Bitxigintzaren artea

Bitxigintzan hiru maila bereizi daitezke, artikuluen prezioaren arabera. Artikulu merkeenen modeloak behin eta berriro errepikatzen dira eta era industrialean egiten dira; balio ertainekoak serie txikitan egiten dira eta neurri handi batean eskuz lantzen dira, nahiz eta horiek egiteko erabiltzen diren teknikek hainbat pieza berdin egitea ahalbidetu; prezio handiagoko bitxiak edo goi mailako bitxigintza elaboratzeko prozedura, berriz, erabat eskuzkoa da, eta ondorioz pieza bakarrak lortzen dira.

Sarritan, bitxigile autonomoek goi mailako bitxigintzan eta erdi mailako hainbat bitxiren elaborazioan dihardute, horien salmentan eskulanaren kostu handiagoa sartu ahal izateko; dena den, oro har, horrek bukaerako prezioan portzentajea txikia baino ez dakar.

Pieza berriak egiteaz gain, bitxiak konpondu, berriztatu eta  lehenagoko diseinuak kopiatzen dituzte. Zailtasun handiko lana da hori, eta bezeroek maiz eskatzen diete. Bitxi bat beste bitxi bat bihurtzea, bezeroak emandako zatiak erabilita eta horren  argibideei jarraiki, hori ere maiz egiten den lana da.

Zenbaitetan, beren diseinuak sortzen dituzte, eta beste batzuetan bitxiak diseinugileek egindako zirriborroen arabera lantzen dituzte, horiek interpretatu eta garatuta, beti pieza bakarrak lortzeko asmoz.

Maiz, beraiek egiten dituzte bitxiak osatzen dituzten pieza edo elementu gehienak, horretarako metal nobleen zatiak erabilita, urrea, platinoa edo zilarra, esaterako, eta horiei harribitxiak eta brillanteak eransten dizkiete. Harribitxiak erabat landuta erosten dizkiete fabrikatzaile espezializatuei agenteen bitartez.

Artisau beterano baten arabera, “bitxigintzan ia dena egiten da”. Bere iritziz, bitxigileak garbi jakin behar du zer bitxi lortu nahi duen, perfekzionista izan behar du eta etengabe aritu behar du lanean “akabera ona duen bitxia, errematatua eta maiz simetrikoa” lortzeko.

Bitxigile baten lan mahaiaBitxigile baten lan mahaia . (Julen Zabaleta argazkia).

Beste bitxigile aditu baten iritziz, lanbide honetan ezinbestekoa da ongi marraztea eta elaborazio prozesu osoan zehar lortu nahi den piezaren ikuspegi espaziala edukitzea. Horretaz gain, bere ustez, bitxi guztiak desberdinak dira eta diseinatzeko eta elaboratzerako garaian espezialistak teknika ugari hartu behar ditu gogoan, baita urrearen eta platinoaren ezaugarri eta portaera ere. Gemologiaren inguruan ezagupenak izatea ere oso beharrezkoa da.

Aipatutako lan horiek guztiak egiteko eskarmentua eta tailerrean praktika handia izan behar dira, jarduera profesional honetan sortzen diren arazo ugariei irtenbidea bilatu eta egunero eskulaneko teknika desberdinak erabili, bitxigilearentzat hori baita era bakarra aurretik egin ez duen pieza bat egitea lortzeko.

Belarritakoak, eraztunak eta lepokoak egiteko teknika desberdinak erabiltzen dira, eta bitxigileak teknika horiek menperatzen baldin baditu lan ona egin dezake, denbora eta materiala aurreztuta. Ezaugarri horiek ere beharrezkoak dira bitxiak konpontzeko eta, batez ere, erreproduzitzeko.

Profesional beraren arabera, bitxigileak sormen handikoa behar du izan, bitxi desberdinak lortzeko etengabe sortzen zaizkion arazoei irtenbidea bilatzeko, eta, aldi berean, bezeroarengan harridura sortzeko. Halaber, jakin badaki erosleak kopuru handia ordaintzen duela bitxi bakoitzarengatik, eta, hortaz, bukaera ona eman behar diola. Bitxigile onak eklektikoa izan beharra dauka, pieza diseinatzerakoan zein gauzatzerakoan, eta teknika egokia bilatu eta ikasi beharra dauka, mentalitate irekiarekin lan eginez. Aipatutako bi bitxigileen aburuz, bitxigintza artea da.