Gainbehera 1950eko hamarkadan

XIX. mende erdialdera, industria-iraultzarekin batera, usadioz zurratzaile-gremioek larrua zurratzeko erabiltzen zuten prozesu luze eta neketsua nabarmen aldatu zen. 1890ean, taninoaren ordez kromo gatza erabiltzen hasi ziren larrua zurratzeko (zurraketa moten arabera). Larru puskak noke izeneko danbor birakari handietan sartzen ziren, kromo gatzarekin batera. Ondorioz, 12 hilabeteko prozesu luzea lau edo zortzi ordutara gutxitu zen. Danbor birakari horietan ere larrua karetan murgiltzen zen. Horrez gain, larrua garbitu eta beratu ere egiten zen, larruak prestatzeko prozesu luzea nabarmen gutxituz. Hasiera batean, danbor horiek mugitzeko gurpil hidraulikoak erabiltzen ziren, eta aurrerago lurrin-makinez eragindako polea eta uhalak.

Larruari ilea kendu eta ezkatatzeko lan batzuk danborrean egiten ziren arren, eskuzko pausoak mantendu behar izan ziren, besteak beste labana okerrekin egiten zirenak. Horren fede ematen duten XX. mende hasierako argazkiek.

 bomboBirzurraketa, larruaren hainbat ezaugarri batzuk lortzeko, argazkian ikus daitekeen bezalako bonboetan egiten zen.

Larrua tenkatu eta zabaltzeko lanak, lehen eskuz egiten zirenak, abiadura handian biratzen zuten horzdun arrabolekin egiten ziren.

Zurrategiek isurketak egiten zituzten ur-korronteetan, batez ere ile, materia organiko, kare eta bestelako substantzienak. Isurketa horiek izan ziren, hain zuzen ere, historian jaso ziren lehen kutsadura kasuak, eta baita horien ondorioz sortutako kexak ere. Horren ondorioz, 1395ean, Parisko udala zurrategiak, ordura arte Sena ibaiaren bazterrean kokatuta zeudenak, hiriko kanpoaldera eramaten saiatu ziren, “ibai-ertzean bizi zirenei eta orokorrean Paristarrek behar zuten ura kutsatzen baitzuten".

Seguru asko, arrazoi beragatik, Euskal Herrian, zurrategiak askotan herri kanpoaldean kokatzen ziren, aldirietan, ur-korronte edo lasterren ondoan. 1934an, jasota geratu zen Deban zurratzaileek "herriko harresietatik kanpo" lan egiten zutela, Amillaga errekastoaren ondoan.

Zurrategietan, lan gehienak eskuz egiten jarraitu ziren. Lana oso desatsegina zen, zurratzen ari zen larruak oso usain txarra botatzen baitzuen. Horrez gain, larruari kendutako ilea, koipea eta haragia usteldu egiten ziren, lana oraindik ere desatseginagoa eta gogorragoa bihurtuz. Egoera hau garapen bidean dauden herrialdetan mantentzen da oraindik. Marokoko zurrategi bat bisitatzera joanez gero, bisitariei menda adar bat ematen zaie, bertako usain txarrak arintzeko.

1950eko hamarkadatik aurrera, zurrategien gainbehera nahiko azkarra izan zen, gutxienez bi arrazoi zirela eta: alde batetik, Espainian, landa-mundua mekanizatu egin zen eta zalditeriak desagertu egin ziren. Horrez gain, oinetakoak egiteko plastikoa erabiltzen hasi ziren larruaren ordez. Bestalde, garai hartan, gazteek askoz ere soldata eta aukera hobeak zituzten industria metalurgikoan.

Baina halere ezin ditugu ahaztu garai hartan, zurrategiak industrializatzeko egin ziren inbertsio handiak. Bestalde, Euskal Herriko zurrategietan prozesu osoa industrialki egiten hasi ziren, katalanak (batez ere Badalonan) zurraketaren fase bakoitzean espezializatu zirenean.