Produktuak eta lan-prozesuak

Carmen Perezek sormen-grina du ezaugarri. Egiten dituen pieza guztiak bakarrak dira, hau da, sekula ez du bat errepikatzen, eta berak asmatu bezalako diseinu berritzailearen eta “eguneratuaren” ondorio dira.

Eskulturan, artetik gertuago artisautzatik baino, errazago da hori ulertzen, baina irizpide bera ezartzen die eguneroko erabilpena duten objektuei, baita apaingarri gisa ere erabili ohi direnak, lehen aipatu dugun bezala. Horien artean, besteak beste honako hauek aipatu ditzakegu: te-ontziak, fruta-ontziak, kutxatxoak, katiluak, azpilak, kopak, zutargiak, pitxerrak, lore-ontziak, erlojuak eta ispiluak. Era guztietako neurri eta esmalteetan, eta egiten dituen pieza guztiak bakarrak direla ahaztu gabe.

Larra Baserrian lan egiten du, bertan baitu tailerra. Leku zoragarri batean, Mañariako (Bizkaia) Arrueta Auzoan, Ezkuagatz mendian bertan. 45 metro karratuko azalera du, 11 metroko luzera eta 4 bat metroko zabalera. Tailerra lanerako ekipamendu guztiaz hornituta dauka: labea, lanerako hainbat mahai lokalaren erdian kokatuak, eta neurri ezberdinetako apalak, amaitutako piezaz eta esmalteak eta maketak egiteko materialaz josiak.