‘Señoras y señoras’ ikuskizun feminista, Crossover jaialdiaren 8. edizioan
‘Señoras y señoras’ pop up feminista showa Irun, Zumarraga eta Eibarrera iritsiko da Foru Aldundiaren eskutik
- 66

‘Señoras y señoras’ pop up feminista showa Irun, Zumarraga eta Eibarrera iritsiko da Foru Aldundiaren eskutik
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak Mariola Cubells eta María Guerra kazetari eta komunikatzaileen ‘Señoras y Señoras’ antzezlana eramango du datorren astean Irun, Zumarraga eta Eibarrera. Programa ‘Crossover. Cultura de series’ jaialdiaren zortzigarren edizioaren barruan kokatzen da, Kultur Factory kultur agentziarekin batera urtero antolatzen duena.
Goizane Álvarez Kultura diputatuak nabarmendu duenez, “Crossover ikus-entzunezkoen eta telesailen kultura publikoari hurbiltzeko sortu zen, ikuspegi ireki, garaikide eta kritiko batetik. ‘Señoras y Señoras’ ezin hobeto egokitzen da izpiritu horrekin, umorea, hausnarketa eta feminismoa uztartzen dituen ikuskizuna baita, eta arauak aldatu zituen emakume belaunaldi bat aldarrikatzen baitu”.
Show pop feminista bat
Ikuskizuna “pop show feminista eta umoretsua” bezala definitu dute egileek, eta hirurogeiko hamarkadan jaiotako emakumeengan jartzen du fokua: gizarteak haientzat diseinatu zituen molde asko eraitsi dituen belaunaldi aitzindaria.
Cubells eta Guerrak sortu, gidatu eta interpretatuako ikuskizuna lehenengoaren ‘Mejor que nunca. Felices, imbatibles, pioneras’ liburutik abiatzen da, eta esperientzia pertsonalak, gogoetak eta pasadizoak ikus-entzunezko laguntzekin eta ikus-entzuleekiko zuzeneko interakzioarekin uztartzen ditu. Umorearen eta gertutasunaren bidez, amatasunak eta amatasunik ezak, bakardade desiratua, hedabideen papera, munduari buruzko begirada maskulinoa edo adin eta askatasun kontzeptuen birdefinizioa bezalako gaiak jorratzen dituzte protagonistek.
Protagonistak
Mariola Cubells kazetari eta idazlea da. Levante, Canal 9 eta TVE bezalako hedabideetan lan egin du, eta Cadena SER eta RNEn kolaboratu ohi du. Telebistaren munduari buruzko hainbat liburu idatzi ditu, baita ‘Mis padres no lo saben’ lana ere, Marce Rodriguezekin batera.
Maria Guerra ere kazetaria da eta zinema erredaktorea izan da albistegi zerbitzuetan eta ‘Lo que yo te diga’ saioan 1993 eta 2006 artean. Horrez gain, Cadena SER-en orotariko programen gidari izan da, hala nola ‘Gran Vía’ eta ‘Hoy por Hoy Madrid’. Aldi berean, 1993az geroztik igorle berezi gisa aritu da estatuko eta nazioarteko jaialdietan, Cannesen, Venezian eta Donostian, esaterako.
Gaur egun, Movistar Plus-en, Pepa Blanes-ekin batera, berak 2011 eta 2019 artean Cadena SER-en sortu eta zuzendu zuen ‘La Script’ zinema eta telesailen programa aurkezten du. Bere curriculumetik, Espainiako Zinema Informatzaileen Elkarteko presidentea eta CIMA (Emakume Zinegileen eta Ikus-entzunezko Hedabideen Elkarteko) kidea dela ere azpimarratu behar da. Amaitzeko, 2017an, Kataluniako Emakume Kazetarien Elkarteak (ADPC) Komunikazio Ez-sexistako Jardunbide Egokien Saria eman zion La Script-i.
Programazioa
Hauek izango dira emanaldiak:
● Irun: Urriaren 16an, 20:00etan, Carlos Blanco Aguinaga Kultur Gunean Sarrerak: www.amaiakz.sacatuentrada.es
● Zumarraga: urriaren 17an, 19:00etan, Zelai Arizti Aretoan.
● Eibar: urriaren 18an, 19:00etan, Coliseo Antzokian.