Auzotarren arteko auziak

Antxon Aguirre Sorondoren Orio eta Getariako historiari buruzko liburuetatik informazio hauek nabarmenduko ditugu.

1557ko maiatzean Orioko arrantzaleek Getariakoak salatu zituzten, Batzar Nagusiaren eta errege agintea probintzian ordezkatzen zuen korrejidorearen aurrean, legatzetan aritzeko erabiltzen zituzten sareek “sardinak urrunarazten” zituztelako. Batzarrak gaiari buruzko espediente bat ireki zuen, baina bi aukera ziren, batetik Getariak alegatzea bere sareak ohikoak eta erabilera orokorrekoak zirela, proposatuz bide batez bizpahiru urtetan ez erabiltzea arrantzaren gainean inolako eraginik ez zutela egiaztatzeko, edo bestetik sare horiek erabiltzea galaraztea. Batzarrak gaia aztertzeko konpromisoa hartu zuen.

Salaketa horri esker jakin badakigu lehen amuz arrantzatzen zutela legatza, harik eta 1550 inguruan Getariako bizilagunak “legatzetarako sare bolanteak” botatzen hasi ziren arte; horiek dena “garbitzen eta soiltzen” zuten, “distirak” eragiten zituztelako, gauez batez ere, eta arrain guztiek ihes egiten zuten, sardinak bereziki, aurretik oso ugaria bazen ere data horietan jada apenas arrantzatzen baitzuten Zarautz eta Oriko kostaldean. Adibide gisa, adierazten dute sardinak 3 erreal eta 3 marai egiten zituela, milako, eta milako 11 errealetaraino igoa zela. 1558ko maiatzaren 27an korrejidoreak ezarri zuen “arrantzan aritzeko eta ‘bolenta’ izeneko legatzetarako sareak erabiltzeko” galarazpena.

Gaiak denbora luzez segitu zuen ordea, eta hala 1566an Oriok berriro salatu zuen Getaria, “sare kaltegarriz” arrantzan aritzeagatik. Probintziako Batzarrak dekretatu zuen Getariakoek arrantzan ez egitea “legatzetarako sareekin”, Oriokoekin zuten auzia amaitu bitartean; auzia bera azken hauen kontura izango zen, eta horrek salatzaileen beste protesta bat eragin zuen; dena den, batzarkideen aldetiko berrespen erabatekoa besterik ez zuten lortu(4). 1570eko urtean gaia auzitegietan zegoen artean(5).

1733ko abuztuan, arrantzaren errentari Josef Insaustiri ohar egin zioten, batetik “tresmailik” zein “txingarik” ez zedin zabal (tranpa sareak dira), ohiko parajeetan izan ezik, eta bestetik beste inolako sare motarik ez jartzeko Usaberartzako parajean (kostaldean dago), Arranoaingo hondartzan, Oribarzar, Arrigorzia, San Juanpea, Antillako mutur eta Sudugarai parean, eta oholesiraino. Antillako Muturretik beherantz ez zen kordel eta amu solterik baimentzen, ezta “bara eta amuzko” arrantzarik ere ontzi txikietan, barrederak zabaltzen ziren lekuetan.

Getariako bista. (Argazkia: Javier Carballo)Getariako bista. (Argazkia: Javier Carballo)

1774ko arrantzako ordenantzek, erresuma osoan aplikatzeko ziren, honakoa zioten 12. artikuluan: “Basailuek baimena izango dute arrantzan libre aritzeko kosta, portu eta itsasadar guztietan”. Horretan oinarriturik, oriotar batzuk kanalean hasi ziren arrantzan, kontzejuak zeukan monopolioari desafio eginez. 1777ko uztailaren 31ko arratsaldeko lauretan, alkateak Kofradiari jakinarazi zion kanalean sareekin arrantzan harrapatzen zituztenei 10 dukateko isuna jarriko zitzaiela. Kofradiak korrejidorearen aurrean apelatu zuen, eta gero auzi instantzia gorenean, Valladolideko Errege Kantzelaritza baitzen, eta honek herriari eman zion arrazoia: arrantza librea baimentzen zen, baina bakar-bakarrik ur ertzetik edo hondartzetan kanabera eta amuz.

1859ko maiatzaren 29an, Zumaiako Ignazio Zendoiak “rastra” edo draga sarea, txalupa biak bere aparailu eta guzti, eta aingura txiki bat propio sortutako “Rastra de San Nicolás de Orio” sozietateari saldu zizkion; sozietate horretan 33 bazkide ziren, Zendoia beraz gain. Sozietatearen helburua sare horrekin antxoatan aritzea zen, bai lurrak ongarritzeko bai fortunatzen zenean erabiltzeko. Guztia 10.500 erreal kuartotan baloratu zuten. Irabazietatik herena Zendoiarentzat izango zen, eta beste bi herenak sozietatea osatzen zuten Orioko 33 arrantzaleentzat.

1862an, artean kanaleko arrantza esklusibotasunez errentatzen zen. Urte horretan esleipenduna herriko Antonio Alkorta Solabarrieta izan zen, ezkondua, 45 urteko nekazaria. “Antxoa eta sardina” izan ezik, Orioko biztanle guztiek arrantza baitzitzaketen sarez, bakar-bakarrik Antoniok zeukan ibaian arrantzan aritzeko eta Otzabelartzan nasak jartzeko baimena(iv). Hartutakoaren heren batek behintzat salmentarako egon behar zuen herrian, jendaurrean, ordubetez. Sareak ezin zituen garbitoki handian garbitu, ezta tutu eta iturrietan ere.

Baina nasek bazuten eragozpen bat, hainbat espezieren ziklo naturala oztopatzea alegia, esaterako ibaian gora egin behar duen izokinaren kasuan, eta ontzien zirkulazioa ere eragozten zuten. 1505eko urteaz geroztik, Gipuzkoako Batzar Nagusiek arautu zuten nasak eta sareak zeuden tokietan horiek ongi seinaleztatuta egon beha zutela, eta “ibaiaren ibilguaren” heren bat libre utzi behar zela txalupak eta ibaiko ontzi txikiak igarotzeko. 1512an Probintzia (Diputazioa) auzitan sartu zen Orio, Aginaga eta Atxega etxeko Joan izeneko baten kontra, ordenantza betetzeko eskakizunez; gaia auzi instantzia gorenera iritsi zen: Valladolideko Kantzelaritzara.

I) VEKA. Reales ejecutorias C. 278/39.

II) GPAH. III. sekzioa, 1885. legatua, 19. fol.

III) GPA. CO. MCI. 406. V.E.K.A. C. 2449/5. Olim. L. 816

IV) GPAH. III. sekzioa, 2001. legatua, 181. fol.

V) GPA. JD. IT. 2688. 4

VI) Díez de Salazar Fernández, Luis Mª Ayerbe Iribar, Mª Rosa (ed.) Juntas y Diputaciones de Gipuzkoa (1574-1577), lan aip., 214., 420., 480. or.

VII) VEKA. C. 994/1.

VIII) Díez de Salazar Fernández, Luis Mª Ayerbe Iribar, Mª Rosa (ed.) Juntas y Diputaciones de Gipuzkoa (1565-1568), 286. or. eta hur.

IX) Díez de Salazar Fernández, Luis Mª Ayerbe Iribar, Mª Rosa (ed.) Juntas y Diputaciones de Gipuzkoa (1569-1730). 107. or. eta hur.