Ibaira egokituak

Ala edo gallupa horien bidezko garraioak alari edo galluparien lanbidea sorrarazi zuen, hauek ontzi horiek ibaian gora eta behera gidatzen zituzten pertsonak baitziren.

Gaur egun Iruroin bezala ezagutzen den ingurutik Altzolako ibai-porturainoko garraioa, lehen aipatu dugun bezalaxe, ala edo gallupa bidez egiten zen. Ontzi horiek hondo zapala zuten eta ez zuten arraunik izaten. XVII. mendean, Larramendik jasota utzi zuen “Deba ibaian, ibai-ahotik Altzolaraino, handik aurrera bidean dauden presen ondorioz nabigatu ezin denez, ala luze eta estuetan nabigatzen da, ibaiaren lasterra oso bizkorra baita bazter askotan".  Debako Udal Artxiboko Libro de caminos (Bideen liburua) liburuaren arabera, garai hartan udalerrian erabiltzen ziren ontziek 15 kintaleko karga-edukiera izaten zuten, 1.000 kg ingurukoa (7 edo 8 zamariek garraiatzen zuten); metro bateko zabalera edo erruna eta 8 metro inguruko luzera izaten zuten. Ontzien sakonera, behin zamatu ondoren, 20 cm ingurukoa izaten zen.

Urteen eta alarien edo galluparien eskarmentuaren ondorioz, ontzi mota bakoitza ibai bakoitzaren berezitasunetara moldatu zen (txanela, gabarra eta abar). Ontzi horiek arrantzarako, pertsonak eta salgaiak ibai ertz batetik bestera garraiatzeko erabili izan ziren, baita Urumea ibaiko bokaletik hondarra ateratzeko ere.

Hondar biltzaileakHondar biltzaileak, gabarra gainean eta egurrezko pertikekin, Urumean nabigatzen 1961ean. Seguru asko, gabarra ala edo gallupetatik eratorria da. (Kutxako fototeka).