Gurpilak egitea, lan zaila

Orgagileek, eraiki behar zuten gurdi modeloak jasan beharreko pisuaren arabera, egur mota bat ala beste bat aukeratzen zuten. Elgoibarren pago egurra erabiltzen zuten ardatza egiteko, eta gurpiletarako, berriz, haritz egur lehorra. Batzuetan akazia eta lizarra bere bi aldaeretan (arra eta emea) ere erabiltzen zituzten. Azken horien artean, egokiena lizar emearen egurra izaten zen. Materiala inguruko baserrietan erosten zuten, prezioa, kopurua eta zuhaitza mozteko eguna zehaztuz.

Balterran, zaldiak uztartzeko erabiltzen ziren hagak edo listoiak, gurdiaren egitura ere bazirenak, zumar egurrez egiten ziren, eta material hori inguruko herrietako enkanteetan erosten zuten. Gainontzeko piezak, besteak beste mokorrak edo egituraren alboetako euskarriak makal egurra korapilatuz egiten zituzten.

Bi kasuetan, orgagileek beraiek mozten zituzten zuhaitzak, gero lantegira eramaten zituzten, han zerratu eta bi edo hiru urtez lehortzen uzten zituzten. 1960 aldera, Florentino Idigorasek 500 pezeta inguru ordaintzen zituen oraindik moztu gabeko zuhaitz baten truke.

Egurrezko pieza ezberdinak egiteko, askotan eskalako ereduak eta benetako tamainako txantiloiak erabiltzen zituzten. Egin beharreko piezak egur oholaren gainean markatzen ziren, eta prozesua mekanizatu baino lehen; lehenbizi, aizkora barekin arbastatuz, eskuz forma ematen zitzaien; gero zeio batekin; eta azkenik eskuzko arrabolarekin fintzen zituzten.

gurpilak nola eginDiderot eta D’Alamberten Entziklopediaren arabera, gurpilak nola egin eta muntatzen ziren XVIII. mende bukaeran.Ezkerrean, langile batek piezetan zuloak egiten ditu trintxa handi bat erabiliz. Erdian, bi langilek erradioak kuboan sartzen dituzte, eta eskuinekoak gurpilaren perimetroa markatzen du konpas batekin. Harrigarria da, duela 40 urte arte, Balterran erabiltzen zuten lan-prozesu eta teknikaren antza handia baitu.

Burdinazko hagunaBurdinazko haguna prestatzen, jarraian egurrezko egituraren inguruan jartzeko.

Florentino Idigorasek, lehenbizi gurdiaren egitura muntatzen zuen 9 eta 11 langet artean erabiliz. Jarraian, erdiko haga edo pertuza egiten zuen, zuloak markatzen zituen, lehenbizi eskuzko laztabin batekin eta ondoren trintxarekin; gero egitura desmuntatzen zuen, eta azkenik, berriz ere dena muntatzen zuen.

Litago anaien lantegian, pieza asko berdinak izaten ziren gurdi guztietarako, eta horregatik piezak taldeka egiten ziren, gero ondo gorde eta etorkizunean erabili ahal izateko. Baina gurdi bakoitzerako pieza ezberdinak banaka egiten ziren.

Orgagintzan lan zailena, eta seguru asko trebetasun eta ezagutza gehiena eskatzen zuena,  metalezko haguneko gurpilak egitea zen, hain zuzen ere 80 zentimetroko diametrokoak.

Haritz egurrezko hiru ohol hartzen ziren, 80 cm x 30 cm-ko tamaina eta 10 zentimetroko lodiera zutenak. Ondo lehortuta egon behar zuten, lantzerakoan ez pitzatzeko. Oholaren bi ertzak ziri edo gidekin lotzen ziren, eta jarraian bi zeharkako pletinekin sendotzen ziren. Erdiko oholari zulo karratu bat egiten zitzaion, eta han pago egurrezko ardatz zilindrikoa sartzen zen gero.

Bestalde, errementari batek burdinazko hagunak egiten zituen. Horretarako 3 cm lodierako eta 10 cm zabalerako burdina puska bat hartzen zuen, eta ertzak berotu eta soldatu egiten zituen. Hori egin ahal izateko, burdina piezak sutegian berotzen ziren eta ondoren mailuz kolpatzen ziren ingudean, bi ertzak erabat elkartzea lortu arte.

Burdinazko haguna egurrezko egituran jartzeko pausoa zen eragiketarik bereziena. Lehenbizi burdinazko haguna egurrezko egituraren gainean jartzen zen. Hagunaren barneko zirkunferentzia egurrezko egituraren gainean markatzen zen, eta jarraian moztu egiten zen, markatutakoa baino 2 cm gehiago utziz. Jarrian, hagunak lantegiko patioko lurrean jartzen ziren, eta egur ezpalekin sua ematen zitzaien. Uztaiek 300 edo 400ºC-ko tenperatura hartzen zuten eta horrela zabaldu egiten ziren, perimetroaren tamaina handituz. Ahalik eta azkarren, kurrikekin, hagunak hartu eta egurrezko gurpilen inguruan jartzen ziren. Jarraian, kolpeen bidez estutu eta ura botatzen zitzaion, haguna hoztu zedin eta horrela egurra erre ez zezan. Horrela, haguna hozten zenean, berriz ere uzkurtu egiten zen, eta gurpilera erabat estututa geratzen zen. Horri esker, oso gurpil sendoak lotzen ziren.

Egurra erretzean eta burdin beroaren gainean ura botatzean sortzen zen txistua zela eta, eta pauso hori ahalik eta azkarren egin behar zenez, lan-prozesu osoaren momentu nagusi eta erabakigarria izaten zen. Pauso horretan emaitza ona izateak orgagilearen eskarmentuan zatzan. Denbora joan hala, eguraldiaren eta lanaren eraginez, gurpiletako piezak askatu egiten ziren, eta beharrezkoa izaten zen bi urtean behin hagun berriak jartzea, aipatu berri dugun prozesua jarraituz.

Erradiodun gurpilek, 1,40 eta 1,60 m bitarteko diametroa zutenak, diseinu konplexuagoa izaten zuten eta zailagoak ziren egiten. Gurpilak era honetan zeuden osatuta: erdian kubo edo nukleoa izaten zuten, gero erradioak edo gurpilaren perimetroa osatzen zuten piezak, eta horiek, aldi berean, burdinazko hagun batekin gainestalita zeuden.

Gurpilaren kuboa lizar egur puska batekin egiten zen: erdian zulo bat egiten zitzaion, eta zulo horretan burdinazko hobi bat sartzen zen, barnean gurdiaren ardatza sartzeko. Jarraian, zatitzaile batekin erradioak sartzeko zuloak markatzen ziren kuboan, gehienetan 14. Ondoren, zulagailu batekin zulo horiek egiten ziren, eta trintxa eta ereduak erabiliz laukizuzen forma ematen zitzaien.

Erradioak kataluniar arte egur gogorrez egiten ziren. Halaber, uztaiak Lizarra aldeko arte egurrezkoak ziren. Jarraian gurpila muntatzen zen, pieza guztiak eskuz ahokatuz. Horretarako, pieza arrak eta emeak erabiltzen ziren, erabat sartu eta ahokatzeko. Horretarako, lehenbizi perimetroa konpas batekin markatzen zen, eta zerra batekin soberako materiala kentzen zen.

Metalezko hagunak jartzeko, lehen aipatu dugun prozesu bera jarraitzen zen.