Produktuak egiten

Lortutako hari mota desberdinez, lehen deskribatu ditugun produktuak egiten zituzten Sesman. Produktuak, normalean, espartzuginen etxeetako etxabeetan egiten zituzten.

Mª Jose Sagastik xehetasun handiz deskribatzen ditu zerriak, alportxak eta kanpazak egiteko prozesuak. Adibide gisa erreproduzitu ditugun lehenei dagokienez, esaten digu irazkitzeko makilak paraleloan jartzen direla, komeni den eskailerako langetetan oinarriturik, egin behar den piezaren luzeraren arabera. Goiko makila sabaiko barra bati lotzen zaio, eta behekoa lurrean dagoen uztai bati eta euskarri bati; gero irazkitzen hasten da, sokak makilen artean pasatuz ongi tenkaturik eta elkarren ondoan. Oso garrantzitsua da irazkiari tira egitea, kopadura emanez: bost sokako, indarrez tira egiten da, sokak estu eta tinko bitartean uzteko. Azkenean seska edo kana sartzen da soka artean, beheko makilaren azpian, sokak txandakatuz bakoitza norabide batean egon dadin, gero zerria ireki ahal izateko, hau da, muturrak bereizteko. Lan honi seskatu esaten zaio.

Irazkia prestatu ondoren, espartzugina orratzez hasten da pieza josten, sokak kordelez bilbatuz, hiru hatzeko zabalera utziz, 5 cm inguru alegia pareen artean; espazio honi lerro esaten zaio. Zerriak 20 lerro izan behar zituen metroko, nahiz iritzira egitean 21 atera zitezkeen. Josteko lana amaituta, makiletatik atera behar zen, josi gabeko zati hori errematatzeko, hots, hutsuneak josteko, horrela esaten baitzioten. Gero seska ateratzen zen –zerria zabaltzen-, eta bi muturrak lotzeke geratzen ziren; ondoren, hauek josi beharra zegoen, albeniak josi alegia, pieza amaitzeko.

Zerrietatik abiatuta, alportxa mota guztiak egiten dira; honetarako beste lan batzuk egin behar ziren, tolestea eta jostea esate baterako.

Espartzugin beteranoek gogoan dutenez, orratzek ihes ez egiteko arnasa botatzen zuten hatzetan.

Batzuetan, balde batean, sokak tindatu egiten zituzten, produktuak ikusgarriagoak izan zitezen.

Espartzuzko produktuak egin ahal izateko, aritzea eta aritzea ezinbestekoa duen eskarmentua behar da.