Historia pixka bat

Erraldoiei buruzko aipamenak oso-oso aspaldikoak dira, zeren eta mitologia greziarrean deskribatzen baitzituzten jada antzina-antzina lurpean bizi zen herri edo tribu gisa; eta haien borrokek gigantomachia deitua inspiratu zuten. Euskal Herrian ere badira haien antzekotzat har daitezkeen figurak. Pertsonaia mitiko hauen hainbat irudikapen gaur egun arte iritsi dira.

Alabaina, ez dakigu, ez behintzat modu fidagarrian, figura hieratiko hauek kaleetan zehar paseatzeko ohitura nondik sortu zen, eta honi buruzko iritziak bat baino gehiago dira: badira, batetik, erregeak eta ahaltsuak irudikatzen dituztela uste dutenak, Jainkoaren mendeko agertzen ari direlarik, eta badira, bestetik, kristautasunak garaitu zituen paganismoa eta bizioak sinbolizatzen dituztela diotenak.

Normalean, dena den, onartzen da figura hauei buruzko lehen berria, gure inguruan, 1263koa dela, Portugalgo Allenger-ekoa.

Ignazio Baleztenak dioenaren arabera, Arturo Kanpionek bere Don García Almoravid eleberrian egiten duen kontakizunak balio literario handiagoa du historikoa baino; honetan 1276ko San Ferminen prozesioa deskribatzen du, Nafarreriako kaleetan zehar igarotzen ari dela. Autore honek dioenez, “baldarki zizelatutako zurezko hiru erraldoi zihoazen aurretik: Peru Suciales, ikazkina, ikatz-zakuak ardo-zahagiekin ordezkatzen dituena; Mari Suciales, aizkoraz zekale-opilak mozten dituen egurgilea; eta Jucef Lucurari, juduekiko ezinikusiaren pertsonifikazioa, bere buztan izugarria lepoan bildua, ahotik, berriz, esneko bi txerrikume dituela erdi irentsirik”.

Erraldoi eta buruhandiakErraldoi eta buruhandiak Irungo Udaletxearen aurrean 1920an. (Kutxa Fototeka).

Festak AñorganKarmengo Amaren festak Añorgan, 1943an (Kutxa Fototeka).

Jose Maria Coreraren iritziz, berriz, XVI. mendearen bigarren hamarkadan agertu ziren lehen aldiz erraldoiak Nafarroan, Iruñean San Ferminen prozesioaren aurretik dantzan, eta hainbat agirik erakusten du mende horretako bigarren erdialdean Migel Burladari eta honek lanean izandako lagunari 40 erreal ordaindu zizkietela, “San Roke dohatsuaren egunean erraldoiekin ibiltzeagatik”.

Baina ia-ia hirurehun eta berrogeita hamar urte lehenago ageri zaizkigu jada, 1380an hain zuzen, erraldoi eta buruhandi figurak Bartzelonan, Gorpuzti Eguneko ospakizun erlijiosoei loturik.

Bilbon ere badira XVI. mendearen hasierako (1509) erreferentziak, Gorpuzti Eguna buruhandi eta erraldoi eta guzti ospatu izanari buruzkoak.

Azpeitiak San Inazio Loiolakoaren kanonizazioa zela-eta antolatu zituen festetan ere izan zen, erasota baitago, “oso eite ederreko eta aberats jantziriko erraldoien dantza bat, eta lurralde honetan berria izanik asko gustatu zitzaion jendeari”; 1622a zen.

Juan Garmendia Larrañagak, bere Lan Guztiak lanean (2. liburukia, 698. or.), azaltzen du 1657an Frantzisko Azpillagak zortzi erraldoi-buru egin zituela Tolosan (Gipuzkoa) Iruñerako, eta horretarako eredu bat izan zuela, hain zuzen berdinak edo ahalik eta berdinenak egin zitzan. Eredua Nafarroako hiriburutik ekarri zion Joanes Loperenak, bere mandoa erabili baitzuen horretarako. Autore berak azaltzen dizkigu 1778an Gipuzkoako udal honek egin zituen gastuak, Gorpuzti Eguneko festarako erraldoi berri batzuk eta mamu edo herensugea erosi behar zituela eta (4. liburukia, 462. or.).

Gasteizen, iritsi zaigun aipamen zaharrena 1643koa da; urte horretan, Hiriak galdatu behar dituen Eskubideen Araudi berriak jaso zuenaren arabera, zortzi dukat kuarto eman zizkioten Erraldoiak zaintzeko ardura zuen pertsonari. Geroago, 1728an, berriro aurkituko dugu Erraldoiei buruzko aipamena Quincuatro Seráfico Franciscano izeneko foileto batean. Baina 1917an abiatuko zen figura hauen aro modernotzat har dezakeguna, Arabari dagokionez.