Lehengaia eta lanabesak

Espartzua lehengaia izanik produktu aukera zabala egiteak bat egin izan du, gehienetan, landare hau ugari zen tokiekin, eta Sesma ez da salbuespena izan honetan, zeren eta bere lur lehor buztintsuetan indar handiz hazi baita “Lygeum Spartum” landarea.

Alabaina, espartzu eskariak gainditu egiten zuen, oso goitik gainera, Sesmako lurretako produkzioa, eta halaz “ez genion hazten uzten, eta garaiz aurretik biltzen genuen”. Gauzak horrela, inguruko herrietara jo beharra zegoen, edo urrunxeago ere bai batzuetan, are Bardeetaraino iritsiz urte osorako lehengaia biltzera. Hurbileko herrietarako bidaien kasuan, iluntzean irteten ziren, bala bat egiten genuen (lauzpabost eskutada espartzu) eta Sesmako udalerrian sartzen genuen guardiek (hiru zeuden) salaketa jartzeko modurik izan ez zezaten.

Geroago aipatuko dugun espartzuginen sindikatua lanean hasteak eta garatzeak ekarri zituen abantailen artean –gaur egun kooperatiba esango genioke sindikatu hari- espartzua hirugarrenei erosi ahal izatea zegoen, Bardeetan sarri, gero bazkideei saldu ahal izateko.

Espartzuginek erabiltzen zituzten lanabesak deskribatzeko, berriro jo behar dugu Mª Jose Sagastirengana, aipatu argitalpenean honakoak azaltzen baitizkigu:

  • Mazoa: Egurrezko zilindroa, 10-15 cm-ko diametroa duena, 30 cm luzekoa eta kirten laburrekoa. Arte-egurrez eginak omen ziren onenak.
  • Jotzeko harria edo zehagailua: Mailuz pikatutako kareharria, hainbat neurritan izaten dena; honen gainean espartzu eskutadak jartzen dira, mazoaz joz biguntzeko
  • Irazkaia: Ehundegi sinplea, bertikala; honetan nabarmenenak makal-egurrez eginiko irazkitzeko makila pare leundua dira, 2,50 m luzeko bakoitza, eta ferratzeko iltze-ilara bat eransten zaiena, kanpazak egiteko beharko dira eta.
  • Irazkai-eskailera: Zurezkoa, 2,50 m garai x 15 cm zabalekoa, paretari lotua; honen trabesetan oinarritzen ziren irazkitzeko makilak, eta josi behar ziren piezetan neurri eta forma desberdinez aritzea ahalbidetzen zuen.
  • Orratzak: Burdinazkoak, 27-35 cm luzekoak, nahiz puskatzen zirenean berriro erabiltzen zituzten, neurri txikiagoaz izan arren, errementariak atzera zorroztu orduko. Orratz horietan albaintzen zituzten piezak josteko kordelak.
  • Kriseilua: Oliozkoa, burdinazko orratzei koipea eman eta errazago josteko. Egiten ari ziren zerrian zintzilik jartzen zituzten.
  • Aulkitxoa: Zurezkoa; espartzugina honetara igotzen zen, goiko makila ingurutik josten amaitzeko.
  • Kana edo seska: Metro bete luzekoa, josten amaitu ondoren zerriak zabaltzeko erabiltzen zena.
  • Zurrunbela: Zurezko tresna, zilindro desitxuratu bat, mutur bat lodiagoa eta astunagoa duena, eta bestean, berriz, mehargune bat, zilindroari bira eragiten dion haga sartzeko; kordela zilindroan lotzen zen, bihurtzeko. Lanabes honen bidez bi kordelez osaturiko soka lodiago bat egiten zuten; kordel hauek hainbat norabidetan bihurtzen zituzten, eta kanpazei akabera emateko eta ahoa sendotzeko erabiltzen zituzten.

Beste elementu lagungarri batzuk ere erabiltzen zituzten, aliketak esate baterako.

Normalean lanabes hauek espartzuginek berek egiten zituzten, nahiz eskariaren neurriagatik eskulangintzazko produkzio lokal bat sortu zen, Anjel Saizek beste batzuei saltzeko egiten zituen mazoen kasuan adibidez. Baztertutako metalezko elementuak beste tresna batzuk egiteko erabiltzen zituzten.