Lan baldintzak

Azkeneko hamarkadetan, ohikoa zen urtean bi kanpaina egitea. Lehenengoak urtarrilaren erdialdetik (“San Sebastian egunaren ingurutik”) uztailera arte irauten zuen, hau da, 4 edo 6 hilabete inguru, ontziko sotoa bete arte (600 eta 1.100 tona bitarte); bigarrenak, ordea, ontzia deskargatu eta prestatzen zenetik Gabonak baino pixka bat lehenago arte, orduan bueltatzen baitziren hartutakoarekin. 60ko hamarkadaren lehendabiziko urteetan sistema berri bat ezartzen saiatu ziren, tripulazioak ontziz aldatzea, alegia, Ternuan 4/6 hilabete zeramaten arrantzaleak itsasontziz aldatu eta ordura arte hartutakoarekin bueltan etortzea. Horretarako ontzi huts bat bidaltzen zen. Sistema berri honek ez zuen arrakastarik izan.

Arrantzan ari zen ontziak erregai edo janaria behar zuenean, gertuen zegoen portura abiatzen zen eta ontzia hornitutakoan lanean jarraitzen zuten.

Bakailaoaren arrantza ekaitz gogorreko eta hotz handi eta laino ugariko eremuetan egiten da, eta horiek dira arrantzaleek aurre egin beharreko arrisku handienak. Tropikoko zikloiak ere, 60 korapilo arteko haizeak dituztenak, oso arriskutsuak ziren eta zuhurtasuneko neurriak hartu behar izaten zituzten.

Eskarmentu handiko arrantzaleek gogoan dute “sei eta hamabi arteko indarra izan zezaketen” ekaitz gogorrak izan arren arrantzan jarraitzen zutela. Era berean, tenperatura baxuak ere gogoratzen dituzte, zero azpitik 20º artekoak; askotan izotz kantitate handiak pilatzen ziren ontzi osoan, batez ere “masta, estaia, gainalde, eta abarretan”, eta kendu egin behar izaten zuten pisua handitzeak arriskua zekarrelako ontziaren orekarako. Horri “izotza xehatzea” deitzen zitzaion eta labana, mailu eta beste hainbat tresnaren laguntzaz egiten zen. Babes jantziak erabiltzen bazituzten ere, oso lan gogorra zen hori, arropak emandako babesa ez baitzen nahikoa izaten.

Baina arriskurik handiena lainoa zen; izan ere, bakailaoaren jana pilatzen den lekuetan tenperatura desberdineko hainbat ur korronte elkartzen dira, eta horrek oso laino trinkoak sortarazten ditu. Lainoak asteak eta asteak iraun ditzake eta ikus-eremua zeharo murrizten du. Ondorioz, ontziek elkar jotzeko arriskua zegoen, eremu txiki xamar batean ontzi ugari aritzen baitziren arrantzan.

Ontzian arraina despiskatzen eguraldi ona lagunOntzian arraina despiskatzen eguraldi ona lagun. Pysbe argazkia.

Ondorio larriak izan dituzten talkak ugariak izan dira, adibidez “Tornado” ontziak “Tifón” izenekoa jo zuen, edo “Ogoño”k “Isturiz” ontzia. Bi istripuak 1955an gertatu ziren eta minutu gutxiren buruan urperatu ziren, baina, zorionez, tripulazioak erreskatatu egin zituzten. Gogoratu behar da berrogeiko hamarkadaren bukaera aldera arte ez zirela lehenengo radarrak iritsi, hasieran gabezia handikoak. Azkenean radarrek sirenak ordezkatu zituzten.

Groenlandiako glaziarretatik erori eta Hegoaldera Labradorreko itsaso-korronteak arrastaka eramaten dituen “Growler” (izotz puska handiak) izenekoek arrisku handia zekarten, baita ur gaineko izotzek ere; izan ere, urtzean horiek barruan zeramatzaten harriak itsas hondoan gelditzen ziren, eta sareak herrestan eramatean honda zitezkeen.

Horri guztiari gaineratu behar zaio ontziak diseinatzerakoan tripulazioa baino gehiago bakailaoa hartzen zela kontuan. Hori zela eta, arrantzaleek oso espazio txikitan bizi behar izaten zuten: logela komunak zituzten, gutxieneko higiene baldintzarik eta intimitaterik gabeak, jangelak ere oso txikiak eta abar; horrek guztiak ezinegona sortzen zuen marinelen artean eta haien elkar bizitza hondatu egiten zuen. Ondorioz, zenbaitetan, gatazka larriak eta borrokak gertatzen ziren. Hilabetetan zehar familiaren berririk ez izatea ere eragozpen handia zen, kasu batzuetan oso eragozpen garrantzitsua.

Elikadura, bitamina eta kaloriei dagokienez, eskasa zen. Funtsean, hartutako arrainak jaten zituzten. Ogia ontzian bertan egiten zen eta egunero hiru litro laurden ardo eta fruta pixka bat ematen zitzaizkion marinel-arrantzale bakoitzari. Bakailaoen buruak erabilita prestatzen zen zopa ere tripulazioen ohiko elikagaia zen.

Baldintza horietan bizi izateagatik, maiz gaixotasunak eta istripuak gertatzen ziren, normalean gorabehera txikiak (baina heriotza kasuren bat edo beste ere gertatu zen), ebakiak, izozteak, infekzioak eta abar. Ontzi-buruek horiek guztiak sendatzen saiatzen ziren, zoriaren eta marinelen gaztetasunaren laguntzaz. Oso kasu larriak gertatzen zirenean baino ez ziren zaurituak edo gaixorik zeuden marinelak hurbileneko portura eraman, eta han ospitalean uzten. Sendatutakoan, marinel horiek portuan sartzen zen edozein ontzik eramaten zuen bere lantoki zen txalupara.

Tifón ondoratzen Tornadoren erasozTifón ondoratzen Tornadoren erasoz. Tripulazioa onik atera zen. Pysbe argazkia.