Markina-Xemeingo arriagatarrak

Maisu taillaginak

Besteren batean dagoeneko aipatu dugu historian zehar zura izan dela gizakiak gehien erabilitako materialetako bat, bai erregai beharrak estaltzeko izan bai estalpeak eraikitzeko izan, besteak beste. Eta gure garaiotatik hurbilago, eguneroko bizimoduan behar diren gauza asko egiteko erabili da, edota apaingarri gisa.

Eboluzio honek eskatu du material hau lantzeko teknikak menderatzea, eta bide horretatik lanbide ugari sortu dira. Industrializazioaren eraginez, baina, lanbide horiek beren berezko ezaugarrietako asko eta asko ari dira galtzen.

Zura lantzen dutenen artean, lanbide tradizional garrantzitsuenetako bat taillaginena da, hau da, berek edo beste pertsona batzuek egindako objektuak artistak egokien iritzitako motibo edo estiloak erabiliz apaintzen espezializatuta dauden eskulangileena.

Euskal Herrian, duela hamarkada askotatik hona, ugari izan dira taillaginak; horretan zerikusia izango zuen, agian, “luxuzko” altzarien fabrikazioak, horien kasuan apaindurak ere alderdi garrantzitsua hartzen baitu. Jarduera horrek oso garrantzi handia izan zuen Gipuzkoako eskualde batzuetan, esaterako Urola Erdian eta batez ere Azpeitian, Zarautz eta Orion bezalaxe. Aurrekari horrek agian azalduko digu zergatik aritzen den hainbeste jende, bere aisialdian zura lantzeko eginkizunetan.

Gure eskulangile taillaginen adibide nabarmenenetako bat Bizkaiko Markina-Xemeingo Arriaga familia da, azken hamarkadetan zehar tradizioari eutsi baitio, kutxak egiteko lanari bereziki.