Zilargintza Eibarren

Azken hamarkadan garrantzi handiko aldaketak ematen ari dira euskal artisautzan. Ez da, hala ere, egoera oso deigarria, galtzen joan baita eskuz egindako hainbat tresnen erabilgarritasuna: uztarriak, sareak edo saskiak, besteak beste. Horrez gain, bezeroek kalitate eta prezio txikiagoko inportazioak nahiago dituzte, eta egunez egun handitzen doan mehatxua da hori.

Hala ere, apaingarri gisa eta norberaren erabilpenerako produktuen eskaera handiagotzen ari da. Azken horien artean aurkitzen dira besteak beste, zilarra edo beste metal bitxiez egindako eraztunak, eskumuturrekoak, zintzilikariak, belarritakoak eta paparrekoak.

Marta Irusta da lanbide honetan artisau ezagunetako bat, bera da, nolabait, herriko (Eibar) damaskinarien eta grabatzaileen oinordeko. Horiek, lan bikainari eta mendetako esperientziari esker, egiten zituzten produktuak edertzen asmatu zuten, batez ere armagintzan.