Hiru zilargin

Satostegi zilar lantegian aritu zen zizelkatzaileetako bat Javier Calavia Garcia izan zen. 14 urte zituela hasi zen zizelkatzaile eta bozelatzaile lanbidea ikasten Bilboko La Industrial Orfebreran, bere adineko beste gazte batzuekin batera. Enpresa hartan, 1950-60 inguruan 35 artisau inguru ar iziren jardunean.

Zortzi orduko lanaldiaren ondoren, arte eta lanbide eskolan bi ordu ematen zituen, marrazketa eta buztin eta plastilinarekin modelaketa ikasten. Lau edo bost urteko ikastaldia bete ondoren (lanbidea ezagutu eta menderatzeko behar zen denbora), bigarren mailako ofizial bihurtu zuten. Geroago, 1960 inguruan, Donostiako Satostegi zilar-lantegian hasi zen lanean, eta han egon zen jardunean, orain dela gutxi erretiroa hartu zuen arte.

Artisau horrek oroipen-plakak egiten zituen. Lan horretan marrazki originalak ere egin behar ziren, lehenbizi arkatzez, eta gero plaka gainean. Azkenik, eskuz marrazki hori zizelkatzen zuen. Marrazki horietan testuak nahiz irudiak ager zitezkeen. Batzuetan zizelkatu bakarrik egiten ziren, baina beste batzuetan, bozeldu ere egiten ziren, irudiei erliebea eman eta ondoren nahi zen testua grabatzeko. Askotan, benetako sinaduretan oinarrituta, sinadurak ere zizelkatzen zituen. Armarriak ere askotan eskatzen ziren. Halaber, lantegian egindako pieza asko ere zizelkatu eta bozeltzen zituen.

SatostegiArtisau bera, beste pieza bat zizelkatzen. Argazkian argi ikus daiteke nola hartzen zituen bai mailua baita zizela ere. Horrez gain, lantzen ari den pieza bikez betetako ontzi batean dago finkatuta, artisauak ohe gisa erabili eta pieza nahi duen bezala kokatu ahal izateko. Gipuzkoako Foru Aldundiak utzitako argazkia. Ondarea.

Horien artean aipagarriak dira Donostiako Nazioarteko Zinemaldian sari gisa ematen diren urrezko maskorrak. Javier Calabiak erabat eskuz egiten zituen maskor horiek. Urre xafla bat hartu, eta poliki-poliki forma konkaboa ematen joaten zen. Era berean, maskorraren zainak, sirenak eta bestelako irudiak zizelkatzen zituen. Horren ondoren, leuntzea bakarrik falta zen, eta horretarako 20 ordu baino gehiago behar izaten zituen maskor bakoitzeko.

Maskor horiek egiteko erabiltzen zen materiala 20 kilateko urrea zen. Izan ere, 18 kilateko urrea, beste lan askotan erabiltzen zena, eta purutasun gutxiagokoa, deformazioaren eraginez pitzatu egiten zen askotan.

Beste bi zilargin Jose Luis Aparicio, forjatzaile aditua, eta Jorge Martinez Corral dira. Azken hau 1971n hasi zen lanean Satostegi lantegian, ikastun gisa eta 14 urte zituela. Bost urteko ikastaldiaren ondoren, leuntzaile ofizial bihurtu zen. Gaur egun, bi zilarginak Sucesores de Satostegi lantegian jarraitzen dute jardunean, batez ere piezak zaharberritzen. Esaterako, piezei uspelak kentzeko, era guztietako mailuekin lantzen dira, eta ondoren ondo leuntzen dira. Horrez gain, bainu elektrolitikoen bitartez, zilarraren gainazaleko distira errekuperatzen dute, horrela piezei iraganeko forma eta distira emanez.