Fusingaren artistak

Historian zehar gizakia gehien liluratu duen materialetako bat beira da, hainbat teknika erabiliz transformatzeko aukera ugari ematen duelako batez ere. Horrek hasiera batean ahalbidetu zuen Naturak ematen zituen elementuak imitatzen saiatzen ziren produktuak lortzea, harribitxiak esaterako.

Aipatutako teknika horietako bat “fusing” izenekoa da, beira urtzeko teknika hain zuzen ere. Horren bitartez beira hotzean prestatzen da (aukeratutako materialak behar diren neurrien arabera moztu ondoren garbitu eta lixatu ondoren, itsatsi egiten dira). Jarraian kontrolatutako tenperatura altuetan jartzen da emaitza homogeneoa lortzeko. Materialak egoki elkartzeko, artisauak eskura dituen beira mota guztiak ongi ezagutu behar ditu, baita haien arteko bateragarritasuna ere.

Teknika honek aukera ematen du elementu batzuk beste batzuen barruan sartzeko, eta hainbat forma, bolumen eta kolore erabiltzeko. Produktu ederrak lortzen dira, norberak erabiltzeko nahiz apaingarri gisa erabiltzeko modukoak.

Miren Mendiboure Ohategaray “Fusing” edo urtzeko teknikaren erabileran gehien nabarmentzen den artistetako bat da, eta imitaziozko bitxiak eta etxeko apaingarriak egiten ditu.