EUSKAL INDUSTRIAREN LEKUKOTASUNA
Lamoten grabatua aztertzean Debarroko industria tradizio handia egiaztatzen duen agiri historikoa dugu esku artean. Marrazki eta testu ugariren bitartez, informazio ugari ematen digu armen ekoizpenaren faseei eta egindako modeloei buruz. Grabatuaren behealdean, zutabe eta kapitelen artean, ereinotzez koroaturiko sei bustok horniturik, armagintzako lau gremioen azalpen zabala ageri da: kanogileak, kaxaginak, aparejuginak eta txispaginak. Horien antolakuntzak hirurehun urte inguru iraun zuen, XVI. mendetik XIX.era, azken mende hau barne.
- 936
Garai hartako industriaren errealitateari esker, hobeto uler dezakegu, gerora, egungo merkatuaren dinamika teknologiko ikaragarriaren barruan “biziraun” ahal izateko egin behar izan dugun bidea.
Armagintzaren jarduera handi honen erdigunea Soraluzen bazegoen ere, inguruko beste herri batzuetan ere industria arloko establezimendu ugari izan ziren. Hala, grabatuaren leku esanguratsu batean, zirkulu baten barruan sarturik, mapa topografiko interesgarria ageri da, Urolako, Debako, Lea-Artibaiko eta Ibaizabalen goi aldeko arroak bere baitan hartzen dituena. Mapa honek xehetasun handiz erakusten du mendien erliebe naturala, baita ibaiak ere. Lurralde honetako herrien toponimia aberatsa ere ikus daiteke bertan, eta Arrateko, Arantzazuko, Sasiolako, Itziar ko eta Urkiolako santutegi edo elizak ere bai.
1998-12-18an Elgoibarko Makina-Erremintaren Museoa inauguratu zen. Betidanik, gure ilusioa izan da, egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat, makina-erremintarekin eta herriko industriarekin loturiko ondarea berreskuratzea, gordetzea eta transmititzea, eta bidenabar, hori bizi izan zuten gizon eta emakumeei omenaldia egitea.
Azkenik, Ramiro Larrañaga jaunak egin zuen lan bikaina goraipatu nahi dugu, gure esku jarri baitzuen Lamoten grabatua, “Síntesis histórica de la armería vasca” liburuaren bitartez. Esan, horrek bultzatu gaituela nazioartean zabaldu den industria tradizio luze hau bost hizkuntzatan argitaratzera.
Elgoibarko Makina Erremintaren Museoan eskuratu daiteke liburua eta baita Lamoten Grabatua lumaren kopia bat ere. Informazio gehiago www.museoa.eus – museoa@museoa.eus