Atzealdea SAGARDO FORUM 2025: sagardoaren nazioarteko topaketa Astigarragara eta Donostian

SAGARDO FORUM 2025: sagardoaren nazioarteko topaketa Astigarragara eta Donostian

Sagardoaren Lurraldeak antolatuta azaroaren 20tik 22ra VI. SAGARDO FORUMA egingo da Astigarragan eta Donostian. SAGARDO FORUMA sagarrari, sagardoari eta sagardoaren kulturari, ondareari eta turismoari buruzko nazioarteko ekitaldia da. Bere seigarren edizioan, mundu osoko sagardoaren adituak nahiz sagardozaleak bilduko ditu haien ezagutzak zein esperientziak partekatu, eta sagardoaren kultura sustatzeko.

Nazioarteko Sagardo Lehiaketa eta Azoka 
Azaroaren 20an, ostegunean, hainbat herrialdetako (Portugal, Norvegia, Herbehereak, Letonia, Frantzia, Polonia, Lituania edota Txekia, besteak beste) sagardoak lehiatuko dira Donostiako Basque Culinary Centerren izango den Nazioarteko Sagardo Lehiaketan. Epaimahai berezituak bederatzi kategoriatan sailkatutako sagardoak epaituko ditu edari tradizional honen bikaintasuna eta aniztasuna nabarmentzen dituen lehiaketa honetan.

Azaroaren 22an, larunbatean, Basque Culinary Centerren bertan, Nazioarteko Sagardo Azoka izango da mundu osoko 20tik gora ekoizlerekin (Norvegia, Austria, Lituania, Normandia, Alemania, Gales, Letonia, Italia, Txile, Ameriketako Estatu Batuak, etab.), eta gerturatzen diren bisitariek bertako, nazioko zein nazioarteko ehun sagardo baino gehiago dastatzeko aukera izango dute. Bi urtean behingo hitzordu paregabea da zapore nahiz esperientzia berriak bilatzen dituzten sagardozale guztientzat, dastaketa gidatu bereziak ere izango baitira azokan: ‘Alkoholik gabeko sagardoak’ eta ‘Sagardo-bermutak’.

Jardunaldi teknikoak
Azaroaren 20an eta 21ean, ostegunean zein ostiralean (goizez), jardunaldi teknikoak izango dira Erribera Kulturgunean (Astigarragan), eta bertako zein nazioarteko adituek sagarrari, sagardoari eta sagardoaren kulturari, ondareari eta turismoari buruzko ezagutzak partekatuko dituzte. Sagardoaren munduak azken urte hauetan izan duen garapena ezagutaraziko duten hitzaldiei esker, bi jardunaldi hauek edari preziatu honen unibertsoan barneratzeko aukera bikaina izango dira. Programa osoa esteka honetan ikus daiteke, bai eta sarrerak erosi ere.

Txangoak eta jarduerak
Aipatutakoez gain, parte-hartzaileek Donostiako Tabakalerako LABe jatetxeko afariaz gozatzeko aukera izango dute, baita Astigarragako Alorrenea sagardotegian txotxaren errituaz eta sagardotegiko menuaz gozatzekoa ere.