Eibarko industria

Esan daiteke Eibarko industria, neurri handi batean, burdinaren eraldatze teknikak menderatzeko eta garai bakoitzean izan diren merkatu behar eta baldintza ezberdinetara egokitzeko bertako langileek izan duten gaitasunaren ondorio izan dela, gutxienez 1975eko krisia azaleratu zen arte.

1920ko hamarkada arte, Eibarren armagintza zen nagusi zalantza gabe, horrenbesteraino non zonaldea la armera bezala ezagutzeraino iritsi baitzen. Egoera horrek ondorio kaltegarriak ekartzen zituen; izan ere, produktu horien eskaria oso ziklikoa edo gora-beheratsua zen. Horrela, arazo ugari pasa ondoren, 1925-30 aldera eibartarrek bertako industria dibertsifikatzea lortu zuten. Batez ere bizikletak eta josteko makinak fabrikatzeari ekin zioten, baita burdindegietako produktuen ekoizpena sustatzeari ere. Gerra zibilaren ondoren, nahiz eta zailtasun ugari izan -besteak beste langile kualifikatu eta lehengai gabezia- eibartarrak berriz ere autarkia politikaren ondorioz sortutako baldintza berritara egokitu ziren, eta ordurako garatuta zituzten ekoizpenez gain idazteko makinak, makina-erremintak, ibilgailuetako osagaiak eta ziklomotoreak ekoizteari ekin zioten.