Alabastroaren tailagileak

Alabastroz egindako lanetan, funtsezko eragina dute harriaren kalitatea (koloreak, tonalitateak, zainak eta abar) eta artista edo artisauaren abilezia. Esan liteke harri hau ez dela beste harri batzuk bezain gogorra (Mohs-en eskalan 2,2 eta 2,7 bitarteko gogortasun maila du) eta horri esker artisauen lana errazagoa da, edo, behinik behin, nolabaiteko erraztasunarekin aritu daitezke lanean.

Eskultore eta artisau nabarmenenek alabastroa erabili dute iraganean, eta horren lekuko ditugu eskultura, aldare eta ontzi ugari, bai eta eraikuntzan izan duen erabilera zabala ere. Antzinako zizelkariek, “benetako eskultoreak”, alabastroa arbastatu, bertan zirriborroak egin eta obra tailatu behar zuten, eta horrek “praktika eta pazientzia handia eta lana arretaz egitea” eskatzen zuen. Dagoeneko aipatu dugun bezala, erreminta batzuk erabiltzen zituzten, “burdinak” izenez ezagunak.

Gaur egun, artista ezagunek, eta horien artean Eduardo Chillidak, harri hau erabiltzen dute beren obretan.

Baina alabastroaren tailagile ezagunak ere badira. Haien obrak, norberak diseinatutakoak, eskultura eta artisautzaren artean koka daitezke. Lanari hasiera emateko zirriborro batean zehazten dituzte lortu nahi duten irudi edo objektuaren oinarrizko ezaugarriak, ondoren txantiloia prestatzeko. Jarraian, “zerrote handiak” erabiliz (atzera-aurrerako zerra handiak) alabastro blokea garbitzen dute behar duten neurriko pieza lortu arte (bukaeran behar duten neurritik gora). Horren ondoren, alabastroa markatzeko txantiloia materialaren gainean gida moduan jarrita “soberakinak” kentzen dituzte, arotzek erabiltzen duten bezalako puntadun zerraren laguntzaz. Jarraitzeko, zizelak, trintxak, gubiak eta mailu pneumatikoa erabiliz “arbastatu” egiten dute nahi duten irudia edo objektua lortu arte. Azkenik, barautsekin (“broquicas”) leundu egiten dute obra.

Alabastroa eraldatzen diharduten enpresetan, torneatu ondoren, “pieza tailatuak” izenekoak baino ez dira iristen langile espezialisten, “tailagileen”, eskuetara. Artisau horiek hainbat apaintze lan egiten dituzte piezetan (erliebeak, irudiak, loreak, beste batzuen artean), abilezia eta eskarmentu handiko lanak. Funtsean mailu pneumatikoa erabiltzen dute, “barauts” izena duten fresa mota desberdinak jarrita, eta gubiak eta trintxak ere bai.

Jarduera honetan ematen den prezioen arteko lehiak eragin negatiboa du artisau lan eta kostu handiena duten “pieza tailatuetan”. Gaur egun, oso tailagile kopuru murritzak ditu alabastrora marrazki edo argazki konplexuak pasatzeko behar adina ezagupen edo eskarmentua. Gainerako tailagileek (hamabi edo hamabost inguru) aurretik egindako marrazkiak kopiatu baino ez dute egiten. Ohikoa da tailagileen artean emakumeak ere egotea, eta gaitasun handiko artisauak izatea.

Tailagileek espezialistak lanean ari direla behatuta ikasten dute lanbidea. Ikasteko prozesuak urtebete edo bi urte irauten zuen, norberaren gaitasunen arabera. Alabastroaren Artisau Aprendizen Eskola martxan jarri zen, baina ez zuen jarraipenik izan. Lan ondorioetarako, espezialista hauek ofizial kualifikazioa izan dute.