Zaharberritzaile berriak

Denboraren poderioz hondatutako eraikinak konpondu eta edertzea ohiz artisauen lana izaten zen; horiek garaian garaiko ezagupenak erabiliz lan egiten zuten. Hala ikasitako “formulak” belaunaldiz belaunaldi eskualdatzen ziren gremio bakoitzaren barruan eta isilpean, ezkutukerian ez esatearren. Baina gutxitan gertatu da jarduera hori, profesional kualifikatu eta hezkuntza akademiko eta praktikoa dutela, beren jakintza modu iraunkorrean eguneratzen duten profesionalen eskuetan egotea.

Amaia Arrieta Ugartondo (Gasteiz, 1970) zaharberritzaileen belaunaldi berri baten beste eredu garbi bat da. Marrazki eta pintura zalea ia-ia haurtzarotik, ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean hasi bazituen ere (1988-1993), Bartzelonako Unibertsitatean lizentziatu da Arte Ederretan; geroztik hainbat espezializazio ikastaro egin ditu.

Amaia Arrieta 1993. urtean hasi zen lanean. Handik hona esperientzia nabarmena lortu du hainbat gaietan. Ia beti beregain lan egin du eta batzuetan ondare higigarri eta higiezinak zaharberritzeko enpresa espezializatuentzat Galizian, Errioxan, Katalunian eta Euskal Herrian. Araban batez ere beregain lan egin du.

Amaia ArrietaAmaia Arrieta zaharberritze lanetan. (Petra, SKoop-ek utzitakoa).

Baina 1998. urtean hasi zen pintura murala, harria eta harri polikromatua ikasten. Gasteizko hainbat eraikin enblematiko zaharberritze lanetan parte hartu zuen, hala nola, San Pedro elizako portikoa, San Antonioko fatxada eta Petra SKoop enpresarekin Andre Mariaren katedraleko portikoa. Gaur egun azken enpresa horretan ari da lanean.

Arabako Kontserbatzaile eta Zaharberritzaile Profesionalen Elkarteko kide da 1997. urteaz geroztik, baita Zutabe Arabako Ondare Historiko-Artistikoaren Kontserbazio eta Hedapenerako Kultur Elkartekoa  ere.

Zaharberritzaileak gustura sentitu behar dira ondo egindako bere lanarekin, eta gainera beharrezkoa dute osasun ona izatea eta indartsu egotea, baita garaiera handietan lan egiten dutenetan zorabiorik ez izatea ere. Gure Herrian lan egiten dutenek, gainera, badute beste zailtasun bat: eguraldia, kontuan izan behar baita sarri aire zabalean eta aldamio gainean lan egin behar izaten dutela. Pazienteak izateaz gain, hainbat espezialistekin (historialari, arkitekto, eta abar) taldean lan egiten jakin behar dute, holako lan batean espezialista askoren partaidetza behar izaten delako. Zaharberritzea egin behar den lekura arte joateko prest egon behar dute, askotan gainera beren ohiko bizilekutik urrun.

Baldintza horiek guztiak kontuan izanik, harrigarria gertatzen da zaharberritzaile gehienak emakumeak izatea eta gainera eragingarritasunez eta emaitza onak lortuz lan egiten dituztenak izatea. Bidezkoa da zaharberritzaile horien erantzukizuna gogoraraztea, edozein hutsegitek ondare historiko eta kulturala, batzuetan bakarra eta errepika ezina, modu itzulezinean honda dezakeelako.