Egurrezko ereduak

Garai hartan, irudiak eskuz zizelkatzen ziren, zizelak eta beranak erabiliz. Materiala mailu-kolpe bitartez kentzen zen, zuloari nahi zen forma emanez. Azkenik, era guztietako forma zuten karraka txikiekin, piezei azken akabera ematen zitzaien. Jarraian, estanpei tratamendu termikoa ematen zitzaien.

XIX. mendeko bukaeratik aurrera, makina-erremintak hedatzen hasi zirenean, materiala kentzeko eta arbastatzeko zulatzeko makinak, fresatzeko makinak eta arrabotak erabiltzen hasi ziren. Jarraian, zizela, mailua eta karraka erabiliz, grabatua eskuz amaitzen zen, zehaztasun handiagoz.

XX. mendeko lehen herenean, fresatzeko makina kopiatzaileak eta pantografoak hedatu ziren. Makina horiei esker, egurrean edo beste materialen batean eskuz egindako eredua altzairu gainean kopiatzea lortu zen: makina kopiatzaileak tamaina berean egiten zituen kopiak, eta pantografoak, berriz, tamaina bikoitzean.

Eredu edo modelo horiek eskuz egiten ziren, ondo lehortutako egur-zati batean, trintxak eta gubiak erabiliz, erabileraren ondorioz ez deformatzeko. Gehienetan ereduak eskala handiagoan egiten ziren, horrela lana erraztu eta akats gutxiago egiteko. Jarraian, tamaina txikiago batean kopiatzen ziren.

Trokelgileen lanbidean ezagutzaTrokelgileen lanbidean ezagutza, trebetasun eta eskarmentu handia behar ziren. (Argazkia Amaia Ros 1996.05).

Eredu horiek 1930 eta 1950 bitartean hedatu ziren Euskal Herriko burdinoletan, eta trokelgileen lana nabarmen aldatu zuen. Hala ere, trokelgileek ezagutza eta trebetasun berberak izan behar zituzten, lehen eredua, egurrezkoa, eskuz egin behar izaten baitzuten.

Makina-erremintak erabiltzen ziren arren, lanbideak artisau izaten jarraitu zuen, eta askotan, trokelgile zaharrenen arabera, irudiak "ahal zen bezala" grabatzen ziren altzairuan.

Ofizialak estanpa edo trokelaren forma zehazten zuen, materialaren dilatazio nahiz uzkurdurak kontuan hartuz eta pieza bakoitzaren soberako materiala irteteko hutsuneak utziz. Hori guztia eskarmentu handiari esker bakarrik egin zitekeen.