Harri erregogorrak

Burdinurtua eskuratzeko, usadioz kubiloteak eta labe zilindriko bertikalak erabili izan dira. Goiko ahotik burdina puskak eta kokea (erregai gisa erabiltzen zen) txandakatuta sartzen ziren. Horrela, burdinurtua kubilotearen fondoan geratzen zen.

Durangoko Santa apolonia harrobiaDurangoko Santa apolonia harrobia. lehen planoan arroketatik askatutako harriak ikus daitezke (argazkia amaia Ros 98.03)

Kubilotearen barnealdea 15 eta 30 mm arteko harri erregogor puskez estaltzen zen, horrela metalezko armazoia materialen fusioak sorrarazten zituen tenperatura altuetatik babesteko. Deba eta Durango aldean harri erregogor eskari handia izaten zen. Izan ere, eskualde horietan galdategi ugari zegoen, eta beroaren eraginez asko hondatzen ziren kubilote nahiz labeak. Durangoko Santa Apolonia harrobiak harri erregogor eskariaren gehiengoa hornitzen zuen. Aipatu beharra dago, harri erregogorrei Durangoko harria ere esaten zitzaiela.

Harri puskak dinamitaz erauzten ziren. Lehenbizi altzairuzko barra edo laztabin batekin, eskuz edo borraz bultzatuta zuloak egiten ziren arrokan. Jarraian, dinamita kartutxoak sartzen ziren zulo haietan. Leherketaren ondorioz harri puska asko askatzen ziren, baina horietako batzuk bakarrik erabili zitezkeen harri erregogorreko blokeak egiteko. Dinamita lehertzen ez zenean, berriz hasi behar izaten zen, eta hori nahiko arriskutsua izaten zen.

Lanpostuen ikuspegiaLanpostuen ikuspegia. atzean durango ikusten da. (argazkia amaia Ros 98.03).

Harginek eskuz aukeratzen zituzten harri erabilgarriak, batez ere harri bigunak eta tamaina egokikoak. Jarraian puskatu egiten zituzten, aurpegi paralelodun bloke forma emanez. Erabili ezin ziren harriak alde batera uzten zituzten, eta gero hondakindegi batera eramaten ziren, eskorgetan.

Harriari bloke forma behar bezala emateko, lehenbizi harriaren zainaren norabidea asmatu behar zuten eta gero zirrikitua behar bezala egin behar zuten. Jakintza hori eskarmentuari esker bakarrik lortzen zen, hau da, harria ordu luzez behatu eta landu ondoren.

Aukeratutako harriak zizelkatzeko punta oso zorrotzeko pikotx bat hartzen zuten. Hori ondo helduta 5 edo 6 zentimetroko sakonera eta 1 edo 2 cm zabalerako zirrikitu bat egiten zuten, betiere harriaren luzeran. Jarraian, altzairuzko ziri batzuk sartzen zituzten, elkarren artean 20 zentimetroko tartea utzita. Ondoren, 5,5 kiloko mazo edo borra batekin kolpatzen zituzten ziri haiek. Zirrikitua ondo eginda bazegoen, eta ziriak behar bezala jarrita bazeuden, hiru edo lau kolpe eman ondoren, harria pitzatu eta bi puskatan banatzen zen.

HarginakHarginak arrokatik askatutako harria aztertzen du, gero zatitu ahal izateko. (argazkia Amaia Ros, 98.03).

Jarraian, horrela eskuratutako blokeak lau zutabek eusten zituzten bost teilapetara eramaten zituzten. Teilape bakoitzean hargin batek egiten zuen lan, harri puskak eskuairatzen, eta ondoren harri blokeei behin betiko forma eta tamaina ematen. Lan-mahai gisa lurrez betetako egurrezko upel bat erabiltzen zuten. Harria horren gainean jarri eta eskuzko pikotxarekin gainazalak berdintzen zituzten, irregulartasunak eta material soberakina ezabatuz. Horrela, harriei nahi zieten forma ematen zieten. Inolako eredu edo txantiloirik gabe egiten zuten lan, eta urteetako eskarmentuari esker 15 x 15 zentimetroko ebakidura eta barruko nahiz kanpoko aurpegi okerrek 20 cm izaten zituzten. Forma horri esker, harri haiek oso ondo ahokatzen ziren kubilote zilindrikoen barne-hormetan.

Harria pikotxareki zizelkatzenHargina, Harria pikotxareki zizelkatzen. (argazkia Amaia Ros, 98.03).

1975 aldera, harria erauzteko eta lantzeko prozesua nabarmen aldatu zen. Harria erauzteko, dinamitaren ordez  mailu pneumatikodun atzera-pala erabiltzen hasi ziren. Sistema berri horri esker harri homogeneoagoak lortzen ziren, ondorioz materiala hobeto aprobetxatzen zen eta hondakin gutxiago sortzen zen. Aldi berean, pikotxen ordez disko-makinak erabiltzen hasi ziren zirrikituak egiteko, baita harriak zatitu eta horiei behin betiko forma emateko ere. Gaur egun oraindik sistema hori erabiltzen da. Hala ere, harria bitan zatitzeko prozesua eskuz egiten da oraindik ere: harrobian bertan egiten da, zirrikitua borra eta ziriekin irekiz. Teilapeak ere erabiltzen dira oraindik, horrela harginak lan egiterakoan sortzen duen hautsak beste harginei ahalik eta gutxien eragozteko.

Horri guztiari esker, hargin bakoitza, eguneko 35 bloke egitetik eguneko 80 egitera iritsi zen.