Oso lan gogorra

XX. mendeko hirurogeiko hamarkadara arte baserri gehienek ez zuten motordun ibilgailuentzako sarbiderik izaten, eta, horregatik baserrietara inguratzeko sarritan asfaltatu gabeko bideak oinez zeharkatu behar izaten zituzten, haien fardelak bizkar gainean eramanez, gehienetan bi maleta, esku bakoitzean bat, edo sorbaldaren gainean zorro bat, “fardela” izenekoa. Askotan salgai zituzten produktuak koltxoi ehun batean biltzen zituzten, lau muturrak haien artean lotuta, eta dena larruzko gerriko batez lotzen zuten. Hala eta guztiz ere, ohikoa zen karga eramateko asto edo mando baten laguntza izatea.

Gure Herriko orografia malkartsua dela eta, aldapa gogorrak gainditu behar izaten zituzten eskaintzen zituzten produktuak bizkarrean zamatuta, “izerdi patsetan”. Ohikoa zen baldintza horietan egunean 15 Km inguru egitea eta 10 edo 12 baserritara bisita egitea.

Zenbait saltzaile goizean ateratzen ziren etxetik, eta aurreikusitako lan eremura hurbiltzeko berrogeita hamarreko hamarkadako garraiobide publikoak erabiltzen zituzten, hau da, trena eta autobusa, oro har garraiobidea behin edo bitan aldatuta. Era horretan iristen ziren oinez egingo zuten ibilbidearen abiapuntura. Egun osoko lanaldia izaten zuten, eta lana bukatuta, etxera bueltatzen ziren berriz ere garraio publikoak hartuta. Beste saltzaile batzuk hainbat egunetarako ateratzen ziren, eta ostatu edo benta batean instalatzen ziren. Hura abiapuntu hartuta inguruko eremuetan zehar ibiltzen ziren. Landa auzoetako taberna eta ostatuetan bazkaltzen zuten, ohiko tokietan, eta oso ezagunak izaten ziren. Taberna edo ostaturik izan ezean, janariren bat eskatzen zuten baserriren batean, eta maiz salgai zituzten produktuekin ordaintzen zuten.

Aterki handi bat eramaten zuten, tutu ardatz irmo eta bale bizar sendoak zituena bai eta oihal lodia ere euritik babesteko. bota sendoak janzten zituzten, oinez asko ibili behar izaten zuten eta. Esan beharra dago euria eginda ere ez zutela inolaz ere lana uzten.

vendedor ambulante de tejidosAsí recuerda Julen Zabaleta a "Coro", vendedor ambulante de tejidos, con su fardo de artículos y su vara de medir.

XX. mendearen erdialdera arte, saltzaile ibiltari batzuk baserrietan eskaintzen zituzten salgaiak mota askotakoak izaten ziren: emakumezko zein gizonezkoentzako barruko arropa, mediak, aurreko mantalak, egunero erabiltzeko bata, alkandora eta galtzak, gehienbat gizonezkoek lanerako erabiliak eta “Bergarako mahoi ehun gogorrarekin” egindakoak. Beste batzuk oihalak eta horien oihalkiak, popelin eta satina, saltzen aritzen ziren, emakumeentzako bata eta alkandorak egiteko aproposak.

Era beran, oihalen erakusgaia eramaten zuten soinekoak, maindire eta mantelak egiteko, eta haien eskaintza osatzeko hariak, botoiak, jostorratzak, eta guraizeak saltzen zituzten eta, zenbaitetan, labanak ere bai. Horiei kinkilari izena (kinkilleruak) ematen zitzaien, eta hedaduraz izen bera eman zitzaien oihalak saltzen zituzten saltzaile ibiltari guztiei. Hainbat lekutan (Tolosa, Eibar eta abar) “pasiego” izena ere ematen zitzaien.

Sarri askotan txakurrek iragartzen zuten kinkallerua bazetorrela eta haien etorrera gertaera bitxia izaten zen baserrietan, eguneroko lan erritmoa aldarazterainokoa.

Lehenengo eta behin, emakumeak beretzat behar zuena erosten zuen, gero seme-alabentzat behar zuena, eta, azkenik, senar eta etxeko gainerako gizonezkoentzat behar zuena. Nahi zuten artikulua izan ezean, saltzaileak gogoan hartzen zuen eta hurrengo bisitan ekartzen zien.

Artikulu guztiak handizkako biltegietan erosten zituzten. Saltzaile bizkaitarrek eta Gipuzkoako mendebaldekoek ia beti Bilbon erosten zituzten, baina hirurogeiko hamarkadatik aurrera herri txikiagoetan instalatutako handizkariei erosten hasi ziren, batzuk saltzaile ibiltariak hornitzen espezializatu baitziren. Azken biltegi horien menpe saltzaile talde bat (sei edo gehiago) zegoen, ingurune geografikoan era autonomoan lan egiten zutenak, nahiz eta haien artean lotura handia izan. Horiek elkarri errespetatzen zizkioten bai bezeroak bai jarduteko eremuak.