Fideoak eta makarroiak

Artisau horien lana ez zen batere erraza. Izan ere, gehienbat erabiltzen zuten lehengaia, hau da, ogi-irina, garagar-irina edo zekale-irina kontrolatuta egoten ziren, eta ondorioz “kontrabandoan erosi behar izaten ziren, arto-irina ez bezala”. Errotetan bi harri joko izaten ziren: “zuriak”, zigilatuak, giza-kontsumorako irina egiteko; eta “beltzak” (ilunagoak) animali-kontsumorako irina egiteko. Zaintzaileen “ez jakin nahi" bati esker, askotan diruz ordaintzen zena, eta “zigiluak altxatzea” bezalako jarduerei esker bakarrik lortzen zuten lan egitea.

Beti bikoteka egiten zuten lan. Segundo Lopez de Aranak Zirilo Agirrerekin (1920) egiten zuen lan behar zuenean, eta askotan bezeroaren laguntza ere izaten zuten horretan. Baserrietan, etxeko sukaldean egiten zuten pasta. Auzoetan, berriz, bi edo hiru sukaldetan egiten zuten pasta bezero guztientzat. Egoneko pastagileen kasuan, “bezeroak beren etxeetara joaten ziren, eta bertan fideoak edo makarroiak jasotzen zituzten”, nahiz eta asko gustatzen zitzaien nola egiten ziren ikustea “mesfidantza handia baitzegoen”.

Makina muntaturik, piezak eta diskoakMakina muntaturik, piezak eta diskoak. Ezkerrekoa, makarroiak egiteko (15 zulokoa) eta eskuinekoa, fideoak egiteko (150 zulokoa).

Irina bezeroak eramaten zuen beti, eta artisauak egurrezko gabella batean egiten zuen orea, azpilaren antzekoa zena. Irinari ur beroa gehitzen zion, eta baita landare-anilina ere, hori kolorea emateko. Hala ere, artisau batzuek barraño izeneko buztinezko azpil batean egiten zuten orea, baina horrekin lehenago hozten zen, eta ez zen komeni. Beterano baten arabera “zailena orea egitea zen, lodia atera behar baitzuen. Fina ateratzen bazen, lana pikutara joan zitekeen".

Ohiko eskariak 2 eta 20 kg bitartekoak izaten ziren. Bezeroak errotariak baziren, berriz, eskaria 100 kg-koa ere izan zitekeen, gero hauek "Bizkaiko eta Gipuzkoako bezero iraunkorrei saltzen zizkietelako".

Fideoak eta makarroiak egiteko oso makina soila erabiltzen zuten: funtsezko elementua zilindro bat zen, eta oinarri bati zegoen helduta, gainazal lau baten gainean, gehienetan bi sargentu bidez mahai bati lotuta. Barruan aldez aurretik egindako orea sartzen zen, pistoi baskulatzaile bat zuen torloju batekin presioa egiten zitzaion; eta horrela, orea zulodun disko edo txantiloi ezberdinetatik pasatzean (produktu eta tamainaren araberakoak), produktu ezberdinak lortzen ziren.

Artisauetako batek torloju edo etxea biratzen zuen, eta bitartean, besteak bi eragiketa egiten zituen aldi berean: lehenengoa egindako produktua hurritz zurezko makiletan biribilkatzen zen. Gainera, fideo edo makarroiak elkar ez itsasteko, mataza eran biribilkatu behar zituen, eta horretarako eskuinetik ezkerrera biribilkatzen zituen makiletan. Bigarrena, beste eskuarekin egiten zuen: kartoi puska baten laguntzaz haizea ematen zion oreari, azkarrago hozteko. Prozesua amaitzeko, makilak bi aulkien artean jartzen ziren, gehienetan ganbaran edo beste lekuren batean, leihoak irekita zeudela, aire-korronteak sortzeko. Pasta biribiltzeko makilak, lata izenekoak, eta 1,5 metroko luzera eta inolako okerdura gabekoak, oso ugariak ziren Euskal Herrian.