Industri gizona

Txopak” eta bera bezala eibartarrak ziren “Paquito” Muñoz eta Anjel Untzetabarrenetxeak, XX. mendeko berrogeiko lehen urteetan, Pajean izeneko enpresa jarri zuten martxan. Enpresaren izena osatzeko, fundatzaileen izenen lehenbiziko bina hizkiak hartu zituzten.

Lantegia “ebanista lan finetan” espezializatu zen, eta berehala nabarmendu zen egiten zituen lanen kalitateagatik; garai hartan, “luxuzkotzat” zituzten. Enpresa Deban zegoen, frontoi-etxeko etxabeetan, eta hogeita hamar bat langile izatera heldu zen.

Pajean-ek egindako logela, jangela, kontsola, zisku-errediza edo bargueño (edari-altzari gisa erabiliak) eta aterkiontziak besteak beste, garesti samarrak berak, ezagun geratzen ziren, Jesus Berezibarren zuzendaritzapean egindako taila-lanen kalitateagatik. Estilo ohikoenak Luis XIV.a eta XV.a, Isabeldarra eta Euskal estiloa ziren, eta bezeroak nahi zuen zur mota erabil zitekeen, hala nola intxaur, gaztaina, haritz eta pago egurra, eta baita lizarra eta gerezia ere zenbaitetan.

Bustoak ere egiten zituzten (“baserritarrak”, marinelak, erdialdea landutako platerak), hogei bat zentimetro garaikoak, gaztaina egurrez gehienbat eta nogalinaz kolorea emanak; horrelakoak batez ere uda partean saltzen zituzten.

Ezagutu zutenen arabera, Jesus Berezibar “oso pertsona jatorra eta tailagile aparta” zen, eta ohitura zuen taila-lana ikasten ari ziren sei-zortzi bat laguneko mahaien erdian jartzeko, hauek zurean egin behar zituztelarik marrazki gero eta konplexuagoak, besteak beste gubiak, trintxak, mailukak eta konpasak erabiliz forma eta neurri desberdineko beste hainbat lanabesekin batera. Lanabes horiek “Bartzelonan erosten zituzten”, eta seguruenik Mifer enpresa katalanak eginak izango ziren.

Gazteek olioa ematen zieten papereko marrazkiei egurrean kalkatzeko, eta arotz-lapitz batez sendoago markatzen hurrena, azkenerako utziz eginkizunik zailena: taila bera.

Txopak” kontrolatu egiten zuen ikasle-langileen lana, eta bakoitzaren kasuan egoki iritzitako zuzenketak egiten zituen. Esku eta dedikazio onena erakusten zuten ikasleek maisuaren arreta berezia jasotzen zuten. Gehien nabarmendutakoetako bat Jose Luis Urkaregi izan zen; geroago, eskultore eta pintore gisa egin zitzaigun ezagun.

Txoparekin” harremana izan zuten guztiek azpimarratzen dute hark marrazkia ongi menderatzeari ematen zion garrantzia, tailagile ona iritsi ahal izateko.

Pajean-en esperientzia handiko tailagileak ere aritu ziren lanean, Zarautzen bizi zen Benigno Abasolo esate baterako. Denon oroimenean geratu da hark batez ere loreak tailatzeko zuen abildade aparta. Langileburua Benito Furundarena zen; lehen esan moduan, “Txopa” lanean aritua zen Furundarenak Gernikan zeukan tailerrean 1936a baino lehen.

PúlpitosHainbat estilotan eginiko pulpituak: gotikoak XV. mendekoak; Errenazimendukoak XVI.ekoak, eta Barrokoak XVIII.ekoak, Pajean-en eraikiak. Jesus Berezibar “Txoparen” proiektu eta marrazkiak.

Jesus Berezibar tallandoJesus Berezibar “Txopa” Kristo bat lantzen Meridako (Venezuela) bere tailerrean, seguruenik XX. mendeko hirurogeiko urteetan.