Alberto de Paz maisu saregilea

Arrasteko arrantzako aparailuak ontzi batek edo bik atoian daramatzaten eta zona jakin batzuetan dauden itsas espezieak harrapatzeko erabiltzen diren sareak dira.

Zentro espezializatuetako esperimentazioaren eta material berriak sartzearen bidetik (nylonaren kasuan esaterako, lehengo landare-zuntzak, sisala eta kalamua, ordezkatu baitzituen), oso aurrerapen handiak etortzen ari dira. Iritzi nagusiaren arabera, Donostiako portua izan zen, XX. mendearen hasieran, horrelako ezaugarriz hornitutako ontzi bat eduki zuen lehena. Denbora igaro ahala, Pasaia lehorreratutako arrantza kantitate handieneko portuetako bat izatera heldu zen.

Arrasteko aparailuen ezaugarriak zehaztea gauza konplexua da, batetik sareen neurria aldakorra delako eta, bestetik, eta batez ere, sareak erabiliko dituzten ontzien trakzio indarrera egokitu behar dutelako. Jarduera honetan, maisu ezagunenetako bat Alberto de Paz da. Oso esperientzia handia du jada, egiten duenarekiko interes etengabearekin batera.