisa, poloa, petanka, boloak, frontenisa, padela... eta baita pilota ere, bai euskal pilota izan, bai valentziarra, kanariarra, italiarra, belgikarra, holandarra, suediarra, mexikarra, kolonbiarra edo ekuadortarra izan.

Euskal Pilotaren sorburuan egiptoarrek, greziarrek edo erromatarrek jokatzen zuten pilota-jokoarekiko konnotazioak bilatzen ahalegintzeari, alfer samarrekoaz gain, arinkeria deritzogu. Pilota ez zen Euskal Herrian sortu, baina euskaldunon artean oso sustrai sendoak egiten zituen, eta horiek indartsu segitzen dute oraindik ere.

Asko eta asko dira historialari eta kronikagileek Euskal Pilotaren jokoari buruz emandako definizioak, baina irakurri ditugun guztien artean Luís Fernández Bombín eta Rodolfo Bozas-Urrutiak, 1976an, “El Gran Libro de la Pelota” lanaren I. liburukian eman zutenarekin geratuko gara; honela dio:

“Pilota jokoaren barnean, euskal pilota euskaldunek sortu eta praktikatutako modalitate multzoa da; horietan pilota trinko bat erabiltzen dute, larruz forratu bat, modalitateen araberako neurri eta pisua duen bat, eta kasu batzuetan esku huska aritzen dira edo egikera eta erabilera desberdineko erremintak erabiltzen dituzte, neurri desberdineko eremuetan, aurreko eta alboko paretaz hornitu zein gabeetan, eta jokalari kopuruak ere desberdinak izaten dira; horiek elkarri botatzen diote pilota, txandaka, bai zuzenean bai aurrez frontisaren kontra joaraziz hura.”

(Argazkia: Javier Carballo)(Argazkia: Javier Carballo)

Euskal Pilota kirol modernoen arteko zaharrena dela esan dezakegu, eta teoria ugari eta desberdinak badiren arren, badirudi ezen XVIII. mendean sortu zela, eta XIX. mendearen hasieran hasi zela pisua hartzen. Aita Manuel Larramendik, 1754an idatzi zuen “Corografía de Guipúzcoa” lanean, honakoa zioen:

“Pilota jokoa da Gipuzkoan indar gehien duena eta gehien praktikatzen dena. Palaz ez da toki guztietan jokatzen, eskuz ordea bai. Beterrin zaletasun handiagoa dago Goierrin baino, eta jokorako leku eta plazak gehiago eta hobeagoak dira. Garaia denean, esku huskako partidak segidan izaten dira, batzuetan toki desberdinetako gipuzkoarren artean, bai gipuzkoarren eta nafarren artean, baita gipuzkoarren eta frantsesen artean ere. Ospe handiko partida horietara doan jendetza izugarria da, eta gehienak diruarekin etortzen dira trabes egiteko, horrela esaten baitiote, bai batzuen bai besteen alde, eta ez dute soilik partida osorako egiten, baizik eta baita joko bakar baterako, jokoaren marra edo xaxa bakar baterako. Eta trabes horietan hainbestekoa da gehiegikeria, eta hain ezaguna, ezen zuzendu egin beharko bailitzateke erraza balitz; baina ez da, non eta, nabarmenkeria litzateke, ez den pilota eta jokoa galarazten. Baztertu beharrekoa zera da, jokorako erabiltzen dituzten pilotak, gogor-gogorrak direlako eta pisuan lau, sei, are zortzi ontza egiten dituztelako, eta azkazalak eta hatzak hausten dituzte, eskuak zartatzen, besoak markatzen eta are dislokatzen ere, eta zoritxar horiekin eta eskularrutik odola dariela partida amaitu behar izaten dute. Gipuzkoako batzarrak dekretatu behar luke pilotak bi ontzatik gorakoak ez izatea, eta alkateek horiek pisatzea jokalariek plaza eskatzen dietenean. Bestelakoan, hain pilota astunak besoa eta besoko indar eta erresistentzia probatzeko dira, ez baina jokalariaren trebetasun eta abilezia erakusteko.”

Hurrena honakoa zioen aita Larramendik: “Ariketa honek arintasuna, bizkortasuna, lastertasuna eta erresistentzia handia ematen du, eta ariketa hau Gipuzkoan hain ohikoa denez eta zaletasuna handia, probintzia hau lanean nekez etsitzen duten mutil bizi eta bizkorrez beteta dago”.

Euskal Pilotak 22 modalitate dauzka, bi talde edo joko modutan, zuzenak eta zeharkakoak baitira, eta lau joko-eremutan banatuta. Joko zuzenetan pilotariak aurrez aurre jartzen dira, bakoitza dagokion eremuan, eta pilota zuzenean jotzen dute, aurkariaren kontra, harik eta azken honek pilota itzultzea lortzen ez duen arte; horrela besteak tantoa lortzen du. Zeharkako jokoetan pilotari guztiek kantxa berean jokatzen dute, eta txandaka jotzen dute pilota, frontis baten kontra; horretan pilotak errebotea egin eta aurkariak itzuli egin beharko du, lehen punpan gehienez, bestela tantoa galdu egingo baitu.

(Argazkia: Javier Carballo)(Argazkia: Javier Carballo)

Aipatu 22 modalitateak honela banatzen dira lau kantxetan: frontisa eta errebotea dituen plaza libreko jokoak bote luzea, laxoa eta errebotea (zuzenak) eta esku huska, larruzko paleta, pala motza, zesta punta eta joko garbia (zeharkakoak) dira. Ezker pareta daukan pilotaleku laburreko jokoak honakoak: esku huska, gomazko paleta, larruzko paleta, pala motza eta joko garbia (zeharkakoak). Ezker pareta daukan pilotaleku luzeko jokoak honakoak: pala, zesta punta eta erremontea (zeharkakoak). Trinketeko jokoak, honakoak: pasaka (zuzena), esku huska, gomazko paleta, paleta, larruzko paleta eta xarea (zeharkakoak).

Euskal Pilotaren kirolari buruzko azalpen labur honen ondotik pilota aurkeztuko dugu, modalitate guztietako funtsezko elementua baita.