Lan baldintzak

1950 inguruan, Donostian grabatzaile lana, beste lanekin konparatuta, ondo ordaintzen zen. 1957an, ofizial gazte batek, ondorengoa irabazten zuen, baina horren erdia bere maisuari eman behar zion.

  • 18 Mahai-tresna grabatzeagatik: 36,0 pzta.
  • Zilarrezko 6 pieza grabatzeagatik: 12,0 pzta.
  • 3 Mahai-tresna grabatzeagatik VA: 7,5 pzta.
  • 12 Mahai-tresna grabatzeagatik GA: 24,0 pzta.
  • 3 Pieza grabatzeagatik GR: 36,0 pzta.

1970eko hamarkadan, Donostian 7 grabatzaile ari ziren lanean, batzuek beren kontu, eta beste batzuek, berriz, bitxi-dendetan.

Ordura arte “lana bazegoen, baina bitxi-dendetako lanak gaizki ordaintzen diren, kontuan izanik lan horretan begiak ez ezik, zerbikalak eta bizkarra ere hondatzen zirela”. Grabatzaileek ikusten zuten beti dendarien presiopean egiten zutela lan. Horregatik beren egoera indartzea erabaki zuten, eta grabatzaile elkarte bat sortzen saiatu ziren, nahiz eta ekimen horrek aurrera ez egin.

Handik aurrera, lana asko gutxitu zen. Izan ere, krisi garaian “bitxiak dira erosten ez diren lehen gauza”. Hori zela eta, grabatzaile kopurua gutxitzen joan zen, eta gaur egun (2002), bi artisau bakarrik geratzen dira Donostian. Hala ere, egindako lanagatik irabazten duten soldata baxua dela uste dute. 2000. urtean, eraztun, eskumuturreko edo antzeko batean data grabatzeagatik 300 pzta irabazten zituzten, 500 dataz gain inizial edo izen bat grabatzeagatik. Lehen lana egiteko 10 minutu behar zituzten, eta bigarrena egiteko, 15 eta 20 minutu artean. Kasu batzuetan, bitxi-dendan piezak hartu eta uzteko behar zuten denbora gehitu behar zuten.

Grabatzaileek lanbidea garrantzia galtzen ari dela diote. Izan ere, pantografo bidezko grabatuek (espezialista ez den batek erabili dezakeena), eta batez ere ordenadore bidezko grabatuek, epe ertainera, gaur egundo artisauek erretiroa hartzen duten heinean, lanbidea desagerraraziko dute, ez baitago lanbidea ikasten ari den gazterik.

Jose GervaisJose Gervais grabatzailea, lanean. 1904ko argazkia. Ezkerrean, grabatzaile-bola. Erdian, hainbat beran era Napoleonen bustoa duen lakrezko zigilua. Ezkerrean, lupa bat bere oinarri eta guzti; eta beranak gordetzeko pote bat eta piezak finkatzeko erabiltzen den egurrezko sarjentua. Ehun urte geroago, Gervaisen ondorengoek erreminta berberak erabiltzen dituzte lantegian. (Luis Maria Lafuentek utzitako argazkia).