Luis Maria Lafuente

Luis Maria Lafuente Setien (Donostia 1941), 14 urte zituela hasi zen lanbidea ikasten Jose Gervaisen grabatu lantegian (Donostiako Hernani kaleko 21. zenbakian). Garai hartan hiru grabatzailek egiten zuten lan lantegi hartan. Ikastaldiaz gain, Luisek arratsaldetan marrazketa klaseak izaten zituen arte eta lanbide eskolan.

Ikastaldian sei hilabete zeramanean, bezeroentzako lehen lanak egiten hasi zen: mahai-tresnetako kirtenetan inizialak grabatzea. Denbora pasa hala, lanbidean hobetzen joan zen, eta lan zailagoak egiten hasi zen.

Jose Gervaisen lantegian, azpilak, mahai-tresneria (100 pieza ingurukoak), kaferako mahai-tresneriak (gehienetan ezteietako opariak izaten ziren), plakak, eraztunak, ezkutu heraldikoak, lakrezko zigiluak (eraztun eta eskuzkoak) eta bestelako gauzak grabatzen zituzten.

Eskuzko beran bidezko grabatu-teknika erabili izan du betidanik, nahiz eta batzuetan mailu bidezkoa ere erabili. Esan beharra dago, lantegian erabiltzen diren teknika eta erremintak Jose Gervais lantegiaren sortzaileak erabiltzen zituen berberak direla, ez baita ezer aldatu.

Luis Maria Lafuente eskarmentuko grabatzailea da eta urte asko darama lanbidean. Lanbide horretan artisau on bat izateko, beharrezkoa da lanbiderako jatorrizko ezaugarriak izatea, baita pultsu ona izatea, ondo marraztea eta gauza berriak ikasteko interesa izatea ere. Bere ustez, ikastaldia hasi eta bi hilabetera argi ikusi daiteke gaztea grabatzaile ona den ala ez. Hori zela eta, ez zen arraroa askok ikastaldia bertan behera uztea, lanbiderako gaitasun ezagatik. Era berean dio, maila oneko lanak egiteko gutxienez bi urte eman behar direla lanean.

Betidanik leku berean egin izan du lan Luis Maria Lafuentek, gaur egun toki berean jarraitzen du, bitxi eta erloju-dendetako enkarguzko lanak egiten. Gaur egun J. Gervaisen lantegian geratzen den artisau eta jabe bakarra da, eta seguru asko, Donostian oraindik jardunean ari den grabatzaile bakarrenetakoa. Hori dela eta, lanbidean jarraitu ahal izan du, nahiz eta azken urteetan lan horren eskaria asko gutxitu den.

burilesEskuz grabatzeko erabiltzen diren hainbat beran. (Julen Zabaletak egindako marrazkiak).