Hiriko postariak

Oro har nahiko tamaina handiko hiriguneetako posta bulegoko administrariaren menera zeuden, eta ohiz eskualde barruan jarduten zuten. Posta bulego handietan gainera postari nagusi bat ere izaten zen, hiriko postari batzuen arduraduna izaten zena. Hiriko postarien funtsezko lana ohiz korrespondentzia sailkatu eta banatzea izaten zen, baina izaten zituzten beste eginkizun batzuk ere, hala nola, postontzietan herritarrek utzitako postak jasotzea.

Korrespondentzia lehenbizi pilaka metatzen zen iritsi ahala zona, auzo eta kaleen arabera. Ondoren zenbakien arabera sailkatzen zen postariak egin behar zuen ibilbidea jarraituz. Posta arruntak eta erregistratuak bereizten ziren, eta administraria arduratzen zen igorpen eta ordaintze bidalketetaz. Erregistratuta iristen ziren postei atzealdean data jartzen zieten zigiluaz. Bidaltzekoa zen posta erregistratuari, ordea, eskuz jartzen zitzaion marka postaren "zigilua eta gutuna markatzeko tanpoiaz".

Iritsitako posta guztiaren banaketa amaitu arte irauten zuen lanaldiak; sarritan, beraz, ordutegi argirik gabe lan egiten zuten. Valentín Crescente Saez de Cámarak (1923-2001) 40 urtez lan egin zuen postari Gallartan, eta berak gogoratzen duenez, hirurogeiko hamarraldiaren hondarretaraino banaketa egunero egiten zen, igande eta jaiegunak barne. Urte askotan gainera ezin izaten zuten oporrik hartu, ordezko langilerik ez zutelako aurkitzen.

Banatzen hasi baino lehen postariari uniforme osoa janzteko eskatzen zioten. Hori kolore bakarrekoa izaten zen urte guztian, baina gero udan gris koloreko uniformea janzten hasi ziren eta neguan itsas-urdin kolorekoa. Bi uniforme horiek, zuria zein itsas-urdina, bi alboetan erraia gorriko txaketa batez eta prakaz osatzen ziren. Zapatak edo sandaliak, uda edo negua izan, eta ezinbesteko plater-kapela, postariari ofizialtasun itxura ematen ziona. Sorbalda gainean larruzko poltsa hartu eta txistuak jotzen zuenean kalera banaketa egitera.

Gure herrialdeko eskualde batzuetan postariak etxeetara igotzen ziren eta gutunak hartzailearen eskuan jartzen zuten. Hala ere, beterano batek adierazi digunez, hirurogeiko hamarraldian ohiz postariak "txistu luze bat jotzen zuen, pixka bat itxaron eta hartzailearen izena aldarrikatzen zuen, hori jaitsi eta gutuna edo bidalketa eman ziezaion". Postariak bera iritsi dela jakinarazteko, txistuaz gain, egurrezko ateetan egoten zen aldaba jotzen zuen, modu berezi edo hartzailearekin aldez aurretik itundutako moduan. Ohiz, etxebizitza zegoen oinaren adina aldiz jotzen zen aldaba, etxebizitza eskuinekoa zenean, eta beste horrenbeste eta errepikapena ezkerrekoa zenean. Hau da: "hartzailea 3. oineko eskuinean bizi zenean, postariak aldaba hiru bider jotzen zuen, eta hartzailea 3. oinean baina ezkerrean bizi bazen, hiru bider eta mailuko kolpe batzuk".

Hiriko postariakHiriko postariak Donostian zorroak bizkarrean hartuta 1946an, banaketari ekiteko prest (Kutxako fototeka).

Egoera bitxiak ere gertatzen ziren, adibidez, oin altu baten bizi zen emakume batek saskitxo bat jaisten zuen eskailera-zulotik behera lokarri batekin loturik postariak korrespondentzia han sartu eta igotzeko.

Gerra ostean bizikletak banatu zizkieten postariei eta hirurogeita hamarreko hamarraldian motorizatzea (ziklomotoreak eta motoak) eta automobilak urte batzuk geroago. Horrekin, beraz, banaketa zertxobait gizartartu zen.

Joakin Alberdi Artetxe 1920an jaio zen Azkoitiko Izagirre-aundi baserrian. Joakinek 37 urtez lan egin zuen hirugarren postari bere herrian bere anaiarekin bat. Orain bere semeak gogorarazten digunez, 1950. urtearen inguruan korrespondentzia gutxi zebilen "beraz, posta zorroa etxean utzi eta eskuan eramaten genuen banatu beharreko korrespondentzia". Gehienak familia arteko gutunak ziren, baita soldadutza egiten ari zirenei bidalitako arropa eta janari fardelak; "oso gutxi ziren igorpen eta itzulketak". Garai hartako ordainsariak ere txikiak ziren, apenas 8.000 pezeta urtean, "gizarte segurantza eta guzti".

Hirurogeita hamar eta laurogeiko hamarraldietan Euskal Herriko hainbat lekutan kale askoren izenak aldatu egin zituzten. Bestalde, etorkinek utzitako postari lanpostuak bete behar izan ziren, baina gutun asko ohiko helbidearekin etortzen zenez, herria ezagutzen zuten postariek postetako helbideak kale-izendegi berrira egokitzeko lana hartu egin behar izan zuten beren ohiko lanaz gain.

Laurogeiko hamarkadaren hasieran, postari funtzionarioen hileko ordainsaria 50.000 pezeta ingurukoa zen, ia behin-behinekoek jasotzen zutenaren bikoitza. Industriaren krisialdiko urteetan postarien lanpostu bete gabeak nahiko erraz betetzen ziren, hau da, kontrako egoeretan gertatzen zenaren kontrakoa.

Azken urteetan postari eta posta-hartzaileen arteko harremanek aldaketa garrantzitsua izan dute, besteak beste, familia arteko gutunak ia erabat desagertu direlako, etxeetan txirrinak eta postontziak jarri direlako, eta publiposta eta posta bidezko salmenta hedatu direlako. Horren guztiaren ondorioz, harreman horiek hotzagoak dira eta ez dira lehen bezain lagunartekoak, batez ere hiri handietan. Izena ere aldatu egin da, antzinako hiri-postarien izena gaur egun Sailkatzeko eta Banatzeko Laguntzaileak (ACR) delako.

Postari emakume batPostari emakume bat korrespondentzia postontzietan sartzen 1970. urte aldera.