Lanabesak eta materialak

Anak eta Silviak 80 m2 inguruko (20 x 4 metro) lantegia dute Duran-gon (Bizkaia), eraikin bateko beheko oinean. Lokalak bi kaletara ematen du eta bietara du irteera, leiho ederrekin ondo argiztatzen da egun argiz; lantegiaren zati bat administrazio gauzetarako atondu eta egokitu dute.

Lantegian badituzte tamaina askotako mahaiak artisauek beren lanak egiteko premiazkoak. Hormetan itsatsita dauden apalategiak ere garran- tzitsuak dira, bertan gordetzen dituztelako laneko lanabesak: tresnak, erremintak, materialak eta hainbat produktu.

Makinak ez dira asko ere, baina kontuan izan behar da zaharberritze lana gehienbat esku-lana dela. Makineriari dagokionez honakoak aipa genitzake: zulagailu batzuk, barneragailua, lixagailua eta marrusketa elektrikoak, eta ordenagailu batzuk. Erremintei dagokienez, esan behar, aroztegi eta zurgindegietan ohiz erabiltzen direnak dauzkatela: eztenak, trintxak, zerrak eta eskuko zulagailuak, bihurkinak, aliketak, kurrikak, limak, arraspak, mailuak, eta abar, baita bisturiak, injektoreak, espatulak, sarjentu pintzak, eta holakoak.

Altzariak zaharberritzeko erabiltzen diren materialek garrantzi handia dute: zurezko xaflak, tinda gai naturalak, egin beharreko lanaren arabera prestatu behar diren anilinak, bernizak eskametan gero etanolean nahasteko (goma-laka), artisauek beraiek prestatutako ezkoak, ezko industrialak, animalia atalekin egindako kolak. Untxien edo idien kartilagoekin egindakoak oso itsaskorrak izaten dira; arrainen kartilagoekin egindakoak, ordea, urreztatzeko erabiltzen dira. Horrez gain badituzte beste mota batzuetako produktuak ere, hala nola, margoak, akuarelak, olioak, aglutinagarriak eta pipiaren kontrako produktuak, eta abar.