Golde hortzak

Golde hortzak El Pobaleko produkturik garrantzitsuenak izan ziren, batez ere berrogeiko hamarkadan.

Pieza horiei lehenbiziko forma baino ez zieten ematen forjan: kirten bat laukizuzeneko sekzioarekin mutur batean, eta bestean pala luzanga bat bihotz formakoa, guztira 75 cm-ko luzera eta 12 kg inguruko pisua. Horrela saltzen zizkieten Espainia osoko laborari eskualdeetako errementariei, bakoitzak tokian tokiko goldera, landu beharreko lurrera eta laborantzara egoki zitzan.

Golde hortzak fabrikatzeko oinarria ere 70 mm-ko sekzio karratuko totxoa izaten zen, 310 mm luzerakoa, Bizkaiko labe garaietako 3-4 kalitateko Siemens altzairua, aurrean deskribatu ditugun pikatxoi eta aitzurrak egiteko El Pobalen erabiltzen zuten bezalakoa. Lehenbizi totxoa berotu egiten zuten forjatzeko fuel-oliozko labean, eta ondoren olagizon batek pieza gorituari kurrika batzuekin heldu eta gabi hidraulikora eramaten zuen.

Hor, behin eta berriro kolpatuz eta etengabe pieza biratuz, totxoa luzatuz joaten zen, harik eta sekzio karratuko kirtena edo buruxka, albo bakoitza 40 mm-koa, lortu arte. Ondoren, pieza berriro labera eramaten zen, eta beste pieza berotu eta goritu bat hartuz, gauza bera egiten zuten, eta hala jarraitzen zuten sutegian berotutako totxo guztiekin.

Totxo guztiak horrela landu ondoren, berriro labetik banan bana atera eta berriro eramaten ziren kurrikarekin helduz gabi hidraulikora, beste ertza luzatu eta piramide forma emateko. Piezak hozten zirenean berriro sutegian sartzen zituzten berotzeko, eta azkenik, berriro gabi hidraulikora eramanez, jada aurreko fasean luzatutako muturra zapaldu egiten zen kolpeka eta kolpeka bihotz formako pala bat, 1,5 cm-ko lodierakoa, egin arte. Horixe zen hain zuzen ere golde hortza.

Forja libreko lanketa horiek guztiak inolako txantiloi eta trokelik gabe egiten ziren, kolpetik kolpera pieza eskuz modu egokian jarriz eta materialik galdu gabe. Forjaria gabiaren albo batera jartzen zen pieza luzatu nahi zenean, eta aurrez aurre pieza ijeztu nahi zenean. Forjariak gabiarekin lan horiek egiten zituen bitartean, laguntzaileak kolpeen kadentzia erregulatzen zuen. Horretarako, uragaz baliatzen zen txinboari eragiteko eta tikinoietarako urari indar gehiago edo gutxiago emateko; laguntzaileak, aldi berean, labearen egoera zaintzen zuen eta totxo berriak sartu, horiek gori-gori egon zitezen.

Modu horretara, bi langilek, forjariak eta laguntzaileak, 25etik 30 golde hortz egiten zituzten erraztasun handiz 10 orduko lanaldian. Pieza hau egiteak, beraz, ez zien langileei neke berezirik ematen.

Golde hortzakGolde hortzak egiteko faseak. Julen Zabaletaren marrazkia.