Produktuak eta prozesua

Miak honako lan hauek burutzen ditu:

  • Lihozko fularrak. Sorbaldan gainean ipini eta beroki edo apaingarri giza erabiltzen dira.
  • Trapuzko alfonbrak edo tapizak lurrerako.
  • Kotoizko eta artilezko zorroak. Soinean ere eraman daitezke, gurutzatuta.
  • Kotoizko gerrikoak eta eskumuturrak.
  • Altzari-estalkiak. 

Lanerako erabiltzen duen ehungailuan, 120 zentimetro arteko zabalera duten ehunak eho ditzake. Luzera nahi adinakoa. Hala ere, 60-85 zentimetro arteko zabalera duten ehunekin lan egiten du.

Antxon Aguirre Sorondok 2002. urteko ekainean (Euskonews 170)  aipatzen zuen bezala, gure herrian gehien erabili diren materialak artilea eta lihoa dira. Baserritarrek material hori ehungailuan ehotzen zuten ehuleei ematen zieten eta, diru-truke, ehuleek ehunak egiten zituzten.

Ikus dezagun nolakoa de Mia Rissanenen lana gaur egun: lehen pausoa kotoizko alkandorak, kamisetak, nikiak edo prakak eskuratzea izango da. Denak bildu eta kremailerak, botoiak edo metalezko beste objektuak kenduko dizkie. Garbitu ondoren, oihal-zerrendak aterako dizkie. Baina horrek ere badu bere prozesua: azpialdetik hasi eta arropa biratuz joango da, zerrenda ahalik eta luzeen eta etengabea izan dadin. Amaieran, mataza handi bat izango dugu eskuetan, eta, orduan, koloreen arabera bereiziko ditu zerrendak.

patchworkMia, bere patchwork edo adabaki-lan eder horietako batekin. (Argazkia: Javier Carballo).

Ondoren, irazkia prestatuko du. Irazkia ehungailuko hari-multzoa izaten da. Alfonbrak egiteko erabiltzen den haria eta baxurako arrantzan erabiltzen den sarea egiteko haria antzekoak dira, eta 150 hari inguru behar dira osatzeko. Lihozko sorbalda-zapietan, berriz, 300-400 hari inguru erabili ohi dira.

Irazkia egiteko, harilak hainbat ataltxo dituen tiraderan ipini behar dira. Tiradera horien goialdean hari-gidari bat dago eta irazkiko hariak handik igarotzen dira, harilkaira heldu baino lehen nahas ez daitezen. Orrazi-pasagailuaren laguntzaz irazkia ehungailuan ezartzea izango da hurrengo pausoa. Hariak, banan-banan sareetatik lehenengo eta gero orrazitik igaroko dira, eta azkenean irazkia tolesgailuan biribiltzen da. Segidan, irazkia tenkatuko da. Pedalak, berriz, dagozkien makila-igorgailu eta goiko hagei lotu ondoren, sortzen duten mugimenduaren ondorioz, bilbe batzuk igo eta besteak jaisten hasiko dira. Horiekin batera irazkiaren hariak mugitu egingo dira, anezka igarotzeko zuloa irekiz.

Ehungilea izango da, gurpil horzdunen bitartez, irazkiaren tenkatzea egokituko duena. Horretarako, ehundu beharreko materialaren malgutasuna eta lortu nahi duen produktuaren erabilera kontuan izango ditu.