Zerga zuzenak

Ondarearen gaineko Zerga (OZ) (2019 Kanpaina)

Aurreko Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga (AFHZ) ordezkatzen du, indarrean 2017ko kanpaina arte

Zerga mota Zuzena
Jasotzailea Foru Aldundia
Zergaduna Pertsona fisikoak
Oinarri ezargarria Pertsona fisikoen ondasun eta eskubide ekonomiko guztiak, ondasun eta eskubideen balioa murrizten duten zama eta kargekin gutxituta eta zergadunak aurre egin beharreko zorrak eta obligazio pertsonalak kenduta.
Oinarriaren murrizpenak 700.000€ko murriztapena. laburpen taula
Oinarri likidagarria Oinarri ezargarriari oinarriaren murriztapenak kendu ondorengo kopurua
Tarifa edo tipoa Oinarri likidagarriari aplikatuko zaio ondorengo taulak dioena. Ikus taula: laburpen taula
Kuota Oinarri likidagarriari tarifa edo tipoa aplikatzerakoan ateratzen den kopurua
Kenkariak Atzerrian ordaindutako zergen kenkaria eta beste hobari batzuk. Ikus taula: laburpen taula
Ordaindu beharrekoa Kuotari kenkariak eta hobariak kendu ondorengo emaitza.

2018ko ekitaldiaz geroztik Ondarearen gaineko Zerga aitortzeko obligazioa dago. 2013ko ekitalditik 2018ko ekitaldira arte Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga izan da indarrean. Hau 2018ko ekainaren 20an, indargabetu zen 2/2018 Foru Arau berria, ekainaren 11koa, Ondarearen gaineko Zergarena indarrean sartu zenean.

Aurreko ekitaldietan, berriz, Ondarearen gaineko Zerga indarrean egon da.

Zerga zuzeneko tributu bat da, eta izaera pertsonala du. Zerga urte bakoitzeko abenduaren 31n sortuko da, eta zergadunak data horretan bere titulartasunpean duen ondarea zergapetuko da. Zerga hau Gipuzkoako Foru Aldundiak batzen du.

Zer zergapetzen du?

Pertsona fisikoen ondare garbia zergapetzen du. Pertsona fisikoaren titulartasunpean dauden ondasun eta eskubide ekonomiko guztiek eratzen dute haren ondare garbia, ondasun eta eskubideen balioa murrizten duten zama eta kargekin gutxituta eta zergadunak aurre egin beharreko zorrak eta obligazio pertsonalak kenduta.

Nork aurkeztu behar du?

Gipuzkoan bizi den edonork Ondarearen gaineko zerga aurkeztu beharko du, hau da aurkezteko obligazio pertsonala du ondorengo bi kasuetan:

  • Zergaren kuota likidoaren emaitza ordaintzekoa denean.
  • Bere jabetzan dituen ondasun eta eskubideen balioa, zorrak kendu gabe, 3 milioi eurotik gorakoa denean.

Gipuzkoatik kanpo bizi baina Gipuzkoako lurraldean kokatutako ondasun eta eskubideen titularra denak Ondarearen gaineko zerga aurkeztu beharko du, hau da obligazio erreala izango du eta dagozkion ezaugarriak ditu.

Nola kalkulatzen da ordaindu beharrekoa?

Ondasunak:

  1. Oinarri ezargarria: oinarri ezargarria kalkulatzeko, zergadunak urte bukaeran dituen ondasun eta eskubide guztien balioari dauden zorren balioa kendu behar zaio. Balioak, zerga honen erregelen arabera kalkulatuko dira. Pertsona fisikoen ondasuna kontuan hartzerakoan ondasun eta eskubide batzuk zerga honetatik salbuetsiak geratzen dira. Ikus zeintzuk: Ondare salbuespenak.
  2. Oinarriaren murrizpenak: 700.000€-ko murrizpena.
  3. Oinarri likidagarria: oinarri ezargarriari oinarriaren murrizpenak kendu ondoren lortzen den kopurua da.
  4. Tarifa edo tipoa: oinarri likidagarriari ezartzen zaion ehunekoa da. Ikus oinarri likidagarriaren tarifa
  5. Kuota: oinarri likidagarriari tarifa edo tipoa aplikatzerakoan ateratzen den kopurua.
  6. Kenkariak: kasua ematen denean kenkari bezala atzerrian ordaindutako zergak kenduko dira. Kasu hauetan, bi kopuru hauetan txikiena izango da:
    • Zerga honen pareko karga batengatik atzerrian ordaindutako zenbatekoa.
    • Atzerrian zergapetutako oinarri likidagarriaren zatiari zerga honen batez besteko karga tasa aplikatzetik ateratzen den emaitza.
  7. Ordaindu beharrekoa: Kuotari dagozkion kenkariak kendu ondorengo emaitza da.

Adibidea

Xabier 62 urteko dendari Zumaiarrak 4.000.000€ko ondasunak ditu, bere ohiko etxebizitza eta lan egiten duen merkataritza-lokala barne. Lehenak 500.000€ balio du eta bigarrenak 650.000€. Bestalde, 100.000€ko zorra du, duen beste etxebizitza bat ordaindu ahal izateko.

  1. Ondasunak guztira: 4.000.000€
  2. Ondasun salbuetsiak: 650.000€ (lan egiten duen merkataritza-lokala)
  3. Oinarri Ezargarria: 3.350.000€, 3.000.000€ko balioa baino handiagoa denez, aitortzeko obligazio pertsonala du Xabierrek.
  4. Dituen zorrak kenduko ditugu: 3.350.000 - 100.000 = 3.250.000€
  5. Ohiko etxebizitzarengatik, gehienez 300.000€ kenduko dugu: 3.250.000 - 300.000 = 2.950.000€
  6. Oinarrien murrizpenak: 700.000€ko murrizpena.
  7. Oinarri likidagarria: 2.950.000 - 700.000 = 2.250.000€.
  8. Kuota:tipoa kalkulatzeko 1.600.000ko lerroa dagokio. Horri 10.200€ko kuota dagokio. Eta gainontzekoa (2.250.000 - 1.600.000 = 650.000) %1,30era; beraz, 750.000 x %1,30 = 8.450€.
  9. Kuota guztira = 10.200 + 8.450 = 18.650€
  10. Kenkariak: Kasu honetan ez dago kenkaririk
  11. Ordaindu beharrekoa: 18.650€

Ekin lanari!