Balmasedako eltzea

XIX. mendean zehar eta XX. mendean ere, tren bidaia luzeak egiten ziren. Trenerako eltze bereziak erabiltzen hasi zirenean, trenean joaten ziren langileen (tren-gidariak, suginak, galgariak eta abar) elikadura nabarmen hobetu zen.

Eltze berezi horiek metalezkoak ziren eta horma bikoitza izaten zuten. Erdiko zuloan prestatu nahi zen janaria jartzen zen, eta tren-makinaren galdararen kanilaren bitartez, bi hormen artean lurrina sartzen zen, horrela jakiak egosi ahal izateko. Hala ere, langile batzuek, esaterako galgariek, tren-makinan lanik egiten ez zutenez, ezin zuten sistema hori erabili, eta horren ordez ikatz-txingarra erabiltzen zuten. Prozedura hura erabili zutenen esanetan, oso gisatu goxoak ateratzen ziren, askotan geltokietako langileek ere nahi izaten baitzuten.

Eltze ezagunena Balmasedakoa zen, eltzekari edo trenbideko eltzea ere esaten zitzaiona. Gehienetan zortzi eta 25 anoa artekoa izaten zen, eta bertan babarrunak, garbantzuak eta dilistak prestatzen ziren egur-ikatza erabiliz.

Eltze haiek 1960ko hamarkadan lurrinezko tren-makinekin batera desagertu ziren arren, harrez geroztik, urtero, urriaren 23an Severino deunaren eguna ospatzen da Balmasedan, jai benetan garrantzitsua. Egun horretan trenbideko-eltze lehiaketa izaten da, eta bertan izugarrizko partaidetza izaten da, ehun talde baino gehiagok parte hartzen baitu.

Lehiaketa horri esker La Robla trenbide linean (Bilbo-Leon) egiten zen eltzearen ohitura mantendu da, hamarkadetan trenbideko langileen oinarrizko elikadura izan zena.